EGEFek 2,5 milioi euroko inbertsioa finantzatzen du Lezako Ospitalean, energia-eraginkortasuna handitzeko

Argitalpen-data: 

Osakidetzak eraberritze garrantzitsua egin du paziente kronikoentzako erreferentziazko Arabako ospitalean, Euskadiko EGEF 2021-2027 programaren esparruan

Osasun-zentroak, Arabako Errioxako ESIaren epizentroak, 11.500 biztanle ingururi ematen die osasun-laguntza. 

Ospitalizazioko batez besteko egonaldia 58 egunekoa da. Hori dela eta, funtsezkoa da zentroan egoteko aldia ahalik eta atseginena izatea asistentziaren hartzaileentzat, batez ere paziente pluripatologikoentzat, errehabilitazio-prozesuan daudenentzat edo eriondo-premiak edo zainketa aringarriak dituztenentzat. 

Europar Batasunak, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez, Osakidetzako Azpiegitura Zuzendaritzak egindako 2,5 milioi euroko inbertsioa lagundu du, fatxaden eta teilatuaren isolamendua hobetzeko eta energia aurrezteko, ospitale-zentro ahalik eta eraginkorrena izan dadin. 

Aurten bi esku-hartze egin dira Lezako Ospitalean. Obra estrategikoetako bat, dagoeneko amaituta dagoena, egungo gasolio-galdaren ordez biomasa-galdarak eta propano-kondentsazioko galdarak jartzea izan da, ingurumena gehiago errespetatzen dutenak. Jarduera horrek 1,2 milioi euroko aurrekontua izan du, eta eraikinaren kontsumo termikoaren % 60 baino gehiago energia berriztagarrietatik etortzea lortu du. 

Bigarren interbentzio handiak, administrazio-lanak hartzen dituen ospitalearen ondoko eraikinean egiten ari direnak, 1,3 milioi euroko aurrekontua izan du, eta udarako amaitzea aurreikusten da. Eraikinaren energia termikoaren kontsumoa nabarmen murriztea lortuko da, fatxada konpontzeari eta fatxaden nahiz estalkiaren isolamendua hobetzeari esker. 

Bi obra horiek 2021-2027 aldirako Eskualde Garapeneko Funtsaren EAEko programaren barruan daude. Osakidetzak 2.1 helburu espezifikoaren barruan egin du jarduera hori "Energia-eraginkortasuna sustatzea eta berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea", Lezako Ospitaleko energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera hobetzeko.