Errenteriak 'KirolariEkin' orientazio zerbitzua jarri du martxan

Argitalpen-data: 

Errenteriak 'KirolariEkin' orientazio zerbitzua jarri du martxan

Errenteriako Udalak, Euskal Gizarte Aktiboa lortzeko Mugiment Ekintza Planean urratsa eman du, jarduera fisikoa sustatzeko orientazio zerbitzu berria aurkeztuz.

Ekimena, arrazoi ezberdinengatik inaktiboak diren pertsonei dago zuzenduta, helburu argi batekin: herritarrei jarduera fisikoa haien bizitzetan ohitura gisa txertatzen laguntzea, haien ongizatean zuzenean eraginez. 

Zerbitzua pertsona bakoitzaren gaitasun eta beharretara egokitzen da, arreta pertsonalizatua eskainiz. Orientazio-lan hau Leire Juanbeltz orientatzailearen esku dago. Hasteko, Leirek erabiltzaile bakoitzaren beharrak eta lehentasunak aztertu eta aholkatzen ditu. Elkarrizketa honetan oinarrituta, orientatzaileak pertsonarentzat egokiena den jarduera identifikatzen du eta horren araberako programa pertsonalizatu bat proposatuko dio. Orientazio eta laguntza prozesu hau etengabea da, eta elkarrekin jarritako helburuen betetze mailaren jarraipen zehatza egiten da. Jarraipen honen bitartez, denborarekin, pertsonak jarduera fisikoa bere bizi-ohituretan modu autonomo eta iraunkorrean txertatzea lortu nahi da.

Zerbitzuak ondorengo ordutegia izango du:

  • Astelehenetan: 9:00etatik 13:00etara Galtzarabordako Kiroldegian.
  • Astearteetan: 9:00etatik 11:00etara Galtzarabordako Kiroldegian, eta 11:00etatik 13:00etara Beraungo Anbulategian.
  • Ostegunetan: 9:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 16:00etara Galtzarabordako Kiroldegian, eta 16:00etatik 18:00etara Iztietako Anbulategian.
  • Ostiraletan: 9:00etatik 13:00etara Galtzarabordako Kiroldegian.

Hitzordua eska daiteke 670 107 455 telefonora deituta edo koz@errenteria.eus helbidera idatzita.  

Orientazio zerbitzuak sare komunitario zabal batekin lan egiten du, herritarra zerbitzura iristeko hainbat bide eskainiz. Deribazio bide nagusiak osasun zentroak, gizarte zerbitzuak, SOS arrazakeria, emakumeen etxea eta ikastetxeak dira, nahiz eta auto-deribazioaren bidez ere zerbitzuan parte hartzeko aukera badagoen.

Errenteriako Udalak, herritarrak aktibatzeko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko apustu sendoa berresten du, jarduera fisikoa ongizatearen funtsezko osagai gisa bultzatuz.  Ongi etorri jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuen sarera eta zorte on Leire!