- Datorren ostegunean, ekainak 19, Abandoko Barrutiko Udaltegian –Barrainkua 5–, "Bilboko Adinekoekiko Hiri Lagunkoiaren IV. Plana" izenekoaren esparruan boluntarioei laguntzeko aukerak aurkeztuko dira.
- Pertsona horiek, beren aukeren eta interesen arabera, Plana eta haren ekintzak zuzenean bultzatzen lagundu ahal izango dute, lehendik dauden boluntariotza-programetako batean edo hiria hobetzen laguntzen duten bestelako ekimenetan.
Bilboko Udalak lantalde berri bat osatu nahi du, Bilbo hobetzeko lan egiteko konpromisoa hartu nahi duten 60 urtetik gorako pertsonez osatua. Ekimen hori "Bilbo, adinekoekin adiskidetsua den hiria. Bilbo +60" IV. Planaren harira jarri da martxan. Plan horren bidez, Bilboko Udalak hiri atseginagoa lortu nahi du, eta komunitate osoaren parte-hartzea eta inplikazioa bilatu, batez ere adinekoena, euren ingurunea hobetzeko zuzenean esku-har dezaten.
Datorren ostegunean, ekainak 19, Abandoko barrutiko auzo-etxean –Barrainkua 5–, bi informazio-saio egingo dira, goizez (11:00) eta arratsaldez (18:00), lankidetza-aukerak ezagutarazteko eta, era berean, boluntarioek hurrengo IV. Planeko ekintzetan izango duten parte-hartzea bideratzeko.
Horrela, Plana hedatzen jarraitu nahi da, eta talde eragile bat eratu, Planaren lidergoan eta sustapenean lagundu ahal izateko eta hiriko beste elkarte, eragile eta adineko pertsona batzuk Bilbo, adineko pertsonekin adiskidetsua den hiria planaren garapeneko partaide bihurtzeko.
Talde eragilea aktiboki arituko da lankidetzan Bilboko Udalarekin, toki-administrazioak bultzatutako plan eta proiektuetan lagunkoitasunaren ikuspegia txertatzeko helburuz. Lankidetza horri esker, pertsonak ardatz dituen ikuspegiarekin aberastuko dira udal-ekimenak, eta, horrez gain, lan-ildo berriak proposatuko dira, hiri irisgarriago eta inklusiboago batekiko konpromisoa indartzeko, herritar guztien ongizatera bideratua.
Euren aniztasunetik kolektiboaren aberastasuna eta pluraltasuna islatuko dituzten pertsonak bilatzen ditu Bilboko Udalak. "Funtsezkoa da plan berri hau adineko eragile aktiboekin moldatzen joatea. Haiek, beren ikuspegitik, norberaren bizi-esperientziatik, Plan hau nondik eta nola sustatu asmatzen lagunduko dute, hiri inklusiboagoa sortzeko, herritarren parte-hartze maila handiagoarekin, harremanetarako eta belaunaldien arteko topaketetarako espazio gehiagorekin", azpimarratu du Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziak.