Euskadi Lagunkoia Berriaren Ekintza Planaren Gida azaltzeko bilera teknikoa burutu da

Argitalpen-data: 

Euskadi Lagunkoia Berriaren Ekintza Planaren Gida azaltzeko bilera teknikoa burutu da

Joan den abenduaren 17an, Euskadi Lagunkoia Berria ekimenaren baitan, Ekintza Planaren Gidaren edukiak aurkeztu ziren saio informatibo batean. Gida hori tresna estrategikoa da udalerriek adineko pertsonekin lagunkoiagoak diren inguruneak planifikatu eta garatzeko.

Saioan zehar azaldu zen nola lantzen eta garatzen den Ekintza Plana Euskadi Lagunkoia Berria programaren marko metodologikoaren arabera. Prozesua Lantalde baten bidez egituratzen da; bertan, modu bateratuan, adineko pertsonek, udalek eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuek parte hartzen dute, ikuspegi lankidetzazkoa, parte-hartzailea eta zeharkakoa bermatuz. Era berean, Lagunkoitasun Plana osatzen duten faseak azaldu ziren, diagnostikoaren berrikuspen partekatutik hasi eta Ekintza Plana diseinatu, onartu, jarraitu eta komunikatu arte.

Ekintza Plana diagnostikoaren ondoren lantzen da, udalerriko beharrak identifikatu ondoren, eta tresna nagusia da helburuak zehazteko, lehentasunezko lan-eremuak definitzeko eta ekintza zehatzak planifikatzeko, baita arduradunak, gauzatze-epeak eta ebaluazio-sistemak ezartzeko ere.

Gidak zazpi fasetan egituratutako prozesua jasotzen du: diagnostikoaren azterketa partekatua, ekintzen lehentasunak zehaztea, ekintzak diseinatzea, jarraipen-adierazleak definitzea, azken dokumentua prestatzea, Udal Osoko Bilkuran onartzea eta, azkenik, Plana zabaltzea, herritarren inplikazioa sustatzeko.

Ekintza Planak oinarri ditu udal-arloko zeharkakotasuna, koordinazio instituzionala, adineko pertsonen parte-hartze aktiboa, udalerrietako aniztasunari arreta ematea eta ebaluazio jarraitua, Euskadi Lagunkoia Berriaren lan-ereduaren funtsezko elementu gisa.

Saioan parte hartu zuten Eibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langile teknikoek, Añanako Udaleko Alkatetzak, Portugaleteko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Portugaleteko Villa Lagunkoiaren Talde Eragileko kideek, Zumarragako Udaleko langile teknikoek, Lea-Artibaiko langile teknikoek eta Matia Institutuko talde teknikoak, Euskadi Lagunkoia Berria programaren marko metodologiko eta teknikoa eskainiz.

Aurkezpenean azpimarratu zen elkarlanean landutako Ekintza Plan batek adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzenduela, udalerrien konpromisoa indartzen duela eta administrazioak, gizarte-eragileak eta herritarrak uztartzen dituen lan-eredu partekatua sendotzen duela, Euskadi Lagunkoia Berriaren balioekin bat eginez.