Bilbao segurtasun-operatibo zabala aktibatu du 2025eko Aste Nagusirako

Argitalpen-data: 

  • Udaltzaingoak eta Ertzaintzak gaur eman dute aditzera zeintzuk diren jaietan hiri osoan zabalduko den operatibo bereziaren azken xehetasunak, arreta berezia eskaini diote herritarren segurtasunari, zaintza indartuko da jaiguneen barruan zein kanpoan, eta eraso sexisten prebentzioa lehenetsiko da.
  • Era berean, biktimei laguntzeko zerbitzuak, osasun-arreta eta larrialdietako prebentzio-gailuak indartuko dira kontzertuetan, su artifizialetan eta Itsasadarreko jardueretan.

Hiria Aste Nagusiaren edizio berri bat bizitzeko prestatzen ari da, datorren zapatuan (abuztuak 16) hasiko baita Aste Nagusia.

Horretarako, Bilboko Udalak segurtasun-operatibo garrantzitsu bat prestatu du, eta haren xehetasunak gaur goizean bertan aztertu ditu Segurtasuna Koordinatzeko Batzordeak. Juan Mari Aburto alkatea buru izan duen bilera horretan, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agintariek, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriak eta Segurtasuneko zinegotzi Amaia Arregik parte hartu dute, beste arduradun instituzional batzuen artean. Bilera horretan, azken ukituak eman dizkiote operatibo bateratu eta koordinatuari, zeina egokitu baita bederatzi egunez hiriko hainbat tokitan milioi eta erdi pertsona baino gehiago mobilizatuko dituzten jai horien tamainara eta ezaugarrietara.

PREBENTZIOA ETA BEREHALAKO ERREAKZIOA

Gainetik azalduta, segurtasun-operatibo berezi bateratu eta koordinatu bat diseinatu da, hiri osoan hedatuko dena, funtsezko gai bitan oinarrituta: segurtasuna bermatzea eta prebentzioan eragitea. Era guztietako delituak prebenitzea, eta arreta berezia jartzea eraso matxistei eta gorroto-delituei.

Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agentea, uniformez zein kale-jantzian hara eta hona ibiliko direnak eguneko 24 orduetan jai-eremu nagusietan. Ohikoa den bezala, lehenetsiko da jende gehien biltzen den lekuetan egotea poliziak. Areatzan, Zazpikaleetan, Plaza Biribilean, Campo Volantín pasealekuan, Erkoreka plazan, Europa parkean, Abandoibarran, Casilda Iturrizar parkean, Moyua plazan edo Etxebarria parkeko barraka-eremuan.

Eremu horietan patruilatuko lehenengo prebenitzeko eta, deliturik gertatuz gero, jarduteko; delitu horien artean ohikoenak ebasketak dira. 2024ko edizioan, Udaltzaingoak Aste Nagusian erregistratutako 562 salaketetatik % 72,6 (408) ebasketak izan ziren, batez ere mugikorrenak eta diru zorroenak.

Gainera, Ertzaintzak kontrolguneak ezarriko ditu jende asko biltzen den eremu horietarako sarbideetan, ibilgailurik ez igarotzeko, eta arma edo objektu arriskutsuren bat eramaten duten pertsonen sarrera iragazteko.

Nabarmentzekoa da ebasketa-delitu baten biktima diren herritarrek polizia-etxeetatik kanpo ere jarri ahal izango dituztela salaketak. Kasu horietan eta bestelako delitu arinetan –egile ezezagunak eragindako kalteak eta lapurretak–, esku hartzen duten udaltzainek delitua gertatu den lekuan artatuko dituzte biktimak, salaketa-akta aldean eramago dute-eta. Era berean, Udaletxeko komisarian prestatutako Salaketak Jasotzeko Zerbitzu Berezian ere jarri ahal izango dira mota horretako salaketak.

ERASO MATXISTAK

Segurtasun-dispositiboak eraso sexisten aurkako prebentzioan eta jarduketan ere izango du eragina. Beraz, jaigunearen barruan zein kanpoan agente gehiago jarriko dira, kale-jantzian, prebentzio-lanak egiteko eta berehala jarduteko; bideozaintza neurri pasibo gisa inplementatuko da; eta, beharrezkoa denean, instituzioarteko protokolo guztiak abiaraziko dira.

