Errenteriak bat egin du Euskadi Lagunkoia sarearekin, hau da, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako Sailak sustatutako eta Matia Institutuak bideratutako ekimenarekin. Atxikimendu berri honekin, 85 udalerri dira dagoeneko sare honetako kide.
Donostialdeko eskualdean kokatua, Errenteriak 39.792 biztanle ditu gaur egun, eta horietatik %24,10 65 urtetik gorakoak dira; %7,6 berriz, 80 urtetik gorakoak. Datu hauek agerian uzten dute zenbaterainoko garrantzia duen adinekoen parte-hartzea sustatzeak eta haien bizi-kalitatea hobetzeko ingurune egokiak sortzeak.
Euskadi Lagunkoia sareak Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatutako "Age-friendly Environments Programme" izeneko ekimena du oinarri, eta herritarren inplikazioa ardatz hartuta, auzo, espazio eta zerbitzuen etengabeko hobekuntza bultzatzen du.
Ongi etorri Errenteria! Gogo biziz hartu zaituztegu sarean, eta proiektu lagunkoi, parte-hartzaile eta eraldatzaile ugari opa dizkizuegu, herria belaunaldien arteko bizikidetzaren eta ongizatearen adibide bihur dadin.