Euskadiko hamar gaztetik bederatzi sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren alde daude (% 92,1)

Argitalpen-data: 

Irudia. Mugikortasuna 

Ekainak 28, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna

Urtero, ekainaren 28an LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Egun hori dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak aurkeztuko ditu sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren eta sexu-aldaketaren gainean gazteek dituzten iritziei buruzko azken datuak.

2024an, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 92,1 sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren alde agertu zen. Babesa zabalduago zegoen emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino (% 95,0 eta % 89,3, hurrenez hurren), eta adinean aurrera egin ahala handitzen zen gizonen artean (emakumeen artean uniformeagoa zen hiru adin-taldeetan).

                                                                                      Grafikoa. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzari buruzko jarrera Euskadiko gazteen artean 2024an, sexuaren eta adin-taldeen arabera (%)                               

Bestalde, gazte gehienak sexu-aldaketaren alde azaltzen ziren (% 81,6). Berriro ere, emakume gazteen babes-ehunekoak (% 86,1) handiagoak ziren gizon gazteenak baino (% 77,1). Kasu honetan, ez da alde nabarmenik ikusten adinaren arabera, nahiz eta, bai emakumeen artean, bai gizonen artean, babes-ehuneko handienak 20-24 urteko adin-taldean eman ziren.

                                                                                     Grafikoa. Sexu aldaketari buruzko jarrera Euskadiko gazteen artean 2024an, sexuaren eta adin-taldeen arabera (%)

Datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak GaztePaneleko kide diren 15 eta 29 urte bitarteko pertsonen artean 2024an egin zituen bi inkestatatik datoz. Lehena martxoaren 15a eta apirilaren 10a bitartean egin zen eta 2.053 gaztek parte hartu zuten. Bigarren inkesta urriaren 10etik 23ra egin zen, eta 2.047 gaztek parte hartu zuten.

Gaur egun, Euskadiko 15 eta 34 urte bitarteko 10.000 gaztek baino gehiagok osatzen dute GaztePanela, eta Gazteen Euskal Behatokiarekin kolaboratzen dute, Behatokiak aldizka egiten dituen inkesten bidez iritzia emanez. Euskadiko gazte guztiek parte har dezakete Gazteen Euskal Behatokiaren GaztePanelean. Horretarako esteka honetan eman behar da izena: Egin bat GaztePanelarekin

Gazteen iritzia lagungarria da gazteen errealitatea ezagutzeko eta haien egoera erraztuko duten politika publikoak ezartzeko.