Euskadi Lagunkoia Berria Gipuzkoako udalerrietan lagunkoitasuna sustatzen

Argitalpen-data: 

Irailean zehar, Euskadi Lagunkoia Berriak hainbat bisita egin ditu Gipuzkoako udalerrietara, helburutzat hartuta lagunkoitasuna bultzatzea eta tokiko eragileekin elkarlana sendotzea.

Irailaren 8an, Ordizian, proiektua aurkeztu zen “Goazen” ibilaldi osasungarrien taldean. Topaketa honek udalerrian Lagunkoia taldea berraktibatzeko asmoa izan zuen, eta dinamika komunitario horretatik abiatuta proiektuari berriz heltzeko aukerak aztertzeko balio izan zuen.

Irailaren 17an, berriz, bi bisita egin ziren. Antzuolan, bilera izan zen talde eragilearekin, eta urte amaierarako aurreikusitako ekintza eta ekimenak partekatu ziren. Egun berean, Eskoriatzan, bilerak egin ziren Gizarte Zerbitzuetako zinegotziarekin eta aurreko talde eragileko kide batekin. Guztien artean baloratu zuten udalerrian lagunkoitasunari berriro heltzeko aukerak eta proiektuari jarraipena emateko bideak.

Irailaren 23an, asteazkenean, Donosti Lagunkoiarekin bilera egin zen. Bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako eta Matia Institutuko ordezkariak, Eva Salaberriarekin batera, azken urtean Donostia Lagunkoian egindako aurrerapausuez eta martxan dauden jarduerez hitz egiteko. Jarraipenaren bidez, gertutik ezagutzeko aukera izan zen hiri mailako Plan honen ibilbidea eta etorkizuneko erronkak.

Irailaren 26an, Zumarragan, Adinkeriari buruzko hitzaldi bat eskaini zen, Zumarragako Adineko Pertsonen Astearenegitarauaren barruan (irailaren 25etik urriaren 1era ospatuko da). Ekitaldia Zumarragako Udalak eta Nagusilanek antolatu zuten, eta Zumarragako Adineko Pertsonen Kontseilua ere partaide izan zen. Bertan ere, Eusko Jaurlaritzako eta Matia Institutuko ordezkariak izan ziren, jarraipena egiteko eta herrian Lagunkoia programaren bidez garatzen ari diren ekimenak gertutik ezagutzeko.

Bisita hauek guztiak Euskadi Lagunkoia Berriak udalerri atxikiei eskaintzen dien hurbileko laguntzaren barruan kokatzen dira, esperientzien trukea sustatuz eta adinekoentzako ingurune lagunkoiagoak sortzea ahalbidetuko duten ekimenak bultzatuz.