Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak aitortu du EAEko udalak jarrera positiboagoa erakutsi ari direla lurzoruak doan lagatzeko

Argitalpen-data: 


      Denis_Itxaso__junto_a_la_periodista_de_Euskadi_Irratia_Oihane_Yustos.jpeg
  • Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok iragarri du gaur argitaratu dela EHAAn Irun gune tentsionatua izendatzeko hasierako agindua, eta baieztatu du Astigarraga dela horretarako izapideak hasi dituen beste udalerrietako bat
  • Era berean, Itxasok aurreratu du ostegun honetan bilera bat egingo duela Ministerioarekin Madrilen, Txomin Enea esparruan —gaur egun Martuteneko espetxea dagoen lekuan— lankidetza zehazteko

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok gaur goizean Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, EAEko udalek jarrera positiboagoa erakutsi dute azken hilabeteotan etxebizitza babestuak garatzeko lurzorua doan lagatzearen alde. "Duela 7 hilabetetik hona oso erantzun positiboa ari gara jasotzen udalen aldetik Eusko Jaurlaritzari lurzoruak doan lagatzeko garaian, etxebizitza babestuen parke publikoa handitu ahal izan dezagun", adierazi du Itxasok. Sailburuak azpimarratu duenez, lankidetza hori funtsezkoa da euskal herritarrei etxebizitza eskuratzeko bermea ematen jarraitzeko.

Ildo horretan, jakinarazi duenez, "gaur bertan argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) Irun gune tentsionatua izendatu ahal izateko espedientea hasteko agindua", eta baieztatu du "datozen 20 egunetan alegaziorik aurkezten ez bada, agindua behin betiko bihurtuko dela". Eta gaineratu du Astigarragak bat egiten duela hala izendatzea eskatu duten udalerrien zerrendarekin.

Horrela, Jaurlaritzaren helburua da apirilean Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) Irun, Barakaldo, Galdakao, Zumaia eta Lasarte-Oria gune tentsionatu gisa izendatzeko adierazpena argitaratu ahal izatea; horrek, jada izendatuta dagoen Errenteriarekin batera, euskal biztanleriaren % 20 baino gehiagorentzako estaldura suposatzen du. Halaber, Donostiaren kasuan, Itxasok iragarri duenez, "dokumentua joan den astean sinatu nuen, eta datozen egunetan argitaratzea espero dugu". "Urrats sendoak ematen ari gara eta, gainera, kolore guztietako udalerrien lankidetzarekin —etxebizitzaren merkatuan arazo bat dagoela onartzen ari dira—; horrela, alokairuaren merkatua arautu ahal izango dugu, gehien behar dutenei mesede egiteko", ziurtatu du sailburuak.

Bestalde, Itxasok aurreratu du bihar, osteguna, bilera bat egingo duela Ministerioarekin Madrilen, Txomin Enea esparruan lankidetza zehazteko. Testuinguru horretan, Estatuak gaur egun Martuteneko espetxeak hartzen dituen lurzoruak jarriko ditu, eta, horri esker, etxebizitza babestuen sustapen berriak garatzen jarraituko da Gipuzkoako hiriburuan. "SEPESekin egingo den bilerak hirigintza-prozesu horren ibilbide-orria zehazteko aukera emango digu, eta espero dugu datorren urtean hastea lehen urratsak ikusten, Martuteneko presoak Zubietako espetxe berrira eramaten dituztenean", adierazi du sailburuak. Zentzu horretan, operazioak 3 fase izango dituela nabarmendu du. Alde batetik, espetxea eraistea; ondoren, lurzorua altxatzea auzoko gainerako guneen kota berean kokatzeko, eta, azkenik, etxebizitza berriak eraikitzea.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)