ETSk hiru hilabetez moztuko du Lutxana eta Sondika arteko tren zerbitzua, hilaren 24tik, trenbideak berritzeko

Argitalpen-data: 

Metroaren geltokia

Euskal Trenbide Sareak 12 astez etengo du Lutxana eta Sondika arteko trenbideko zirkulazioa datorren astelehenetik, hilaren 24tik, aurrera, trenbideak berritzeko lanei ekiteko. Proiektuaren xede den tartea Metro Bilbaoren 1. linearekin lotzen den Lutxanako (Erandio) eta metroaren 3. linearekin lotzen den Sondikako geltokien artekoa da. 4,5 kilometro inguruko ibilbidean, burualdeetan aipatutako terminalez gain, ia ibilbidearen erdian dagoen Zangroizko geralekua ere sartzen da. Epe horretan, ordezko autobus zerbitzua ezarriko da orduro.

Funtsean, balastoa (trabesei eusten dieten harriak) aldatu, trabesak ordeztu eta trenbideak berriztatuko dira. Gaur egun, zerbitzuak ordubetez behingo maiztasuna du, astelehenetik ostiralera bakarrik. Lanek 3,4 milioi euroko aurrekontua dute, BEZ aparte.

Lutxana eta Sondika arteko tartea urte luzez itxita egon da bidaiarientzat, eta Euskotrenen kotxetegietara sartzeko baino ez zen erabiltzen. 2017ko apirilean inauguratu zen Bilboko metroaren 3. linea eraikitzeko lanen ondorioz, Txorierri eta Zazpikaleen arteko lotura aldi baterako eten behar izan zen, eta Lutxana eta Sondika arteko lotura zaharra berreskuratu zen.

Gaur egun, Txorierri linea izenez ezagutzen denean dagoen Zazpikaleetako eta Lezamako geltokien arteko tartea Bilboko metroaren sarearen barruan dago jada, Kukullaga-Etxebarri eta Matiko artean luzatzen den metroaren 3. linearen luzapen gisa. Sarearen konfigurazio berri horren ondorioz, igarobide horrek hiri-mugikortasuneko zerbitzuen prestazioa eta kalitatea hobetu ditu, zirkulazioen maiztasuna handitu delako eta 900 serieko tren berriak erosi ondoren material mugikorraren erosotasuna eta ahalmena hobetu direlako.

Mozketaren egunetik aurrera, obrek irauten duten bitartean, geltoki eta ordutegi hauek izango dituen ordezko autobus zerbitzua ezarriko da:

Lutxana: Playabarriko autobus geralekua– Lutxana Bidea.

Zangroiz:

  • Sondikako noranzkoa: Geralekuaren ondoan
  • Lutxanako noranzkoa: Biribilguneko autobus geralekua

Sondika: Mitxine Bidea kalea (geltokiaren ondoan)