Eusko Jaurlaritzaren programak bere esperientzia partekatu eta praktika onak jaso ditu funtsezko eremuetan, hala nola etxebizitzan, komunitate-ongizatean eta parte-hartzean.
Elena del Barrio, Matia Institutuko ikertzailea eta Euskadi Lagunkoia programaren koordinatzailea, eta Diana Pedraz, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko teknikaria, Age-Friendly Futures Summit: Advancing, leading and creating city regions and communities for an age-friendly world izeneko jardunaldian parte hartu zuten. Jardunaldia 2025eko martxoaren 25etik 27ra egin zen Manchesterren (Erresuma Batua).
Nazioarteko topaketa horrek 200 bat buru, politika-eragile, profesional eta ikertzaile bildu zituen, bai Erresuma Batukoak bai mundu osokoak, adinekoekin lagunkoia izango den mundu bat eraikitzeko helburuarekin. Goi-bilera honako erakundeek antolatu zuten: Centre for Ageing Better, Osasunaren Mundu Erakundea (OME), Greater Manchester Combined Authority, Manchester Metropolitan University eta University of Manchester. Hiru ardatz nagusiren inguruan antolatu zen: adinekoekin lagunkoiak diren inguruneak aurreratu, lideratu eta sortzea.
Hiru egunez, funtsezko gaiak jorratu ziren, hala nola tokiko hazkunde ekonomikoa eta ekitatea, etxebizitza eta osasuna, auzoetako ongizatea edo adinekoen parte-hartzea eta ahalduntzea. Era berean, punta-puntako ikerketak partekatu ziren, ekimen inspiratzaileak aurkeztu ziren eta lurraldeen arteko ezagutzaren eta esperientzien trukea sustatu zen.
Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Euskadi Lagunkoia programaren presentziak aukera eman zuen Euskadin hirien eta komunitate lagunkoien esparruan egindako lana ikusgai jartzeko, baita munduko beste toki batzuetan garatzen ari diren esperientzia berritzaileak ezagutzeko ere. Bereziki, etxebizitzaren eta alternatiba gisa aurkezten diren ostatuen erronkari buruzko praktika onen inguruko informazio baliotsua jaso zen, kontuan hartuta gai horrek gero eta interes handiagoa pizten duela biztanleriaren zahartze-testuinguruan.
Goi-bileran nabarmendu zen bezala, zahartze demografikoa gure garaiko eraldaketa global handienetako bat da. OMEren Hiri eta Komunitate Lagunkoien Sare Globala abiarazi zenetik hamabost urte igaro direnean, tokiko ekintza erabakigarriaren beharra inoiz baino premiazkoagoa da.