Erakundeek agerian utzi dute euskal udalerriek duten konpromisoa emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko tokiko protokoloekin

Argitalpen-data: 

III._Akordioaren_Jarraipen_Batzordea_01.JPG
  • Emakundek diagnostiko bat egin du, eta, bertan, protokoloen ezarpen eta hedapen zabala hauteman da toki-administrazioetan
  • Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko erakundeen arteko III. Akordioaren Jarraipen Batzordea bildu da gaur Gasteizen

Gaur Emakunderen egoitzan bildu da EAEko emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko Erakundeen arteko III. Akordioaren Jarraipen Batzordea. Akordio horren helburua da biktimei arreta ematen dieten erakundeen arteko koordinazioa areagotzea, babes osoa bermatzeko (osasun, segurtasun, justizia eta gizarte arloetan).

Emakunde da batzordearen buru eta Jaurlaritzako honako sail hauek osatzen dute: Osasun Saila; Ekonomia, Lana eta Enplegua; Justizia eta Giza Eskubideak; Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa; Hezkuntza; eta Etxebizitza eta Hiri Agenda. Eta hauekin batera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Euskadiko Fiskaltza Nagusia, hiru aldundiak, EUDEL, Arartekoa, Legelarien Euskal Kontseilua eta Euskadiko Sendagileen Kontseilua, eta hainbat lantalde teknikotan zabaltzen da.

Gaurko bileran, besteak beste, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko tokiko protokoloei buruzko diagnostikoa aurkeztu da, Euskadiko tokiko koordinazio-protokolo horien egoerari buruzko informazio eguneratua izateko, indarrean dauden, aktiboak diren eta arau- eta programazio-esparru berrietara egokitzen ari diren sakonduz. Informazio hau erabakiak hartzeko lagungarria izango da, eta protokoloen eraginkortasuna eta denboran duten iraunkortasuna bermatuko duten laguntza- eta indartze-neurriak bultzatuko dira honi esker.

Diagnostikotik ondorioztatzen da Euskadin protokolo horien ezarpen eta hedapen handia dagoela. Hala, informazio-eskaerari erantzun dioten 184 udalerrietatik, % 93,48k du horrelako protokolo bat. Diagnostikoan ikus daitekeenez, protokolo horien eraginkortasuna udalak protokolo aktiboak gidatzeko eta mantentzeko behar besteko dedikazioa duten berdintasun-teknikariak izatearen mende dago. Alde horretatik, agerian geratu da lurralde-aniztasunera egokitutako erantzun-protokoloak behar direla. Halaber, ondorioetan garrantzitsutzat ikusi da protokoloetan parte hartu duten pertsonentzat indarkeria matxistari buruzko prestakuntza espezializatua emateko konpromisoa eta komunitateko beste eragile batzuekiko aliantzak eta koordinazioa sustatzea.

Umezurtz-egoeran dauden haur eta nerabeentzako arreta

Bileran, bestalde, EAEn indarkeria matxistaren ondorioz umezurtz-egoeran dauden haur eta nerabeei ematen zaien arreta koordinatzeko protokoloa onartu da. Protokolo horrek jarraibide eta orientabideak jasotzen ditu, biktima horien premiei erantzuteko EAEko operadoreen artean behar bezala koordinatuta jardungo dela bermatzeko.

Dokumentua urtebete iraun duen lan-prozesu bateratu eta partehartzaile batean egin da, eta hiru administrazio-mailetako erakundeetako ordezkariek parte hartu dute. Protokoloak hilketa gertatzen den unean larrialdiko arretaren jarduna eta bideratzea hobetzeko gida gisa balioko du, baita errekuperaziorako hurrengo uneetan esku hartzeko ere. Gainera, erreparazio-ariketa batetik abiatuta, protokoloak jasotzen du haur eta nerabe horiek erakundeen eta, oro har, gizartearen etengabeko laguntza izan behar dutela bermatu ahal izateko kalte-ordainak, indemnizazioak, errehabilitazioa eta abar.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)