Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak indartu egin du Euskadiko autonomoei eta ekintzailetzari bideratutako babesa  

Argitalpen-data: 


      20251024_Mikel_Torres__1_.jpg
  • Mikel Torresek azpimarratu du etorkizuneko autonomoen lana bultzatzeko apustua, “digitalagoa, formatuagoa eta jasangarriagoa” izango dena, baita ekintzaileen ekosistema “sendo eta moderno” baten aldekoa ere, “kalitatezko enplegua eta belaunaldi guztientzako aukerak bermatuko dituena”
  • Torres Lehendakariordeak adierazi du autonomoen lanak Euskadin duen pisuak, 119 autonomo 1.000 biztanleko, Estatuko batez bestekoaren gainetik jarraitzen duela oraindik

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak berretsi egin du langile autonomoekiko eta ekintzailetza bultzatzeko duen konpromisoa, Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialaren motore gisa. Autonomoen kopuru absolutuan gorabeherak egon arren, Euskal Autonomia Erkidegoan norberaren konturako lanak Estatu osokoak baino pisu handiagoa du, “euskal ehun ekonomikoaren sendotasun eta heldutasunaren isla”.

Mikel Torres Lehendakariordeak gaur Eusko Legebiltzarrean gogorarazi du 2025eko abuztuan, autonomoak EAEko enplegu guztiaren % 16,9 zirela, eta Estatuko batez bestekoa, berriz, % 16,5ekoa zela. Gainera, Euskadik 119 autonomo ditu 1.000 biztanleko, Espainiako batez bestekoaren (107) oso gainetik. “Zifra horiek berresten egiten dute autonomoen lana euskal produkzio sistemaren funtsezko zati bat dela, kotizatzaileen kopurua maximo historikoan denean, Gizarte Segurantzan milioi bat afiliatutik gora daudenean, eta langabezia tasa % 7tik behera”, azpimarratu du.

Ildo horretan, Torresek nabarmendu du Euskadiko enpleguaren bilakaerak erakusten duela “egonkorragoak diren eta lan eskubide gehiago dituzten okupazioak” daudela, “soldatapeko enplegua hobetzeak eta autonomo faltsuen egoerak zuzentzeak bultzatuta, Lan Ikuskaritzaren eta Rider Legearen lanari esker”. “Ez da ari enplegua suntsitzen, eskubideak ari dira irabazten”, azpimarratu du Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, talde popularrak aurkeztutako interpelazio bati erantzunez.

Mikel Torresek azpimarratu du bere sailak autonomoen lana babesteko estrategia integrala ari dela garatzen, lau ardatz nagusitan egituratuta:

  • Kolektiboaren ezagutza eta azterketa, Eustaten bitartez, politika publikoak oinarri sendo eta eguneratuen gainean bideratzeko.
  • Laneko segurtasuna eta osasuna: Osalanek sustatutako online prestakuntza ikastaroak, dagoeneko 500 autonomo baino gehiago formatu dituzte.
  • Sektorearen ordezkaritza indartzea, sektoreen arteko elkarte egiturei laguntzak emanez.
  • Ekintzailetza sustatzea, 5,88 milioi eurorekin 2024an (itxitako azken ekitaldia) enpresa ekimen berriei laguntzeko programetara zuzenduta, ideiatik hasi eta finkatu arte, arreta berezia jarrita gazteengan eta langabeengan.

Gainera, Torresek balioan jarri du foru aldundiekin, merkataritza ganberekin eta Gaztenpresa gisako erakundeekin dagoen lankidetza, ekosistema ekintzaile partekatua, berritzailea eta iraunkorra indartzen baitu.

“Ekoizpen eredu modernoago, digitalizatuago eta lehiakorrago baterantz doa Euskadi. Produktibitatea handitzeak, enpresa handiagoak sortzeak eta lan baldintzak hobetzeak erakusten dute euskal ekonomia egitura sendoago eta orekatuago baterantz doala”.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak “jarraitu egingo du ekintzailetza eta autonomoen lana indartzeko politikak bultzatzen, kalitatezko enplegua, berrikuntza eta pertsona guztientzako aukerak sustatuz”, azpimarratu du Torres Lehendakariordeak.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)