Emakundek elkartegintza eta berdintasuna bultzatzen duten proiektu estrategikoak indartzeko laguntzak deitu ditu

Argitalpen-data: 


      emakunde_logo.jpg
  • Elkarte eskatzaileek aholkularitza zerbitzu bat izango dute dirulaguntza aurkezteko epea irekita dagoen bitartean
  • Aste honetan zehar informazio-saioak programatu dira EAEko hiru hiriburuetan, deialdiaren berrikuntzak azaltzeko

Emakundek gaur jarri du abian emakumeen elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuei zuzendutako 2025eko dirulaguntzen deialdia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna helburu bakartzat hartuta. Eskaerak egiteko epea maiatzaren 9ra arte izango da zabalik.

Aurreko edizioen ebaluazioa egin ondoren, deialdi honek berrikuntza batzuk dakartza. Horrela, bi laguntza-ildo ireki dira, bata elkartegintza indartzeko proiektuetarako eta bestea emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko proiektu estrategikoetarako. Lerro horietako bakoitzak 215.000 euroko partida ekonomikoa du.

Deialdi honen beste hobekuntzetako bat elkarteei zuzendutako aholkularitza zerbitzu bat abian jartzea da, proiektuak egin eta aurkeztean sortzen diren ohiko zalantzak argitzeko.

Laguntzak eskatzeko hilabeteko epean – EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera – erakunde eskatzaileek laguntza integrala eskuratu ahal izango dute, proiektuen formulazioari, balorazio-irizpideei edo dirulaguntzaren izapidetze digitalari buruzko zalantzak argitzeko.

Berritasun horiek elkarteei zuzenean ezagutarazteko, Emakundek hiru informazio-saio antolatu ditu, euskal hiriburu bakoitzean bat, aste honetan zehar. Bihar, asteazkena, Gasteizen; ostegunean, hilak 10, Bilbon; eta ostiralean, hilak 11, Donostian. Izena emateko esteka.

Erakunde bakoitzak laguntza-lerro bakoitzeko laguntza bakarra jaso ahal izango du, gehienez 8.000 eurokoa elkartegintza indartzeko, eta 20.000 eurokoa emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko proiektu estrategikoetarako.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)