- Euskadik ‘Ahots Batuak’ deituriko Garapen Jasangarrirako 18. Helburua aurkeztu du. Ekimen horrek hizkuntza- eta kultura-aniztasuna nabarmentzen du gizartea eraldatzeko eragile gisa
- Eusko Jaurlaritza da proposamen horren buru, nazioarteko agendan barne hartzeko asmoz eta tokiko inpaktua nahiz inpaktu globala sortzeko asmoz
- Garapen Jasangarrirako 18. Helburuak 2030. Agenda osatu nahi du, eta hizkuntzek eta kulturek gizarte-kohesioan eta giza garapenean betetzen duten funtsezko zereginaren aitortzarik eza estali
Euskadik ‘Ahots Batuak’ deituriko Garapen Jasangarrirako 18. Helburua aurkeztu du. Ekimen horrek hizkuntza- eta kultura-aniztasuna nabarmentzen du gizartea eraldatzeko eragile gisa. Garapen Jasangarrirako Helburu horren bidez, eskubide horiek aitortzeko eta babesteko aliantza global handia sortu nahi da eta, horretarako, garapen zuzenago, inklusiboago eta jasangarriagoarekiko konpromisoa indartu.
Eusko Jaurlaritzak proposamen hori Euskadik gidatzea nahi du, eta proposamen hori nazioarteko agendan txertatzea, tokiko inpaktua eta inpaktu globala sortzea, eta lurraldeen arteko lankidetza indartzea.
‘Ahots Batuak’ ekimenaren aurkezpena gaur goizean egin da Tabakaleran (Donostia), eta bertan parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Ibone Bengoetxeak eta Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Gizarte Berrikuntzarako eta Agenda 2030erako zuzendariak. Ekitaldian zenbait arlo eta lurraldetako–—hala nola Hawaii eta Paranako estatua (Brasil)— adituek parte hartu dute, eta agerian geratu da ekimen horren nazioarteko dimentsioa eta anbizioa.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak zera adierazi du ekimenaren aurkezpenean: “Euskadin argi daukagu: herritar guztiek dute eskubidea kultura euskaraz sortzeko eta jasotzeko. Eta herri baten garapen pertsonala eta kolektiboa ez da osatua izango bere hizkuntza eta kultura kontuan hartu gabe”. “Ahots Batuak” proiektua “munduari egiten diogun ekarpena da”, 2030 Agendaren baitan, azaldu du Bengoetxeak.
Ildo berean, Aranbarrik adierazi du “Ahots Batuak” Euskadin sortu eta mundura proiektatzen den ekintza kolektiborako deia dela. Kultura- eta hizkuntza-aniztasuna agenda globalaren erdigunean jartzeko apustu ausarta da. Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza lurraldean errotzen den eta erakundeen, herritarren, enpresen eta gizarte-eragileen arteko elkarlanetik eraikitzen den 2030 Agenda bizia garatzen. Helburu horrekin, beste urrats bat egingo dugu errealitate bakoitzaren idiosinkrasia kontuan hartzen duen etorkizun ekitatibo eta inklusiborako bidean”.
Ekimen horrekin, Euskadik berretsi egiten du komunitateak eta haien aniztasuna eraldaketarako funtsezko elementu gisa balioesten dituen garapen jasangarriaren eredu baten aldeko konpromisoa.
Garapen Jasangarrirako 18. Helburua sortu da 2030 Agenda indartzeko eta gabezia handi bat betetzeko: hizkuntzek eta kulturek gizarte-kohesio, ekitate, ongizate eta berrikuntzako elementu gisa betetzen duten funtsezko zeregina aitortzea. Aranbarriren hitzetan, “Garapen Jasangarrirako 18. Helburua bultzatzea proposamen teknikoaz haratago doa, Euskal Autonomia Erkidegoak garapen jasangarriaren inguruan duen ikuspegiarekin oso lotura estua duen baieztapen politikoa da”.
‘Ahots Batuak’, halaber, Euskadik nazioartean aktibatu eta gidatu nahi duen gizarte-berrikuntzaren adierazpen argia da. Proiektua “Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Plana, 2025-2028” planaren ardatzetako bat da, eta aliantza zabalak, helburu partekatuak eta inpaktu eraldatzailea sustatzen ditu. Plan horretan bat egiten dute kultura-politikak, estrategia digitalak, hezkuntza-sistemak, hizkuntzaren industriak, bizikidetza demokratikoak eta gobernantza kolaboratiboak, helburu komun batekin: komunitatea indartzea eta eredu hori mundura proiektatzea.
Euskadiren asmoa da ‘Ahots Batuak’ bihurtzea jardunbide onen nazioarteko laborategi, tokiko konpromisoa eta begirada globala uztartuz. Horretarako, proiektuak aliantzak bilatuko ditu kultura eta hizkuntzaren arloan desberdinak diren lurraldeen artean, eta erronkak eta estrategiak partekatuko ditu, nazioarteko politika publikoetan eragiteko. Hori guztia bide-orri argi batean gauzatzen da, kontzeptu-esparru partekatuarekin, maila globaleko bultzada diplomatikoarekin eta kultura- eta hizkuntza-aniztasuna Garapen Iraunkorreko Helburuen erdigunean kokatzeko apustu estrategiko integralarekin, helburuok gizartea mundu hobe baterantz eraldatzeko benetako palankak izan daitezen
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)