Euskadiko 800 jantokik parte hartuko dute elikagaiak alferrik galtzearen aurkako sentsibilizazio-kanpainan

Argitalpen-data: 


      30_05_2025_Lakua_desperdicio_alimentario__4_.jpg
  • 800 erabiltzailek eta langilek parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Elika Fundazioarekin batera sustatutako Janaria ez da botatzen kanpainan
  •  Euskadiko sukaldaritza kolektiboko 9 enpresa ari dira Elika Fundazioarekin lankidetzan, sektore horretan elikagaiak alferrik galtzea prebenitzeko eta murrizteko
  • Amaia Barredo: “Elikagaiak alferrik galtzearen aurkako legeak eta Europak ezarritako helburuek eragile publiko eta pribatuak lankidetzan aritzera behartzen gaituzte elikadura-sistema jasangarri baten alde”

VG 2025 05 30

Euskadiko 800 jantoki kolektibok eta 170.000 erabiltzailek eta langilek parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Elika Fundazioarekin batera sustatutako Janaria ez da botatzen kanpainan, elikagaiak alferrik galtzearen aurka sentsibilizatzeko.

“Elikagaiak alferrik galtzeak eragin negatiboa du ingurumenean, ekonomian eta gizartean. Ingurumenaren ikuspegitik, elikagaiak alferrik galtzeak berotegi-efektuko gasen isurketak areagotzen eta baliabide naturalak agortzen laguntzen du. Ekonomiaren ikuspegitik, elikagaiak alferrik galtzea galera handia da enpresentzat eta kontsumitzaileentzat”, adierazi du Amaia Barredo sailburuak. “Gizartearen ikuspegitik, berriz, elikagaiak xahutzeak pertsona zaurgarrienek elikagaiak eskuragarri ez izatea eta horiek eskuratzeko zailtasunak izatea dakar”, erantsi du Arantza Madariagak, Elika Fundazioaren zuzendariak.

“Horregatik, Europako estrategia guztiek, Garapen Jasangarrirako hamabigarren helburuak jasotzen duen bezala, premiazkotzat jotzen dute gure baliabideak arduraz kudeatzea eta elikagai gutxiago alferrik galtzea, helburu zehatz eta handinahiko batzuk ezarriz 2030erako, hala nola % 50 murriztea txikizkako merkataritzaren eta kontsumitzaileen hondakinak eta % 20 ekoizpen- eta hornidura-kateenak”, azpimarratu du Amaia Barredok Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan emandako prentsaurrekoan.

Euskadiko nekazaritzako elikagaien sistemako elikagaien xahuketa aztertzen zuen eta 2022ko uztailean argitaratu zen azterlanetik ateratako ondorio nagusietako baten arabera, “xahuketa-bolumen handiena elikakateko azken fasean gertatzen da”, hau da, etxeetan (% 57), merkataritzan (% 26) eta ostalaritzaren eta jatetxeen sektorean (% 12).

 “Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen du konpromiso hori, eta hala jasotzen du iaz sinatutako akordioak, bertan adosten baita elikagaiak alferrik galtzea murrizteko ekimenak bultzatzea eta sustatzea Euskadin, era horretara, Basque Country 2030 Agendan jasotako helburuak lortzeko”, Amaia Barredo sailburuak gogoratu duenez.

Bestalde, elikagaien galera eta xahuketa murriztea helburu duen apirilaren 1eko legea onartu izanak elikadura-kateko eragile guztiak behartzen ditu elikagaiak alferrik galtzea prebenitzeko eta elikagai-jatorriko hondakinak murrizteko lehentasunen hierarkia bat aplikatzera.   

“Legeak administrazioentzat ezartzen dituen betebeharrak martxan daude Euskadin; izan ere, Eusko Jaurlaritzatik, eta Elika Fundazioarekin koordinatuta, 2018tik ari gara lantzen elikagaiak alferrik galtzearen aurkako euskal estrategia”, gogoratu du Arantza Madariagak.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren arduradun gisa, Amaia Barredok hitzeman du markatutako lerro estrategikoetan lanean jarraituko dela: prebentzioa euskal elikadura-kateko eragile guztiak sentsibilizatzearen bidez; Euskadin alferrik galtzen diren elikagaien kuantifikazioa, 2026an bigarren diagnostiko bat aurkeztuz; eta elikagaiak alferrik galtzearekin eta jasangarritasunarekin lotutako legeria berriak behar bezala ezartzeko behar diren araudiak egokitzea, eskumena duten administrazio eta sail guztiekin elkarlanean, besteak beste, Osasun, Hezkuntza eta Ingurumen sailekin.

