Euskadik lankidetza indartu du Europarekin, herritarren parte-hartzea, pentsamendu kritikoa eta erresilentzia demokratikoa bultzatzeko

Argitalpen-data: 

Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak “Belaunaldi erresiliente baterako pedagogiak” goiburua duen ICIVIC europar proiektuaren irekiera-ekitaldian parte hartu du gaur goizean, EHUko Carlos Santamaria Liburutegian, Donostian. Gaur eta bihar, ikerketa-taldearekin batera, herritarren parte-hartzeari, alfabetatze kritikoari eta hezkuntza- eta komunitate-ingurunean konfiantza demokratikoa indartzen duten praktikei buruzko lan-ildoak landuko dira.

I-CIVICek, Europar Batasunak finantzatuak (MSCA), besteak beste, Cambridge, Galway, Tallinn, Siena eta Jyväskyläko unibertsitate eta erakunde europarrak biltzen ditu, baita ALDA, EUDEC eta Vabamu Museoa ere, Eusko Jaurlaritzarekin batera.

Hezkuntza Sailak bazkide aktibo gisa parte hartzen du: partzuergoaren esku jarriko ditu euskal hezkuntza-sistemako zenbait ikastetxe publiko, ikasleen partaidetzako eta kultura demokratikoko proiektuak irmotuta dituztenekin, eta Saileko ikertzaile bat sartuko du egonaldien programan, Euskadira metodologiak, tresnak eta ebidentziak ekartzeko.

“Ikastetxeetako proposamenak gidatu eta ebaluatu nahi ditugu, eta emaitzak irakaskuntza-praktikara eta politika publikora transferitu”, adierazi du Pedrosak. “Helburua da ezagutza benetako aldaketa bihurtzea, ikasleak ikastetxean daudela”.

Sailburuak eskolaren balio zibikoa azpimarratu du: “Demokrazia egunero ikasten, praktikatzen eta berritzen da. Eztabaida, proiektu eta erabaki partekatu bakoitza etorkizuneko inbertsioa da”.

Proiektuaren ikuspegia bat dator Euskadiko hezkuntza-esparruarekin, ikasleak erdigunean jartzean oinarritua eta ekitatera, inklusiora, ongizatera eta bikaintasunera bideratua.

“Parte-hartzean eta pentsamendu kritikoan heztea da politika demokratikorik onena. Hezkuntzan inbertitzea izan nahi dugun herrialdean inbertitzea da: askeagoa, bidezkoagoa, anitzagoa eta kohesionatuagoa”, esanez amaitu du Pedrosak.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)