Iaz, Udaltzaingoak bederatzi salaketa erregistratu zituen sexu-askatasunaren aurkako delituengatik, gehienak sexu-ukituak.

Horri dagokionez, Amaia Arregik aitortu du sexu askatasunaren aurkako delituen gaiak asko kezkatzen dituela udal-arduradunak, ezen "nahiz eta delituon intzidentzia txikia izan kopuruz, haien larritasunak erantzun irmoa, zeharkakoa eta denboran iraunkorra eskatzen du, erantzun polizialaz haragokoa". Horregatik bultzatu du Udalak, aurten ere, eraso sexisten aurkako prebentziorako eta sentsibilizaziorako udal-estrategia; hain zuzen ere, nahi duelako herritarrak inplika daitezen, era horretan errespetuan eta askatasunean oinarritutako portaerak eta harremanak sustatzeko eta indarkeria matxista desagerrarazten laguntzeko. Estrategia horren goiburua "Errespetu Nagusia" da.

Ildo horretan, Arregik gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren SOS DEIAK aplikazio mugikorra eskuragarri dagoela eta herritarrak animatu ditu aplikazio hori deskargatzera, oraindik deskargatu ez badute. “Sistema horrek segurtasunaren zerbitzura jartzen du teknologia", eta erabiltzaileei aukera ematen die, edozein gorabehera gertatuz gero, zuzenean larrialdietako zentro bakarrari jakinarazteko; gainera, "badu atal berezi bat, halako erasoren bat gertatzen denean laguntza eraginkortasunez eta berehala eskatzeko”.

Baina prebentzioaz harago, arretari dagokionez, aurreko urteetan bezala, Biktimei Laguntzeko eta Babesteko Udaltzaingoaren Ikuskaritzak arreta aurrez aurre emateko zerbitzu espezifiko bat planifikatu eta diseinatu du Udaletxeko Komisarian ere —Areatzako jaigunetik hurbilen dagoen komisarian—, 22:00etatik 06:00ak arte. Zerbitzu horren helburua da lehenengo harrera eta arreta ematea era guztietako indarkeria matxisten balizko biktimei, bereziki ahulak diren pertsonei eta gorroto arrazista, xenofobo, ijitoen kontrako eta LGTBIfobikoko delitu edo gertakarien biktimei. Udalak emandako zerbitzua indartu nahi da, jaietan izan daitezkeen gorroto arrazista, xenofobo, ijitoen kontrako eta LGTBIfobikoko gertakarietan aholkularitza emateko eta jarduteko protokoloaren esparruan, Segurtasuneko eta Gizarte Ekintzako Sailekin koordinaturik.

BIDE-SEGURTASUNA. KONTROLAK INDARTZEA 

Segurtasun-dispositiboan lehentasuna duen beste alderdietako bat pertsonak babestea da, eta horretarako pertsonen osotasun fisikorako —bide-segurtasuna barne— arriskutsuak diren jokaerak galarazi edo gutxituko dira. Horregatik, aurten ere, alkoholemiaren eta droga-kontsumoaren prebentzio-kontrolak indartuko dira.

Beraz, Udaltzaingoak berrogei kontrol baino gehiago planifikatu ditu, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan, hiriko zenbait puntutan, eta Ertzaintzak beste horrenbeste egingo du hirira sartzeko puntuetan. Horren guztiaren helburua da herritarrak kontzientziatzea oso garrantzitsua dela alkohola eta drogak saihestea gidatu behar denean, eta tasa seguru bakarra % 0,0 dela.

Alkoholaren eta drogen kontsumoa, istripu-tasa handiagoarekin ez ezik, heriotza-tasa handiagoarekin ere lotuta dago, jasandako lesioen pronostiko okerragoarekin oso lotutako faktorea baita.

2024an, ia 465 alkoholemia-proba egin ziren kontroletan, eta 12 bakarrik izan ziren positiboak. Gainera, 67 estupefaziente-proba egin ziren (7 positibo).