Era berean, Osasun Sailarekin protokolo batzuk ezarriko dira soberakinak errebalorizatzean elikagaien segurtasuna bermatzeko; gure elikadura-sistema zirkularra eta jasangarria izaten lagunduko diguten berrikuntzako eta ikerketako proiektuak bultzatu eta finantzatuko dira; enpresei ekonomikoki lagunduko zaie prebentzio-planak ezartzeko Onekin bezalako laguntzen bidez; eta sarean lan egingo da eta erakunde publikoek eta pribatuek osatutako elikagaien xahuketaren aurkako euskal plataforma zabalduko da.

Kanpaina 

2020tik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Elika Fundazioak koordinatuta, elikagaiak alferrik galtzeari buruzko sentsibilizazio-kanpainak egiten ditu urtero, EAEko nekazaritzako elikagaien ekoizpen-sistemako eragileei eta, oro har, gizarteari zuzenduta. " 

2025´ean, Euskadiko Jantoki Kolektiboen sektorea da (eskoletako, erakundeetako, ospitaleetako, egoitzetako, enpresetako… jantokiak)  elikagaien galera eta xahuketa murriztean kontzientzia hartzeko beharra azpimarratzeko aukeratu den elikadura-kateko katebegia.

Kanpaina honek jantoki kolektiboak, batez ere instituzionalak, kudeatzen dituzten enpresetako langileen eta jantokien erabiltzaileen arreta bereganatu nahi du, eta benetako erronka da aurrean ditugun profil desberdinak kontuan hartuta (ikasleak, unibertsitarioak, langileak eta adineko pertsonak).

Kanpainak lurraldean jarduten duten sukaldaritza kolektiboaren sektoreko enpresa nagusien konpromisoa eta lankidetza ditu: AUSOLAN, GASCA – GASTRONOMÍA CANTÁBRICA, EUREST, SERUNION-AIBAK, GASTRONOMÍA BASKA, GRUPO MEDITERRÁNEA, TAMAR, ASKORA eta SODEXO, eta horien ordezkariak bertan izan dira. Era berean, adierazi behar da enpresa horiek zerbitzua ematen dieten korporazioak ere kanpainari atxiki zaizkiola eta inplikatu direla. 

Iraupena

Dibulgazio-kanpaina 2025´eko asteburu honetan hasiko da, eta urte honen amaierara arte luzatzea aurreikusten da. “Elikagaiak alferrik galtzearen aurkako sentsibilizazio-kanpainaren edizio berri honetan, “La Comida No Se Tira / Janaria ez da botatzen” goiburua mantendu da. Jantokietan hainbat euskarri bisual jarriko dira (posterrak, kuboak, table tent batzuk, ur-pitxerrak, etab.) leloarekin lotutako mezuekin. Xede diren eskola-adineko erabiltzaileentzat, helduentzat eta langileentzat egokitu eta moldatu dira. Enpresetako sukalde nagusietan ere egongo dira euskarri bisualak”.

Era berean, haurrentzat dekalogoak eta pegatinak banatuko dira, establezimendu horietako erabiltzaileei elikagai-jatorriko hondakinak murrizten parte hartzen laguntzeko jarraibideekin, eta horrek eragin biderkatzailea izango du, kanpainan parte hartuko duten 170.000 pertsonen familietara iritsiko baita”, adierazi du Amaia Barredok.

Horrez gainera, sare sozialen bidez ere zabalduko dira mezuak eta gomendioak, eta www.zerodespilfarro.elika.eus web-orrian ere jarriko da eskuragarri informazioa herritarrei zuzendutako eta erosketa-ohiturekin eta etxeko eta etxetik kanpoko elikagaien kontsumoarekin lotutako aholkuekin. 

Inplikatutako sektoreekin lan egitera, eta elikagaien soberakina prebenitzeko eta murrizteko eta araudi berrira egokitzeko aldaketak egitera behartuko gaituzten neurriak eta ekintzak ezartzera, eramango gaituen bide bati ekin diogu”, azaldu du Arantza Madariagak, Elikako zuzendariak.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)