Eusko Jaurlaritzak Uraren Kanonaren Erregelamendua aldatzeko Dekretua onartu du (48/2025 DEKRETUA, otsailaren 25ekoa, Euskadiko Uraren Kanonaren Erregelamendua aldatzen duena), 229/2021 DEKRETUAN indarrean dagoen araudia eguneratzeko.
Uraren kanona Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko zerga da, eta ur kontinentalen bilketa eta sarrera zergapetzen ditu, lurraldean erabiltzeko edo kontsumitzeko, ondasun natural hori babesteko eta erabilera arduratsua sustatzeko. Zerga honen ondoriozko bilketa azpiegiturak finantzatzeko eta uraren kudeaketa hobetzeko neurriak hartzeko erabiltzen da.
Erreglamendu berriak xede du Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legean sartutako aldaketetara egokitzea. Aldaketa horiek egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen azken xedapenetatik bigarrenaren bidez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legearen azken xedapenetatik bigarrenaren bidez.
Erregelamenduaren egokitzapenaren berritasun nagusiak.
Sartutako aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreari zuzenduta daude batez ere, sektoreak planteatutako oharrak eta Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoak kontuan hartuta. Kanonaren kudeaketan burokrazia murriztea da helburu nagusia nekazaritza eta abeltzaintzako sektorearentzat:
% 90eko hobaria eskuratzeko aukera ematen da nekazaritza eta abeltzaintzako erabileretarako:
Nekazaritzako eta abeltzaintzako sektoreak hobaria jaso ahal izango du subjektu pasiboa Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza-ustiategi baten titularra denean edo ustiapen-txartela duenean, bai eta ur-sorburuaren edo aprobetxamenduaren ustiapenaren administrazio-baimena edo -emakida duenean ere, eta baimen edo emakida horretan uraren erabilera-xedea abeltzaintza edota ureztatzea agertzen denean.
Nekazaritza eta abeltzaintzako erabileretarako % 90eko hobaria eskatzeko izapidea ezabatu da:
Lehen aipatutako baldintzak betetzen dituzten nekazaritza eta abeltzaintzako erabiltzaileek zuzenean aplikatu ahal izango dute % 90eko hobaria uraren kanonaren urteko autolikidazioan, aldez aurretik eskatu beharrik izan gabe, eta Uraren Euskal Agentziak berrikusiko du hobariaren aplikazio egokia.
Eskaera egiteko beharra ezabatzen denez, eskaera berritzeko eskaera ere ezabatzen da.
Uraren kanonaren zerga-oinarriaren nekazaritza eta abeltzaintzako erabileretarako hobaria % 90etik % 100era handitu da 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietarako.
Hobaria % 100era zabaltzeaz gain, subjektu pasibo zergadun horiek ez dute uraren kanonik aitortu eta likidatu behar 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietan.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileretarako sareko ura jasotzen duten nekazaritzako eta abeltzaintzako erabiltzaileen sarbidea eta konpentsazio-prozedura arautzen dira:
Sareko ura erabiltzen duten nekazaritza eta abeltzaintzako erabiltzaileek kanonak beren fakturetan duen eraginagatik eskatu eta konpentsatu ahal izango dituzte, aprobetxamenduen erabiltzaile zuzenen ehuneko berean. Horretarako, Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritza-ustiategi baten titularrak izan beharko dute, edo nekazaritza-ustiategiaren txartela izan beharko dute. Halaber, kontratu bat izan beharko dute, uraren erabilera-xede gisa abeltzaintza- edo ureztatze-erabilera jasotzen duena, edo erakunde hornitzailearen ziurtagiria, uraren erabilera nekazaritza eta abeltzaintzakoa dela egiaztatzen duena.
Prozedura hori interesdunarentzat ahalik eta modurik errazenean planteatu da, interesdunaren eskaera baten bidez (ekitaldi berean konpentsatu daitezkeen ur-faktura guztiak biltzen dituena).
Sareko urez hornitutako nekazaritza eta abeltzaintzako erabileretarako aurreikusitako konpentsazioa % 90etik % 100era luzatzen da, uraren kanonak fakturetan duen inpaktuagatik.
Aipatutako konpentsazioa % 90etik % 100era handituko da 2022, 2023 eta 2024ko ekitaldietarako.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)