Europako Mendietarako Aliantzaren aurkezpena Bruselan: Europak mendiak behar ditu

Argitalpen-data: 


      FG_250514_COR_102.JPG
  • Europako instituzioetan mendiko eskualdeen ahotsa indartzeko eskatu du
  • Akordioak proposatzen du “mendi-lurraldeek Europako instituzioetan duten ahotsa zabaltzea eta eremu horietarako laguntza espezifikoa eta epe luzerakoa ziurtatzea”
  • Europako lurrazalaren % 30 eta biztanleriaren % 13 hartzen dute
  • “Pertsonak mendietan aukera eta zerbitzu berdinekin bizitzeko, lan egiteko eta aurrera egiteko” deia
  • Europar Batasunaren estrategiak eskatu dituzte mendi-lurraldeak erakargarriak, erresilienteak eta jasangarriak izan daitezen landa-eremuetarako epe luzerako ikuspegiarekin

Brusela, 2025 05 14

Gaur goizean Mendietarako Europako Aliantza aurkeztu dute Bruselan Marie Antoinette Maupertuis CoR – Eskualdeen Europako Batzordeko kideak eta Herbert Dorfmann Europako Parlamentuko diputatuak. Euromontana – Mendialdeen Europako Elkartearen laguntzarekin, ekimena «Mendiek Europa behar dute eta Europak mendiak behar ditu» manifestutik sortu da, eta Europako instituzioetan mendiko eskualdeen ahotsa indartzeko eskatzen du. Marta Marin Eusko Jaurlaritzak Europako instituzioen aurrean duen ordezkariak parte hartu du topaketan.

Eurodiputatuek eta CoR-eko kideek eta mendi-lurraldeetako ordezkariek parte hartu dute bileran, eta gogoeta egin dute UAFE – Urte Anitzeko Finantza Esparruaren etorkizuneko kudeaketak mendi-lurraldeei dagokienez izan ditzakeen inplikazioei buruz. Gainera, lankidetza-aukerak ebaluatu dituzte hurrengo mugarri politikoei begira.

Eskualdeetako Batzordeko eta Europako Parlamentuko kideek mendialdeetako inbertsioa bultzatu eta babesten dute Europaren etorkizun jasangarrirako funtsezko zutabetzat. Aliantza berriak proposatzen du “mendi-lurraldeen ahotsa zabaltzea Europako instituzioetan, eta laguntza espezifikoa eta epe luzerakoa ziurtatzea eremu horietarako, Europako lurrazalaren % 30 eta biztanleriaren % 13 hartzen baitute”.

Gaur goizean nabarmendu dutenez, “biodibertsitateari, baliabide hidrikoei, nekazaritzari eta kultura-ondareari egiten dieten ekarpena funtsezkoa izan arren, mendialdeek erronka espezifiko eta gainjarriei egin behar diete aurre, hala nola azpiegitura eta zerbitzu publikoen urritasunari, kalteberatasun ekonomikoari eta klima-aldaketari”.

Ekimenaren ardatza da «egoteko eskubidearen» printzipioa defendatzeko beharra, “pertsonek mendietan bizi, lan egin eta aurrera egin ahal izatea bermatuta, aukerak eta zerbitzuak izateko berdintasun-baldintzetan. Orobat, Europar Batasunaren estrategia egokituak eskatzen ditu mendi-lurraldeak erakargarriagoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak izan daitezen, landa-eremuetarako epe luzerako ikuspegiarekin bat etorriz”.

Manifestuak, halaber, Europako arduradun politikoei eskatzen die bete ditzatela EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 174. artikuluko promesak. Artikulu horretan exijitzen da arreta berezia jartzea desabantaila geografiko edo demografiko iraunkorrak dituzten eskualdeei, mendialdeak barne. Indarrak batzean, Aliantzaren defendatzaileek, bi instituzioetan, ikuspegi hori legegintza- eta finantza-ekintza zehatzetan islatu nahi dute Europako mandatu berrian.

 “Mendialdeek ez dute pribilegiorik edo errukirik eskatzen: Europar Batasunari egiten dioten ekarpen estrategikoarekin bat etorriko den tratua exijitzen dute, besterik ez. Aliantza honekin anbizio argia dugu: gure ezaugarri espezifikoak Europako politikaren eta aurrekontuaren parte iraunkor izatea” adierazi du Maria Antonieta Maupertuis Korsikako Batzarreko presidenteak.

Herbert Dorfmann europarlamentariak —Amaia Barredo kontseilariak joan den udazkenean harekin parte hartu zuen Gironan— adierazi duenez, “mendien berezitasunak erantzun espezifikoak exijitzen ditu. Beharrezkoa da argi definitzea mendialdeak eta horien garapena eta erresilientzia babestu dezaketen neurriak”.

 “Europako mendialdeek erronka paregabeei egin behar diete aurre, eta erronka horiek anbizio handiko erantzun pertsonalizatuak behar dituzte politikaren eta aurrekontuen arloetan. Pozik hartzen dut Europako Parlamentuko eta Eskualdeetako Europako Batzordeko ordezkarien arteko aliantza. Espero dugu aliantza horrek etorkizuneko neurriak bultzatzea, mendi-lurraldeek merezi duten arreta espezifikoa jasoko dutela bermatzeko, Europako Itunetan aitortutako arreta, baina oraindik erabat gauzatu ez dena”, adierazi du Bruselan Laura Gascón Euromontanako presidenteak.

Gaur goizeko topaketan 40 parte-hartzaile izan dira: Herbert Dorfmann (IT, EPP); Rosa Serrano (ES, S&D); Christina Singer (DE, Renew); Elena Donazzan (IT, ECR); Pietro Fiocchi (IT, ECR); Borja Gimenez (ES, EPP); Cristina Guarda (IT, Greens); Eskualdeen Europako Batzordeko kideak: Marie Antoinette Maupertuis (Corcega); Luciano Caveri (Aostako Harana); Csaba Borboly (Harghita eskualdea, Rumania); eta Nicolas Evrard (CoR, Servoz); baita Marta Marin (Euskadi) eta Anna Huk (Podkarpackie, Poloniako hego-ekialdeko eskualdea) Bruselako ordezkariak eta Guillaume Corradino Aliantzako zuzendaria ere.

 

.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)