
Miren Elgarrestak Egitura Funtsetako Berdintasunerako Erakunde arteko Lan Talde Teknikoaren (GTTIFE) bultzada gero eta handiagoa aitortu du, baita azken urteotan esperientzia pilotuak gauzatzeko talde motorren lanaren ondorioz lortutako lorpenak ere.
GTTIFE 2015ean sortu zen. Emakunderen bultzadarekin, helburu orokorra da emakumeen eta gizonen berdintasunerako estrategia indartzea Europako funtsekin batera finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko programetan.
Adostutako akordioak praktikan jartzeko kideen inplikazioa eta denbora eskertu ditu. Ildo horretan, azpimarratu du talde-lana, lankidetza eta kide guztien konpromisoa funtsezkoak izan direla arrakasta lortzeko. Berrikuntza GTTIFEren meritu nagusietako bat dela nabarmendu du, Estatuan eta Europan ikusarazten laguntzen baitu; izan ere, ez dago aldez aurreko erreferenterik, Funtsen Berdintasun Politiken Sarearen esperientziatik harago.
Juan Alberdik berdintasun-printzipioaren zeharkako izaera berretsi du Europako funtsekin batera finantzatutako jardueran, baita Euskadiko politika publiko guztietan ere. Azpimarratu duenez, zeharkakotasun hori Europako erregelamenduak betetzeari erantzuteaz gain, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoaren parte ere bada, berdintasunaren arloan indarrean dagoen araudiarekin eta EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako ondoz ondoko planekin bat etorriz. Azkenik, GTTIFEk egindako lana baloratu du, beste administrazio publiko batzuentzat berdintasunean erreferente bihurtzeko duen potentziala azpimarratuz, bai Euskadin, bai Estatuan eta Europan.
Egindako bileran, Lantaldearen 2023-2024 aldiko balantze orokorra egin da, eta erakundeek 2021-2027 Programetan egindako jarduerak aurkeztu dira, GTTIFEren Lan Planerako hurrengo urratsak ezarriz.
EGFen zerbitzuak aurreko osoko bilkuratik egindako ekintzak azaldu ditu, eta 2025ean berdintasunaren eta esku-hartzearen arloan egin beharreko erronka nagusiak eta ibilbide-orria zehaztu ditu.