Euskadiko osasun-zerbitzu publikoek telematikoki eskuragarri izango dituzte GSINen eta Itsasoko Gizarte Institutuaren administrazio-espedienteen txosten medikoak (Gobernu Bilera 2025-03-18)

Argitalpen-data: 


      Argazkia.jpg
  • Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hitzarmenaren bidez, laneko ezintasunagatiko eta kontingentzia arrunt eta profesionalengatiko prestazioen kudeaketa, kontrola eta jarraipena hobetu nahi dira
  • Beste urrats bat da Osasun Sailak berrikuntzaren alde egin duen apustuan, osasun-arreta optimizatzeko tresna gisa, osasun-datua kudeatzea funtsezko eta lehentasunezko eremuetako bat baita

Gobernu Kontseiluak Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN), Itsasoko Gizarte Institutuaren (IGI) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko hitzarmena baimendu du, osasun-zerbitzu publikoek GSINaren eta IGIren administrazio-espedienteen txosten medikoak telematikoki eskuragarri izateko. Sarrera, baimenduta dauden langileei mugatua, aplikaziora sartzeko puntu komun bakar baten bidez egingo da.

Hitzarmen horren helburua da lanerako ezintasunagatiko —aldi baterakoa zein iraunkorra— prestazioen kudeaketa, kontrola eta jarraipena hobetzea, baita kontingentzia arrunt eta profesionalen kasuetarako ere.

Beste urrats bat da Osasun Sailak berrikuntzaren alde egin duen apustuan, osasun-arreta optimizatzeko tresna gisa, osasun-datua kudeatzea funtsezko eremuetako bat baita, Osasuneko I+G+b 2025-2028 Euskal Plan berriak jasotzen duen bezala.

Ildo horretan kokatzen da etorkizuneko Osasun Datuen Euskal Bulegoaren sorrera. Tresna hori baliagarria izango da informazioa osasun-arloko plangintza eta ikerketa hobetzearen zerbitzura jartzeko, datuaren kudeaketak sortuko dituen soluzio berritzaileek Euskadiko osasun-sistema publikoaren eta herritarren hobekuntza ekar dezaten.

Hain zuzen ere, Osasun Sailak eta Osakidetzak hitzarmen bat sinatu dute aurten bertan Osasun Datuen Gune Nazionala (ENDS) – Data Lake sanitarioa izenekoa sortzeko. Ekimen hori COVID19aren osteko erronka sozioekonomiko nagusiei erantzutera bideratuta dago, eta EBk babesten du ekonomia eta enplegua berreskuratzeko tresna gisa.

Halaber, antzeko akordio baten bidez, Osasun Sailak eta Osakidetzak joan zen azaroan Europako funtsetatik 10,5 milioi euro inguru bideratu zituzten arreta pertsonal digitalizatura, Gaixotasun Arraroak eta Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (EAE) duten pazienteen arreta hobetzera, eta zorro genomikoa handitzera.   

Osasuneko sailburu Alberto Martinezek behin eta berriz azpimarratu duenez, "premiarik larrienei soluzioa emateko egiten ari garen ahalegina etorkizuneko osasun-sistema izan behar duenaren diseinuarekin eta proiekzioarekin uztartu behar da, non datuaren kudeaketa, mundu-mailan, beharrezko baliabide baliotsua bihurtuko den".

Arlo horretan, Osakidetzak 100 milioi euroko inbertsioa egin du dagoeneko, murgilduta dagoen osasun-laguntzaren eraldaketa digitalaren prozesuan aurrera egiteko, ikuspegi laukoitzarekin:

  • Osakidetzaren eta herritarren arteko harreman berri batekin herritarrentzako arreta hobetzea, Debagoiena ESIn proiektu pilotu gisa jarritako "Erantzunak" kanal berriaren bidez.
  • Pazienteak ahalduntzea, autokudeaketa sustatuz hitzorduen kudeaketa optimizatzeko eta itxaronaldiak murrizteko.
  • Asistentzia-hobekuntza, adibidez, adimen artifizialean oinarritutako bideo-kontsulten bidez mugikortasun urriko pazienteentzat; Basurtuko Ospitalean Alboko Esklerosi Amiotrofikoa duten gaixoekin egiaztatutako sistema bat. Edo gaitz osteomuskularrak dituzten pazienteen telerrehabilitazio- eta jarraipen-sistema.
  • Profesionalen lana desburokratizatzeko teknologiak, zeregin burokratikoenak arintzeko, profesionalen eskasia dagoen testuinguru batean. Dozena bat ekimen lantzen ari dira profesionalei balio handiagoko lanak errazteko eta larrialdi handieneko kasuak lehenetsi ahal izateko, erretinopatia, bularreko screenning edo dermatologia kasuetarako algoritmoetan oinarritutako asistentzia-kudeaketaren bidez.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)