- Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatearen Urteko Txostena (2024) aurkeztu du, eta txostenean berresten dira eskualde gehienen hobekuntza jarraitua, legezko mugen betetzea eta Europako estandar berriei aurrea hartzeko konpromisoa
- Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Josu Bilbao: "sinesgarritasun europarra dugu. Europa da gure neurketa-sare homologatua bermatzen duena, eta Eusko Jaurlaritzatik ziur gaude arnasten dugun aireak hobetzen jarraituko duela. Gure industriaren eskutik egingo dugu, gainera. Industriala den Herria gara. Industria gehiago eta hobe izateak, ez du airearen kalitate txarragoa esan nahi, azken urteetan erakutsi dugun bezala"
Eusko Jaurlaritzak urtero aztertzen du lurralde osoko airearen kalitatea, eta emaitzak garden argitaratzen ditu. 2025eko abenduan argitaratutako txostenak 2024ko datu ofizialak bildu ditu eta albiste onak dakartza: Euskadiko airearen kalitateak hobera egiten jarraitzen du, eta legezko mugak betetzen ditu kutsatzaile nagusi guztietan.
Airearen kalitate ona zaintze aldera, Euskadik sistema sendo eta gardena du, kutsatzaile nagusiak denbora errealean monitorizatzen dituzten 55 estazio automatikoko sareaz osatua. Datuak modu irekian argitaratzen dira eta estatuko eta Europako agintaritzei helarazten zaizkie, gardentasuna eta zorroztasun teknikoa eta estatistikoa bermatuta. Urteko egunen % 90ean baino gehiagotan, airearen kalitatea ‘ona’ da, urtaro gehienetan.
Euskadiko airearen kalitatea kontrolatzeko sarearen helburua da airearen kalitatea neurtzea, erregistratzea, eta informazioa prozesatzea, ondoren ebaluatu eta kudeatu ahal izan dadin. Monitorizazio horren informazioa, emisioen inbentarioen datuak eta eredu prediktiboak dira lurralde bateko airearen kalitatea kudeatzeko oinarria. Prozesu horretan, lehen helburua da airearen kalitateari eta osasunari buruzko azterketak egiteko datu fidagarriak lortzea.
Hala, airearen kalitateari buruzko 2024. urteko txosteneko datu ofizialek islatzen dutenez, Euskadik indarrean dagoen araudian (102/2011 Errege Dekretua eta Europako Zuzentaraua) araututako kutsatzaile guztientzako legezko muga-balioak betetzen ditu. “Euskadin kutsadura atmosferikoa murrizteko politikak emaitza sendoak ematen ari dira. Airearen kalitatea etengabe hobetzen ari da azken hamarkadetan, eta nabarmen murrizten ari gara kutsadura atmosferikoak osasunean duen inpaktua”, adierazi du Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak.
Estazioren batean edo gertakari jakin batzuetan muga-balioak modu puntualean gainditzea salbuespenezko egoerak dira, indarrean dagoen araudiaren arabera kudeatzen direnak. 2024an, Euskadiko airearen kalitatea kontrolatzeko sareko estazio guztiek osasuna babesteko ezarritako legezko mugak bete zituzten. Muga gainditu diren aldi gutxi horiek —partikuletan bereziki (PM"")— Saharatik etorritako hautsek (Afrikako hautsa) eragin zituzten, eta legeriak iturri natural eta kontaezintzat jotzen du hori. Ez da detektatu trafikoak edo industriak eragindako kutsadura metatzearen ondoriozko ez-betetzerik. Zaintza-sistemak salbuespenezko edozein gertakari berehala detektatu, kudeatu eta komunikatzea bermatzen du, gardentasuna eta osasun publikoaren babesa indartuta.
“Aire garbia arnastea osasun publikoko eskubidea eta lehentasuna da. Euskadik bide luzea egin du 70eko hamarkadan Bilbo Handia ‘kutsatutako eremu atmosferiko’ deklaratu zutenetik. Gaur egun, hamarkada askotako ahalegin kolektiboari esker, Euskadiko airearen kalitatea etengabe hobetzen ari da”, aditzera eman du Josu Bilbao sailburuordeak.
