- Bi alditan, fase operatiboan ere aktibatu da, elur-maila 700 metrotik behera jaitsi izanagatik eta prezipitazio ugariengatik
- Guztira, Neguko Bidezaintza Plana iaz baino bi aldiz gutxiagotan aktibatu da
Negu honetan, urria eta apirila bitartean, Eusko Jaurlaritzak hiru aldiz aktibatu du Neguko Bidezaintza Plana jarraipen- eta informazio-fasean (elur-kota 1.000 metrotik behera jaitsi delako eta prezipitazio moderatuen ondorioz), eta, horietatik, bitan fase operatibora ere igaro da (elur-kota 700 metrotik behera jaitsi delako eta prezipitazio moderatuak izan zirelako). Horrela, Neguko Bidezaintza Plana aurreko neguan baino 2 aldiz gutxiagotan aktibatu da; izan ere, iaz 5 aldiz aktibatu zen jarraipen- eta informazio-fasean, eta horietatik behin aktibatu zen fase operatiboan ere.
2024/25ko neguaren laburpena
Lehen elurtea 2024ko abenduaren 7tik (larunbata) 11ra (asteazkena) izan zen: elur-kota 800 metrora jaitsi zen asteburuan, eta prezipitazio moderatuak egin zituen Kantauri isurialdean. Zorionez, prezipitazioek ez zuten eragin nabarmenik izan. Opakua, Herrera eta Bernedoko mendateetan bakarrik erabili behar izan ziren kateak edo neguko pneumatikoak.
Bigarren elur-aldia 2025eko otsailaren 7tik (ostirala) 8ra (larunbata) gertatu zen: elur-kota 600 metrora jaitsi zen ostiraletik larunbaterako goizaldean eta prezipitazio moderatuak izan ziren Kantauri isurialdean; hori dela eta, prebentzioz, fase operatiboa ere aktibatu zen. Hala ere, kota 1000 metrora igo zen azkar larunbat goizaldean, prezipitazio txiki eta ertainekin, ugariagoak Kantauri isurialdean. Araban, Opakua, Herrera, Bernedo eta Azazeta mendateak zirkulaziorako itxita egon ziren, mota guztietako ibilgailuentzat, hainbat orduz ostiraletik larunbaterako goizaldean, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko mendateek ez zuten zirkulazio-arazorik izan.
Hirugarren eta azken elurtea 2025eko martxoaren 13an (osteguna) eta 17an (astelehena) gertatu zen: elur-kota 600-800 metrora jaitsi zen ostiral goizaldean, eta prezipitazio moderatuak izan ziren Kantauri isurialdean, batez ere. Hori dela eta, 2024/25 neguko denboraldian bigarrenez fase operatibora igaro zen. Zorionez, Arabako mendate gehienetan, Bizkaiko Barazar eta Dimako mendateetan eta Gipuzkoako Etzegaraten kontu handiz ibiltzea bakarrik eskatu behar izan zen egun horietan zirkulatu ahal izateko, eta ez zen beharrezkoa izan zirkulazio-murrizketarik ezartzea.
Joera
Negu honetan, berretsi egin da Euskadin azken urteetan izaten ari diren neguko gertaeren kopuruaren beheranzko joera: 2017/18ko neguan 17 aldiz aktibatu zen Neguko Bidezaintza Plana; 2018/19ko neguan 8 aldiz; 2019/20ko neguan 6 aktibazio izan ziren; 2020/21ekoan 5; 2021/22koan 6; 2022/23koan 4; 2023/24koan 5; eta, azkenik, 2024/25eko azken neguko aldi honetan 3 aktibazio izan dira guztira.
Fase operatiboaren aktibazioei dagokienez, antzera, 2017/18ko neguan 10 aldiz aktibatu zenetik, 2018/19ko, 2019/20ko, 2020/21eko, 2022/23ko eta 2024/25eko neguetan aktibazio operatiboak 2an mantendu dira. Joera konstante horren salbuespen bakarra 2021/22koa da, hiru aldiz aktibatu behar izan baitzen fase operatiboa. 2023/24koa ere beste salbuespen bat da, baina kontrako arrazoiengatik, negu horretan behin bakarrik aktibatu baitzen fase operatiboan.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)