Donostia izango da Adinekoekin Lagunkoia diren Hiri eta Komunitateen Munduko III. Kongresuaren egoitza 2026an

Argitalpen-data: 

Donostiaren hautaketak sendotu egiten du Euskadik adinekoekin lagunkoiak diren inguruneak eraikitzeko duen konpromisoa.

Donostia-San Sebastián izango da Adinekoekin Lagunkoia diren Hiri eta Komunitateen Munduko III. Kongresua hartuko duen hiria, 2026ko ekainaren 16an, 17an eta 18an egingo dena. Imsersoko zuzendari nagusi Mayte Sancho andreak iragarri du albistea, Gipuzkoako Foru Jauregian egindako agerraldian. Bertan egon dira ere Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua, eta foru diputatuak, Eider Mendoza eta Maite Peña.

Topaketa honek, Osasunaren Mundu Erakundea (OME) laguntzaile izango duela, mundu osoko ordezkariak, adituak eta erakunde sozialak bilduko ditu, adinekoekin lagunkoia den ingurune bat eraikitzeko esperientziak, politikak eta praktika onak partekatzeko helburuarekin.

OMEk joan den maiatzaren 19an, Genevan egindako urteko Batzarrean baieztatu zuen Espainia izango dela kongresuaren hurrengo egoitza, eta horrek, adinekoen bizi-kalitatea eta belaunaldien arteko bizikidetza hobetzeko egiten ari den lana aitortzen du.

Donostia izan zen Espainian OMEren ekimen honetan parte hartzen lehena, 2009an. Ordutik, hiriak diagnostikoa eta ekintza plana egin zituen, eta gaur egun erreferente izaten jarraitzen du Estatuan adinekoen lagunkoitasunaren ikuspegitik.

Euskadin, Euskadi Lagunkoia Berria sareak 86 udalerri ditu egun, lagunkoitasunaren alde lanean. Horietatik 27 Gipuzkoan, 37 Bizkaian eta 22 Araban daude. Herri eta hiri horiek guztiek parte hartze aktiboa, inguruneen egokitzapena eta zahartze osasungarria sustatzen dute.

Gure webgunean informazio guztia eta udalerrien zerrenda osoa aurki daitezke, lurraldeka antolatuta.

Kongresua aukera paregabea izango da Euskadin azken urteetan egindako lana erakusteko, eta era berean, beste esperientzia batzuk ezagutzeko eta ikasteko. “Kongresuak sarea indartu eta esperientzia berriez hornituko du, herritarren, eta bereziki adinekoen parte-hartzea bultzatzeko helburuarekin”, adierazi zuen Nerea Melgosa sailburuak.

Kongresua Imsersok antolatuko du, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin, eta gai garrantzitsuak jorratuko dira: belaunaldien arteko ikuspegia, zahartze osasungarria, aniztasuna edo gizarte-partaidetza, besteak beste. Herri eta hiri lagunkoien sareko ordezkariak ez ezik, gizarte-erakundeak eta adineko pertsonak ere izango dira partaide.

Topaketa hau 2021–2030 Zahartze Osasungarriaren Hamarkadaren barruan kokatzen da, eta OMEren helburuen artean dagoen hiri eta komunitate lagunkoien sare globala indartzea eta konektatzea du xede.

Euskadi Lagunkoia Berriatik gonbita luzatzen diegu udal guztiei eta komunitate-eragileei, kongresu honetan parte hartzeko eta adinekoekin lagunkoia den Euskadi eraikitzen jarraitzeko.