Ertzaintzaren Enplegu Planak 2028an 8.000 agente izatera iristeko oinarriak ezartzen ditu (Gobernu Kontseilua 2025-11-25)

Argitalpen-data: 


      Argazkia.jpg
  • Bingen Zupiria Segurtasuneko Sailburuak Ertzaintzaren 35. promozioaren deialdiaren oinarriak ere aurkeztu ditu

Bingen Zupiria Segurtasuneko Sailburuak 2024-2028 aldirako Ertzaintzaren Enplegu Planaren berri eman dio Gobernu Kontseiluari. Plan hori aurtengo uztailean onartu zen Ertzaintzaren Negoziazio Mahaian (125 Mahaia), ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuen babesarekin. Gobernu Kontseilutik igaro ondoren, plana Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko da.  

Ertzaintzaren Enplegu Planaren helburu nagusia da Ertzaintzan 8.000 lanpostu betetzea agente gaituekin, bai eta okupazio hori denboran mantentzea ere, zerbitzu publikoa etengabe hobetzeko.  

Plana, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak azaldu duen bezala, dokumentu “bizia” da, eta helburuak bete ahala eguneratuko da bere kronograma. “Planifikazio horrek giza baliabideen optimizazioa erraztuko du, agenteentzat karrera- eta prestakuntza-aukerak barne hartuko ditu, errendimendu hobea ahalbidetuko du eraginkortasunari dagokionez, gardentasunean eta meritokrazian sakonduko du hautaketa- eta sustapen-prozesu bidezkoak, gardenak eta merezimenduan oinarritutakoak ahalbidetuz, eta Ertzaintzaren misioa errealitate aldakorrera egokitzen lagunduko du, bere idiosinkrasiari eutsiz, baina aukera berrietara irekiz”.

Zupiriak nabarmendu duenez, Ertzaintzaren Enplegu Plana “tresna estrategikoa izango da autogobernuaren funtsezko zutabea eta herritarren ongizaterako giltzarria den segurtasuna mantentzeko lan egiten dutenen eraginkortasuna, profesionaltasuna eta erantzuteko gaitasuna bermatzeko”.

Gobernu Kontseiluari horren berri eman ondoren, Segurtasuneko sailburuak agerraldi bat eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Ertzaintzaren Enplegu Plana Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean azaltzeko.

 

35.promozioa

Ertzaintzaren Enplegu Planak barne hartzen du langileak ordezkatzea Enplegu Publikoaren Eskaintzak eta dagozkien deialdiak eginez, horrela 8.000 agentetara iritsi ahal izateko.  

Uztailaren hasieran argitaratutako Euskal Poliziaren deialdi bateratuarekin ez dira bete Ertzaintzarentzat eskaintzen ziren oinarrizko eskalako 473 agente-plazak, eta Segurtasun Sailak beste deialdi bat egitea hitzartu zuen ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuekin, helburu hori lortzeko.  Gaurtik aurrera, interesa duten pertsonek Ertzaintzaren 35. promozioaren deialdian izena eman ahal izango dute. Deialdi berri honek guztira 150 plaza ditu, eta kopuru hori 473 plazara arte handitu ahal izango da, 2025eko martxoaren 6ko deialdian betetzen ez diren Ertzaintzako plazen arabera, une hauetan prozesu hori amaitu gabe baitago.  

Berritasun gisa, eskaerak bide elektronikotik aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Publikoaren Atariaren bidez, honako helbide elektronikoan: https://www.euskadi.eus/empleo-publico/

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, gaurtik hasita, deialdia atzo Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren. Epea abenduaren 23ko 24:00etan amaituko da.

Interesdunek 18 urte baino gehiago eta 38 urte baino gutxiago izan beharko dituzte, Batxilergoko titulua edo titulazio baliokidea edo goragokoa izan beharko dute eta deialdiak jasotako gainerako baldintzak bete beharko dituzte.  

Hautaketa-prozesua

Ertzaintzako 35. promozioko agenteak hautatzeko prozesuak, oposizio-fasean, lau fase izango ditu, guztiak derrigorrezkoak eta baztertzaileak:

  1. Proba psikoteknikoa, adimen-gaitasunak ebaluatzeko.
  2. Ezagutza-proba (test erakoa).
  3. Proba psikoteknikoa
  4. Gaitasun fisikoaren proba.
  5. Elkarrizketa pertsonala.

Gainera, lehiaketa-fasean, hainbat merezimendu baloratuko dira, oinarrietan ezarritakoaren arabera; besteak beste, frantseseko, ingeleseko eta alemaneko hizkuntza-trebetasunak, titulazio eta diploma ofizialak edo Euskal Poliziaren oinarrizko eskalako agente gisa emandako zerbitzuak. Oposizioaren fase guztiak gainditzen dituzten pertsonak praktiketako funtzionario izendatuko dira, eta prestakuntza-ikastaroa egingo dute Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, eta, ondoren, praktikaldia dagokien ertzain-etxeetan. Ertzaintzako funtzionario izateko, hautagaiek gainditu egin behar dituzte bai Arkauteko prestakuntza-ikastaroa, bai ikastetxetik igaro ondoren sartzen diren unitateko praktika-prozesua.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)