EIBM-k Ekonomia Ituna aldatzea erabaki du, inportazioak egiten dituzten euskal zergadunek ez dezaten BEZ-aren ordainketa aduanetan aurreratu behar.

Argitalpen-data: 

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak —EIBMk— aho batez erabaki du Ekonomia Ituna aldatzea. Horretarako, zazpigarren xedapen gehigarri berri bat gehitu du. Xedapen horrek bidea ezartzen du foru-ogasunei zergak ordaintzen dizkieten eta inportazioak egiten dituzten zergadunek jarduera horrengatik balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZaren) ordainketa aduanetan aurreratu behar ez izateko. Horrela, BEZaren geroratze-sistemari heldu zaio, eta 2024ko azaroaren 13ko eta abenduaren 23ko bileretan Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostutako konpromisoak bete dira.

Euskal ordezkariak hauek izan dira: Noël d’Anjou, Ogasun eta Finantzetako sailburua; María Ubarretxena, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua; Ramiro González, Arabako diputatu nagusia; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko diputatu nagusia; Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; eta Iñaki Alonso, Ogasuneko sailburuordea. Bestalde, hauek izan dira Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkariak: María Jesús Montero, Gobernuko lehen presidenteordea eta Ogasuneko ministroa; Jesús Gascón, Ogasuneko estatu-idazkaria; María José Gualda, Aurrekontu eta Gastuen estatu-idazkaria; Arcadi España, Lurralde Politikako estatu-idazkaria; Miryam Álvarez, Lurralde Koordinazioko idazkari nagusia; eta Inés Olóndriz de Moragas, Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Finantzaketarako idazkari nagusia.

 

EKONOMIA ITUNAREN ALDAKETA

 

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak akordio garrantzitsua adostu du gaur inportazioak egiten dituzten foru-zergadunentzat.

2015ean Estatuko Administrazioak kudeaketa-sistema berri bat sartu zuenetik (inportaziorako balioaren gaineko zerga Estatuaren eskumen esklusiboa da), zergadunei aukera ematen zitzaien balio erantsiaren gaineko zergaren ordainketa aduanetan aurreratu behar ez izateko. Hala ere, foru-ogasunentzat tributatzen zuten zergadunak sistema horretatik kanpo zeuden. Horregatik, finantza-karga gehigarri bat jasaten zuten, diru hori Aduanan aurreratu behar zutelako, eta gero foru-ogasunetatik berreskuratu.

Gaur egindako akordioarekin, euskal foru-ogasunek eta Ogasun Ministerioak mekanismoak adostuko dituzte Estatuko Administrazioan zergak osorik ordaintzen ez dituzten subjektu pasiboei Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 74.1 artikuluan aurreikusitako sarrera geroratzeko sistemaren aukera baliatzea errazteko. Horren ondorioz, euskal zergadunek ez dute Aduanan inportazioari balio erantsiaren gaineko zergaren kuoten ordainketa aurreratu beharrik izango, baizik eta foru-ogasunen aurrean deklaratu ahal izango dituzte ohiko aitorpenetan. Horrela, euskal zergadunak Estatuko gainerako zergadunen lehia-egoera berean egotea lortuko da.

Akordio hori inplementatzeko inportaziorako balio erantsiaren gaineko zergaren erregulazioan aldaketak egin behar direnez, eta foru-ogasunen eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren artean gai horri dagozkion egokitzapen informatikoak egin behar direnez, Batzorde Mistoak erabaki du mekanismo horiek 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko direla.

 

EKONOMIA ITUNA ALDATZEKO LEGEAREN PROIEKTUA

Gaur adostutako Ekonomia Itunaren aldaketa Batzorde Mistoak 2024ko azaroaren 13ko eta abenduaren 23ko bileretan erabaki zituenei gehitzen zaie, eta horiek guztiak Gorte Nagusietan tramitatutako dira, Espainiako Gobernuak aurki onartuko duen Ekonomia Ituna Aldatzeko Legearen proiektu bakar baten bidez.

Aldaketa horiek guztiek Euskadiren finantza-autogobernua zabaltzea dakarte, baita aurrera egitea ere, besteak beste, honako gai hauetan:

  • Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan autonomia arauemailea handitzea.
  • 7/2024 Legearen bidez sortutako zerga berriak ituntzea, autonomia arauemaile osoarekin multinazionalentzako zerga osagarriaren kasuan eta finantza-erakunde jakin batzuen interes-marjinaren eta komisioen gaineko zerga berrian.
  • Betebehar formalen eta kudeaketa-arauen gaineko eskumena handitzea zeharkako 14 zergaren kasuan.
  • Sozietateen gaineko zergan eta balio erantsiaren gaineko zergan euskal enpresek foru-ogasunei esklusiboki ordaindu beharreko zergak 10 milioi eurotik 12 milioi eurora igotzea.
  • Gaur adostutako irtenbidea, euskal zergadunek beren inportazioei dagokien balio erantsiaren gaineko zergaren ordainketa geroratzeko aukera izan dezaten.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)