- Euskadi Lagunkoia Berria programak guztira 86 udalerri barnebiltzen ditu, iaz baino hiru gehiago
- Saria 3.000 eurokoa izango da
Eusko Jaurlaritzak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailaren bitartez, Herri Lagunkoien Jardunbide Egokien Sariaren edizio berria iragarri du. Sari horren helburua da EAEko adinekoen bizi-kalitatea hobetzen duten ekimenak aintzatestea.
Aitorpen hori Euskadi Lagunkoia Berria Programaren barruan dago. OMEk sustatutako Age-friendly Environments Programme ekimenean oinarritzen den proiektua da. Ekimen horren arabera, adinekoekin lagunkoia den ingurunearen kontzeptua lantzea zahartze osasuntsua eta aktiboa sustatzen duten komunitate edo hiriei dagokie. Pertsonen gaitasun funtzionalak bizitzan zehar mantentzeko diseinatutako espazioak edo jarduerak sortzea edo berreskuratzea haien lanetariko bat izaten da.
Sari honen helburua zahartze aktiboa bultzatzen duten inguruneak sortzeko proiektu berritzaile eta eraginkorrak baloratzea da. 2019an lehen aldiz ezarri zenetik, saria urtero deitu da, eta hainbat erakundek eta pertsonak euskal gizartean ingurune lagunkoiagoak sustatzeko egindako ahaleginak nabarmendu dira. Ahalegin horiek funtsezkoak dira; izan ere, lagunkoitasuna hiri-ingurune batek irisgarria eta inklusiboa izateko duen gaitasuna da, adinekoek bizitza sozialean eta kulturalean bete-betean parte hartzeko aukera izan dezaten. Gaur egun, Euskadi Lagunkoia Berria programak 86 udalerri ditu atxikita: 37 Bizkaian, 27 Gipuzkoan eta 22 Araban.
Programa honek adineko pertsonak eta herritarrak beren komunitateen hobekuntzan inplikatzea du helburu, eta balio esanguratsua gehitzen dio Euskadiko bizi-kalitateari, helduenen parte-hartze aktiboa eta osasungarria sustatuz.
2025eko gaia: etxebizitza eta belaunaldien arteko proiektuak
Aurtengo edizioak etxebizitzaren esparruan jarriko du arreta, eta bereziki baloratuko dira belaunaldien arteko bizikidetza, elkar zaintza eta gizarteratzea bultzatzen dituzten proiektuak.
Sariaren ezaugarriak eta hautagaitza aurkezteko epea
Sariaren zenbatekoa 3.000 euro gordin izango da, eta beste dirulaguntzekin bateragarria da.
Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa da: ekainaren 13tik uztailaren 13ra arte (biak barne), bakar-bakarrik bide elektronikoaren bidez:
Eskabidea aurkeztu
Beharrezkoa izango da honako dokumentuak aurkeztea:
-
Legezko ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa.
-
Jardunbidearen azalpen-memoria (eredu ofiziala eskuragarri webgunean).
Epaimahai plurala eta aditua
Epaimahaia sektore publikoko, akademikoko eta hirugarren sektoreko ordezkariek osatuko dute: Helduak Adi!, Secot, Agijupens, Lares Euskadi, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua eta Deustuko Unibertsitatea, besteak beste.
Sariaren banaketa eta jardunbidearen zabalkundea
Saria publikoaren aurrean banatuko da lagunkoitasunari buruzko jardunaldian, eta saritutako erakundeak bere esperientzia partekatzeko aukera izango du.
Euskadi Lagunkoiatik gonbidatzen ditugu erakunde publiko zein sozial guztiak hautagaitzak aurkeztera eta gizarte lagunkoiago baten eraikuntzan aktiboki parte hartzera.