Euskadik bere eskaintza kulturala indartu du 11.000 ekitaldi baino gehiagorekin 2025eko lehen seihilekoan

Argitalpen-data: 


      Iturbe_ProgramacionCultural.JPG
  • Andoni Iturbe Kultura sailburuordea: “Egunean 60 jarduera kultural baino gehiagorekin berresten da sektorearen bizitasuna Euskadin”
  • Musika, antzerkia, dantza, bertsolaritza eta erakusketak: eskaintza kultural plural eta sendo baten bost zutabeak

Euskadiko kultura-programazioak dinamismo handia erakutsi du 2025eko lehen sei hilabeteetan: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11.306 ekitaldi kultural egin dira guztira (% 7,45 gehiago iazko aldi berarekiko). Kopuru horrek, batez beste, 60 jarduera kultural baino gehiago biltzen ditu egunean, eta kulturaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoa lurralde aktibo, plural eta askotariko gisa finkatzen da horrela.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbek datu horien irakurketa positiboa egin du: “Urteko lehen seihilekoan 60 ekitaldi kultural egin dira Euskadin. Horrek gure herrialdeko kultura-sektorearen sendotasuna eta bizitasuna islatzen ditu. Argi erakusten du kulturak gure gizartearen ardatz nagusi izaten jarraitzen duela, eta egunez egun kultura hori posible egiten duten profesional, kolektibo eta eragileei laguntzen jarraitu nahi dugu”.

Aztertutako bost arlo nagusiek —kontzertuak, antzerkia, dantza, bertsolaritza eta erakusketak— joera positiboak islatu dituzte ekitaldien bolumenean, euskarazko programazio-maila altuak (% 38) mantenduta eta doakotasuna eta herritarren sarbidea nabarmenduta. Izan ere, batez beste, zuzeneko arte-ekitaldien % 38 doakoak izan ziren, eta datu horrek erakusten du, sailburuordearen ustez, kultura irisgarria dela gizartearen unibertso zabal batentzat.

Lurraldeka, Bizkaiak jarduera kulturalaren % 45,5 biltzen du, ondoren Gipuzkoak (% 38,9) eta azkenik Arabak (% 15,6).

Txostena Eusko Jaurlaritzako Kulturaren Euskal Behatokiak egin du, 2025eko urtarriletik ekainera bitartean Kulturklik plataforman argitaratutako ekitaldien unibertso osotik abiatuta.

ARLOKA

Kontzertuak

Kontzertuak izan dira ekitaldi mota ohikoenak, guztizkoaren % 25a. 2.831 kontzertu egin dira (iaz baino % 3,4 gehiago). Nabarmentzekoa da egungo musiken presentzia handia (% 83), aurreko urtearekin alderatuta egonkor mantendu dena. % 40 doakoak izan ziren eta % 14 kanpoko espazioetan egin ziren.

Antzerkia eta zirkua

2.217 emanaldirekin, antzerkiak ekitaldi guztien % 19,6 osatzen du (% 2,6 gehiago iazko aldi berarekiko). Antzerkiko ekitaldi horietatik % 35,5 haurrei edo senideei zuzenduta egon zen, eta ekitaldien % 31 doakoak izan ziren.

Dantza

Nabarmentzekoa da dantzaren presentzia, 491 emanaldirekin (+%1,9) eta jarduera kulturalaren % 4,3 osatuta. Emanaldien ia % 60 dantza garaikidekoak izan ziren, eta % 30 dantza tradizionalekoak. Doakotasuna handia izan zen: ekitaldien % 59 inguru doakoak izan ziren publikoarentzat, eta % 40 aire zabalean egin ziren.

Bertsolaritza

Bertsolaritzak euskal identitatearen ikur izaten jarraitzen du. 531 ekitaldi egin dira, jarduera kulturalaren % 4,7. Ia ekitaldi guztiak doakoak izan ziren, horietako asko espazio irekietan, euskaraz, eta tokiko parte-hartze handiarekin.

Erakusketak

Lehen seihilekoan 725 erakusketa inauguratu ziren. Erakusketek zerbait gora egin dute (ia % 2) 2024arekin alderatuta. Arte garaikidea izan zen genero nagusia (% 70,5) eta ondoren historia, etnografia eta arte ederren erakusketak.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)