Euskadiko Parte-hartzeko Berrikuntza Laborategiak, iLak-ak II. Foro Irekia egin du Donostian

Argitalpen-data: 


      iLab_Gunea.jpg
  • Maria Ubarretxena sailburuak gobernantza eta partaidetza eredu berrien aldeko apustua egin du komunitatea sendotu, herritarrak politika publikoetan inplikatu eta demokrazia deliberatiboago bateruntz urratsak egiteko
  • Gaurko topaketaren helburua izan da esperientziak partekatzea eta iLabaren baitan sortu diren partaidetza proiektuen transferentzia lantzea

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak hasiera eman dio gaur Donostian Eusko Jaurlaritzak sustatutako iLab Euskadiko partaidetzako berrikuntza-laborategiaren bigarren Foro Irekiari. Ekitaldian izan dira baita ere  Irune Berasaluze, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile eta Gobernantza diputatua eta Xabier Ochandiano, Erakunde Harremanetarako sailburuordea.

Ubarretxenak bere hitzaldian azpimarratu du une erabakigarri baten aurrean gaudela “XXI. mende honetan erronka izugarriak ditugu eta horiei ezin diegu bakarrik aurre egin herritarren, eragile sozial eta ekonomikoen eta gizartea osatzen dugun eragile guztien konpromiso aktiboa behar dugu; eta administraziook egokitzeko gaitasuna izan behar dugu eta erraminta berriak behar ditugu herritarren beharrei erantzun eta erantzunkidetasuna sustatzeko”.

Zentzu horretan, egungo testuinguruan, -krisi klimatikoa, erronka demografikoa, herritarren desafekzioa, digitalizazioa- Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak partaidetza eta gobernantza bide berrien aldeko apustua egin du komunitate izaera sendotu, herritarrak politika publikoetan inplikatu eta demokrazia deliberatiboago bateruntz urratsak egiteko.

Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak bere aldetik, nabarmendu du “iLab hausnartzeko, ikasteko eta elkarrekin lan egiteko gune bat” dela, “herritarren eta erakundeen arteko harremanak hurbilagoak eta sendoagoak izan daitezen”. “Gure helburua argia da: konfiantza, gardentasuna eta erantzukizun partekatuan oinarritutako gobernantza demokratikoa indartzea”. iLab sortu zenetik, berrikuntzarako laborategi bezala sendotu da, interakzioak, erabakiak eta komunitatearen eraikuntza birpentsatzeko espazio gisa. “Lankidetza eraginkorrak emaitza hobeak ez ezik, ingurune aldakor batera egokitzeko eta etorkizuneko erronkei modu eraginkorragoan aurre egiteko gaitasuna ere eskaintzen digula erakutsi dugu”, erantsi du.

Irekieraren ondotik, esperientzia desberdinak ezagutzeko mahai-ingurua egin da eta iLab egitasmoaren baitan sortu diren eta transferitu litezkeen lau proiektuak landu dira. 

Handitzen doan berrikuntzarako komunitatea

iLab, Euskadiko Parte-hartzeko Berrikuntza laborategiak inpaktu eraldatzailea eta balio publikoa sortzen duten irtenbide berritzaileak sustatzea du helburu eta hainbat erakunde eta eragilek osatzen dute komunitatea: hiru Foru Aldundiek, hiru hiriburuek, hezkuntza komunitateko kideek, enpresek, eragile eta norbanakoek. Gune irekia da eta interesa duen edozein pertsona-taldek parte har dezake. Talde motorra 16 kidez osatuta dago eta 38 kide baino gehiagok osatzen dute iLab sare osoa.

Orain arte, parte-hartzean berrikuntza sustatzeko gune batek nolakoa izan behar duen zehaztu  da eta eredua bera sortu da. Partaidetzaren arloko Berrikuntza Mapa ere osatu da eta plataforma bat garatu da sarean lan egin eta parte hartu ahal izateko. Lanketa horren ondotik, proiektu esperimentalak sortzeko prozesua abiatu da eta transferitu litezkeen lehen lau proiektuak garatu dira, gaurko Foro Irekiaren bigarren topaketa honetan hizpide eta lanketagai izan direnak.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)