Ingurumen-politiketan aurrera egitearekin eta garraioaren modernizazio industrialarekin, hobekuntza nabarmenak izaten ari dira Euskadiko hainbat eskualdetako airearen kalitatean:
- Nerbioi Beherea (Bilbo eta inguruak): gaur egun, Bilboko nitrogeno dioxidoaren (NO") urteko batez bestekoa 24 µg/m³-koa da, 40 µg/m³-ko legezko mugatik oso behera.
- Donostialdea (Donostia eta eskualdea): Donostian partikula finen urteko batez bestekoa 7,2 µg/m³-koa da, araudiak ezarritako 25 µg/m³-ko mugatik oso urrun.
Europa eta 2030eko erronka: aurrea hartzea eta ekintza
Europako Ingurumen Agentziaren (EIA) azken txostenak baieztatzen duenez, airearen kalitatea Europa osoan hobetzen ari den arren, oraindik ere atmosferaren kutsadura da osasunerako ingurumen-arrisku nagusia. Euskadi indarreko lege-mugak betetzen dituzten eskualdeen artean dago, eta aurrera egiten ari da 2030ean indarrean sartuko diren Europako estandar berriei aurrea hartzeko bidean.
2030ean indarrean jarriko den Europako zuzentarau berriak erdira edo gehiagora murriztuko ditu hainbat kutsatzaileren muga-balioak (NO", PM"", PM","). Hori erronka handia da Europako eskualde guztientzat, eta mugikortasun jasangarriko, garraioaren elektrifikazioko, berokuntzaren modernizazioko eta nekazaritza-jardunbide egokietako politikak areagotzea eskatzen du.
Euskadi 2030erako Airearen Kalitate Planarekin ari da lanean, eta plan horrek asmo handiko helburuak ezartzen ditu: 2005. urtearekin alderatuta nitrogeno oxidoa (NOx) eta sufre dioxidoa (SO") % 70 murriztea, eta PM"," partikulak % 50 murriztea. Planak neurri zehatzak hartzen ditu, eta horien artean daude Emisio Txikiko Eremuak ezartzea, flota publikoak elektrifikatzea, galdarak efizientzia handiko soluzioekin ordezkatzea, edo Teknika Erabilgarririk Onenetan oinarritutako emisio-mugak aplikatzea.
Airearen kalitateari buruzko Europako estandar berriei aurrea hartuko bazaie, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte osoaren baterako ekintza irmoa behar da. Trantsizio horren arrakasta sektore guztien (administrazioak, enpresak, nekazaritza-sektorea eta herritarrak) erantzunkidetasunaren mende dago. Lankidetza aktiboa eta ingurumen-hezkuntza funtsezkoak izango dira hobekuntza iraunkorra lortzeko eta etorkizuneko belaunaldientzako aire garbiagoa bermatzeko.
"Sinesgarritasun europarra dugu. Europa da gure neurketa-sare homologatua bermatzen duena, eta Eusko Jaurlaritzatik ziur gaude arnasten dugun aireak hobetzen jarraituko duela. Gure industriaren eskutik egingo dugu, gainera. Industriala den Herria gara. Industria gehiago eta hobe izateak, ez du airearen kalitate txarragoa esan nahi, azken urteetan erakutsi dugun bezala", adierazi du Josu Bilbao sailburuordeak. Bide hori guztiz bat dator Eusko Jaurlaritzaren “industria gehiago, industria hobea eta emisio txikiagoa” helburuekin, eta agerian uzten du industrian aurreratuagoa den Euskadi garbiagoa eta osasungarriagoa izan daitekeela, aldi berean. Datozen urteetako erronka da aurrerapen ekonomikoa eta ingurumenarekiko errespetua elkarrekin joan daitezkeela eta elkarri indarra eman diezaioketela erakusten jarraitzea.
Eusko Jaurlaritzak zaintza, informazioa eta herritarren parte-hartzea indartzen jarraituko du, 2030eko erronkei aurrea har dakien eta gero eta aire garbiagoa berma dadin. Guztion lankidetza —erakundeena, enpresena, nekazaritza-sektorearena eta herritarrena— funtsezkoa da emaitza horiek mantendu eta hobetu daitezen.
Airearen kalitatearen urteko txostenak - Ingurumena - Euskadi.eus
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)