Euskadik Osakidetzaren eraldaketa digitala bultzatuko du, 7,6 milioi euroko inbertsioarekin

Argitalpen-data: 

Dpto_Salud_Transformacion_Digital_Ministerio_1.jpeg
  • Gontzal Tamayo Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea Red.es-eko zuzendari nagusiarekin eta Osasun Sistema Nazionalaren Osasun Digital, Informazio eta Berrikuntzako idazkari nagusiarekin bildu da gaur, Bilbon, eta hasiera eman diote pazienteen bizi-kalitatean eragin zuzena izango duten Osakidetzaren eraldaketa digitalerako jarduketei
  • Adimen artifizialarekin, irudi medikoaren elkarreragingarritasunarekin eta monitorizazio eta telezainketako programekin lotzen diren proiektu digitalak inplementatuko dira, eta osasun-arretaren irisgarritasuna, pertsonalizazioa eta jarraitutasuna hobetuko da
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin du, eta, horretarako, Europar Batasuneko baliabideak aprobetxatuko ditu Euskadin sistema proaktiboagoa, konektatuagoa eta berritzaileagoa eraikitzeko, Osasun Datuen Gune propioarekin

Euskadik Osakidetzaren eraldaketa digitala bultzatuko du, Europako funtsetatik datozen 7,6 milioi euroko inbertsioarekin. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta red.es enpresa-erakunde publikoaren eta Ministerioaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren gauzatuko da inbertsioa, osasun-eredu digitalago, konektatuago eta pertsonengan zentratuagorako bidean aurrera egin dadin.

Hitzarmena sinatu ondoren, Gontzal Tamayo Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak lehen bilera egin du gaur Bilbon, Jesús Herrero Red.es-eko zuzendari nagusiarekin eta Juan Fernando Muñoz Osasun Sistema Nazionaleko Osasun Digital, Informazio eta Berrikuntzako idazkari nagusiarekin. Bilera horrekin, sinatutako hitzarmenaren fase operatiboari ekin zaio.

Hitzarmenak Eskualde Garapeneko Europako Funtsetatik (EGEF) eta Estatuaren ekarpenetatik datorren inbertsioa bideratuko du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sisteman abian diren proiektu digitalak eta Osakidetzaren eraldaketa digitalerako proiektu estrategikoak eraginkortasunez inplementatzeko aukera emango du.

Osakidetzako proiektu estrategikoak

Bileran, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemaren eraldaketa digitaleko proiektu estrategikoen egoera aztertu da, baita hurrengo mugarrien plangintza ere. Funtsezko hiru esparru izango dira ardatz:

  • Osasun-arretari aplikatutako adimen artifizialeko aplikazioak garatzea, diagnostikoak, tratamenduak eta kudeaketa klinikoa optimiza daitezen.
  • Irudi medikoen elkarreragingarritasun-sarea sortzea, sistemaren edozein tokitatik azterketa diagnostikoetara arin eta seguru sartu ahal izan dadin.
  • Urruneko monitorizazioko eta telezainketako programak ezartzea gaixotasun kronikoak dituzten pazienteentzat, eta, hala, asistentziaren jarraitutasuna eta etxeko arreta hobetzea.

Gontzal Tamayo Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak aditzera eman duenez, ekimen horiek osasun-arretaren irisgarritasuna, pertsonalizazioa eta jarraitutasuna hobetzea ahalbidetuko dute, eta osasun-datuen ikerketa eta erabilera segurua bultzatuko dute.

Bestalde, Jesús Herrero Red.es-eko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “hitzarmen horrek osasun-sistema indartzea du xede, teknologia aurreratua eta adimen artifizialeko soluzioak ezartzearen bidez, pazienteen asistentzia-kalitatea hobetuko baitute eta, aldi berean, baliabideak optimizatuko baitituzte”.

Ildo horretan, Juan Fernando Muñoz Osasun Ministerioko Osasun Sistema Nazionalaren Osasun Digital, Informazio eta Berrikuntzako idazkari nagusiak aditzera eman du garrantzizkoa dela autonomia-erkidegoen eta Ministerioaren arteko elkarlana, Osasun Sistema Nazional osoan soluzio partekatuak identifika, lehenets eta gara daitezen eta osasun-arretan berrikuntza bultza eta bizkortu dadin.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin dute, eta, horretarako, Europar Batasuneko baliabideak erabat aprobetxatuko dituzte sistema proaktiboagoa, konektatuagoa eta berritzaileagoa eraikitzeko, Osasun Datuen Gune propioarekin —Osasun Datuen Europako Esparruarekin guztiz bat etorriko da—.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)