Ermua, adinekoekin lagunkoia den herri baten alde

Argitalpen-data: 

Ermuko Udalak irmoki jarraitzen du adineko pertsonentzako herri atseginago eta irisgarriagoa eraikitzeko lanean. Ermua Lagunkoia ekimenaren barruan, azken hilabeteotan hainbat ekintza gauzatu dira udalerrian, ingurune urbanoaren hobekuntzaren eta herritarren bizi-kalitatearen alde.

Horien artean, Ongarai eta Errotabarri auzoetan bi gune estrategiko egokitu dira, adinekoek sarri erabiltzen dituzten espazioetan. Esku-hartze horiek kostu txikiko baina eragin handiko neurriak izan dira, hala nola: bankuak berriz margotzea Euskadi Lagunkoiaren koloreekin, identifikazio-viniloak jartzea, eta landareontziekin espazio horiek atseginago bihurtzea.

Jarduera hauek Ermua Lagunkoia talde eragilearen eskutik gauzatu dira, Udalarekin eta udaleko langile teknikoekin elkarlanean, irisgarritasuna, mugikortasun segurua eta belaunaldien arteko bizikidetza sustatzeko helburuz.

Beatriz Gámiz alkateak adierazi duenez, “Udaletik oso garrantzitsutzat jotzen dugu adinekoen ongizatea eta belaunaldien arteko harremanak sustatzen dituzten ekintzak babesten jarraitzea, izan ere, herri lagunkoia guztiontzako hobea da”.

Bestalde, espaloien erabilera desegokia jorratu da, ibilgailuek hartutako espazioek adinekoek eta mugikortasun murriztua duten pertsonek oinez ibiltzeko dituzten zailtasunak areagotzen baitituzte. Gipuzkoa etorbidean (Jator gunea), esaterako, espaloietan aparkatutako autoak kendu dira, eta halako neurriak beste auzo batzuetara zabaltzeko asmoa dago.

Ekintza horien bidez, Ermuk zahartze aktibo eta osasungarriaren aldeko konpromisoa berretsi du, pertsonak erdigunean jarriko dituen eta bizi-ziklo osoari erantzungo dion udal-eredu baten aldeko apustu garbia eginez.