Gaur goizean, Gasteizen, Memoria Demokratikoaren Batzorde Sektorialaren bilera egin da, memoria demokratikoaren arloko autonomia-erkidegoetako arduradunen parte-hartzearekin. Euskadik bileraren egoitza izateko ardura hartu du, arloak Eusko Jaurlaritzarentzat duen garrantzia dela eta.
Alberto Alonso Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak parte hartu du bileran, eta Euskadik bide horretatik finantzatu nahi dituen ekimen nagusiak azaldu ditu. Batez ere, dokumentu-funtsak digitalizatzera bideratutako jarduerak dira, eta jarduera hori funtsezkoa da zuzendaritzak bultzatu nahi duen Gogora Institutuaren ikerketa-lanerako.
Ekainean egingo den Memoria Demokratikoaren Konferentzia Sektoriala prestatzeko bilera horretan, autonomia-erkidegoek aurkeztutako proiektuak finantzatzeko funtsen banaketa zehazten duten ebaluazio-irizpideak adostu dira. Ekitaldi honetan, 3 milioi euro bideratuko dira proiektu horiek aurrera eramateko.