Euskadi Lagunkoia izango da protagonista ekainaren 17an, astelehenez, Debako Zaintza Ekosistema eraikitzeko prozesuaren baitan antolatutako informazio-saio irekian. Jardunaldia Debako Nagusien Etxean egingo da, 10:30etik 12:00etara, eta herritar guztientzat irekia eta doakoa izango da.
Saioaren bidez, herri lagunkoiaren eredua aurkeztuko du Euskadi Lagunkoiak, eta azalduko da eredu hori nola integra daitekeen Debako Zaintza Ekosisteman, Deba adin guztientzako herri lagunkoiago bilakatzeko helburuarekin.
Horretarako, jardunaldian honako edukiak landuko dira:
-
Zaintza Ekosistema zer den eta Deban iaz abiatu zen prozesuak zer urrats egin dituen.
-
Herri lagunkoiaren eredua, Euskadi Lagunkoia programaren ikuspegitik.
-
Eredu hori Debako Zaintza Ekosisteman nola txertatu aztertuko da, elkarlanean oinarritutako hurrengo pausoak marrazteko.
Ekimen hau Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) jarraibideekin lerrokatuta dago, zahartze aktiboa eta adinekoen parte-hartze soziala sustatzeko. Euskadi Lagunkoia programak, hain justu, adinekoen ikuspegia eta ekarpena balioan jartzea du helburu, haien ongizatea eta gizartean duten paper aktiboa indartuz.
Gainera, egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren babesa du, eta horrek indarra ematen dio Deban zahartze aktibo eta zaintza iraunkorreko ereduaren alde egiten ari diren apustuari.
Debako Udala herritarrei gonbidapena luzatzen die saioan parte hartzeko eta herri lagunkoiago eta zaintza partekatuago baten alde elkarrekin urratsak ematen jarraitzeko.