- Gobernu Kontseiluak onartu du adenda, zeinak bermatzen baitu Nazio Batuen Local2030 Idazkaritzak Bilbon jarraitzea 2028ra arte
- Luzapenak Euskadiren papera indartzen du 2030 Agendan, eta Bilbon mantentzen du nazioarteko azpiegitura estrategiko hau
- Erabaki honekin, Bilbok sendotu egiten du NBEren Local2030 Idazkaritzaren nazioarteko egoitza gisa duen posizioa
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Nazio Batuen Local2030 Koalizioaren Idazkaritzaren egoitza Bilbon 2028ra arte mantentzea bermatzen duen Administrazio arteko Hitzarmenaren adenda, zeinak berritu eta eguneratzen baititu orain arteko konpromisoak.
Local2030 Koalizioa, ONU-Habitatek koordinatua, Nazio Batuen ekimen globala da Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) tokian bertan ezartzea bultzatzeko, eta mundu osoko hiri, eskualde eta gobernuen arteko lankidetza sendotzeko. Idazkaritza Bilbon egoteak kokatzen du Euskadi 2030 Agendaren nazioarteko arkitekturan, eta sendotu egiten du lurraldearen rola NBEk sustatutako gobernantza mailakatuan.
Gaur onartutako adendak eguneratu egiten ditu parte hartzen duten erakundeen konpromisoak —Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala eta BBK Fundazioa— 2026-2028 aldirako, eta proiektuaren egonkortasuna bermatzen du. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak mantendu egingo du Idazkaritzaren egoitza hartzen duen Euskadiko Artxibo Historikoaren espazioaren lagapena, eta proiektuaren garapenean laguntzen jarraituko du datozen urteetan. Gainerako erakundeek ere berretsi dituzte beren ekarpen eta konpromisoak.
Hitzarmenaren jarraipenak sendotu egiten du 2023az geroztik Bilbok nazioarteko azpiegitura hau hartzea ahalbidetu duen lankidetza instituzionala. Denbora honetan, Idazkaritzak mundu osoko hiri eta eskualdeekin dituen harremanak indartu ditu, 2030 Agendaren inguruko berrikuntza-guneak bultzatu ditu, eta Euskadiren proiekzio internazionala eta jasangarritasunarekiko konpromisoa indartzen lagundu du.
Erabaki honekin, Euskadik sendotu egiten du Nazio Batuekin duen lankidetza eta 2030 Agendarekiko duen konpromisoa, berrikuntza sozialaren eta nazioarteko proiekzioaren aldeko apustuarekin bat, 2024–2027 Gobernu Programaren lehentasunen ildotik.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)