Ekonomia Sailak kulturaren aldeko apustua egin du, Euskadin ekonomia garatzeko, berritzeko eta enplegua sortzeko sektore estrategiko gisa

Argitalpen-data: 


      DSC06706.JPG
  • Arantza Martínez Tobalina Enplegu zuzendariak azpimarratu du musika sektoreak ahalmena duela kalitatezko enplegua sortzeko eta talentu gazte eta berritzaileari eusteko, “potentzial handiko hazkunde motorra” delako

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak berretsi egin du kultura eta sormen sektorearekin duen konpromisoa, ardatz estrategikoa baita ekonomia dinamizatzeko eta gizarte sarea eraldatzeko. Zentzu horretan, sail hori izango da Dantz Festival jaialdiaren babesle instituzionala, ikusgarritasun publikoa emateko eta Euskadiko ekonomian duen eragina indartzeko.

Gaur, astelehena, Donostian egin den jaialdiaren aurkezpenean, Arantza Martínez Tobalina Enplegu zuzendariak azpimarratu du musika sektoreak ahalmena duela kalitatezko enplegua sortzeko eta talentu gazte eta berritzailea atxikitzeko, “potentzial handiko hazkunde motor” gisa. Ikuspegi hori zuzenean bat dator Enpleguaren Euskal Estrategia 2030en helburuekin. Estrategia horrek lehentasuna ematen dio gorabidean dauden eta balio erantsi handia duten sektoreetan enplegua sortzeari; hala nola, musika elektronikoan eta abangoardiazkoan.

Euskal sektore kulturalaren sendotasuna aintzatetsi du Martínez Tobalinak, gaur egun 50.000 pertsona baino gehiago enplegatzen baititu, Euskadiko enplegu osoaren % 2,5 inguru, Kulturaren Euskal Behatokiaren datuen arabera. Ekosistema horren barruan, musikak, eta bereziki elektronikak, aukera nitxo gisa duen “ahalmen handia” nabarmendu du.

“Inbertsio publikoak profil berri horien prestakuntza eta gaikuntza erraztu dezake, tokiko talentuak aukera horiek aprobetxatzen dituela ziurtatu eta Euskadin talentu hori atxikitzen lagundu dezake, profesionalek beste merkatu garatuago batzuetara ihes egitea saihestuz”, adierazi du Enplegu zuzendariak. Halaber, azaldu du industria hori bultzatzeak enpresen eta startupen sorrera sustatzen duela, ekosistema “dinamikoa eta iraunkorra” sortuz.

Eusko Jaurlaritzak Dantz Festivali emandako babesa laguntza ekonomiko hutsa baino gehiago da; alegia, ekitaldiaren eragin soziala indartuko duen “lankidetza estrategikoa” eratzeko tresna. Erakundeen babes hori datuetan ere oinarritzen da: Euskadiko Musika Sustatzaileen Elkartearen azterlan batek argitan jartzen du musika jardueretan inbertitutako euro bakoitzak hiru eurorainoko zeharkako eragin ekonomikoa izan dezakeela hainbat sektoretan; hala nola, turismoan, ostalaritzan, tokiko merkataritzan eta zerbitzu teknikoetan.

Martinez Tobalinak dei egin die beste erakunde publiko eta pribatuei “etorkizuneko motor gisa kulturaren aldeko apustu horrekin bat egiteko”. Eta bere sailaren konpromisoa berretsi du, Dantz Festival bezalako ekimenak “sendotu, hazi eta Euskadi dinamikoago, inklusiboago eta sortzaileago batean laguntzeko”.

Dantz Festival

Dantz Festival jaialdiaren bederatzigarren edizioa hilaren 29an eta 30ean izango da, Donostiako Miramongo anfiteatroan. Musika elektronikoaren eta abangoardiakoaren panoraman erreferentzia den urteroko hitzordua da. Proposamen artistikoaz harago, jaialdia kultur enplegua bultzatzen duen, tokiko ehun sortzailea indartzen duen, berrikuntza teknologikoa sustatzen duen eta dinamizatzaile ekonomiko gisa jokatzen duen proiektu integral gisa ulertzen da.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)