Gainera, 26 zirkulazio-istripu egon ziren azken Aste Nagusiko egunetan (hamabost talka, kalte materialak eragin zituztenak; bederatzi talka, zaurituak eragin zituztenak; eta, harrapatze bi). 18 pertsonak min hartu zuten istripu hauetan, horietako bat larria.

ELIKAGAIEN SEGURTASUNA

Udaltzaingoak legez kanpoko kalez kaleko salmenta ere kontrolatuko du. Ez daude baimenduta udalaren baimenik ez duten salmenta-postuak, ezta ebakuazio-bideak okupatzea eta herritarren segurtasuna arriskuan jartzea dakartenak ere.

2024ko edizioan, inolako osasun kontrolik gabe saltzen ari ziren 100 kilo janari konfiskatu zituzten udaltzainek.Gainera, beste 30 produktu konfiskatu ziren, hala nola tabakoa, garagardo-latak, piroteknia...

GALDUTAKO ETA AURKITUTAKO GAUZEN ZERBITZU BEREZIA

Udalaren instalazioetan dagoen Udaltzaingoaren Ikuskaritzan, Galdutako eta Aurkitutako Gauzen Zerbitzu Berezia jarriko da berriro martxan, jaietan galtzen diren objektu guztiak (diru-zorroak, giltzak eta/edo mugikorrak, batez ere) ahalik eta lasterren itzultzen saiatzeko.

Zerbitzu hori 24 orduz egongo da zabalik Aste Nagusi osoan (telefonoa: 94 420 49 81), eta lau pertsonek emango dute denbora guztian, abuztuaren 17ko (zapatua) 18:00etatik azken domekako 00:00etara arte. Eta, martxan jarrita, galdutako objektuak berreskuratzeko denbora murriztu egin nahi da, batez ere dokumentazio pertsonala.

Aurrez aurreko eta telefono bidezko arreta-zerbitzu berezi hori arduratuko da aurkitutako objektuen eta/edo dokumentazioen edo gauzen jabeak lokalizatzeaz eta haiek entregatzeaz.

Zerbitzu hori arduratuko da, orobat, diru-zorroak, dokumentazioa, telefono mugikorrak eta beste objektu batzuk ebasteagatik interesdunek jarri nahi dituzten salaketak biltzeaz eta izapidetzeaz.

Kontuan harturik nolako objektua galtzen den, dagokion informazioa eskatuko zaio interesdunari; mugikorren kasuan, ezinbestekoa izango da ekipo mugikorraren nazioarteko nortasuna (IMEI) ematea.

Herritarren laguntza eskatzen da, galdutako objektuak aurkitu bezain laster bulego honetan entrega ditzaten, itzulketek arrakasta izateko beharrezkoa baita objektuak azkar aurkitzea eta jabeekin berehala jartzea harremanetan.

Era berean, herritarrek aurkitzen dituzten objektuak jaigunean patruilatzen ari diren Udaltzaingoaren edozein patruila uniformaturi ere eman ahal izango zaizkie, baita jaien, barraken, kontzertuen eta abarren esparruetako sarbideetan dagoen beste edozein unitateri ere.

Bulego horri esker, iaz 330 objektu baino gehiago jaso ziren, gehienak dokumentazioa, diru-zorroak eta mugikorrak.

BABES ZIBILA

Hiriak osasun-dispositibo garrantzitsua izango du, jai-eremu guztiak estaltzeko eta larrialdiei erantzuteko, eta koordinatuta egongo da polizia-kidegoekin eta suhiltzaileekin. Horrela, Udalak anbulantziak eta osasun-langileak izango ditu Abandon, Casilda Iturrizar parkean, Europa Parkeko eta Abandoibarreko kontzertuguneetan, eta Etxebarria parkeko barraken esparruan eta inguruetan, barraketako ordutegian; azken hori indartu egingo da su artifizialak jaurti aurretik, bitartean eta ondoren.

Aste Nagusia ospatuko den 9 egunetan (abuztuaren 16tik —zapatua— 24ra —domeka— bitartean), Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzuak batez beste 9 prebentzio-zerbitzu operatibo emango ditu egunero, jaietako eta barraketako ekitaldi eta esparruetan gertatzen den edozein larrialdiri edo arrisku-egoerari aurrea hartzeko.

Horretarako, guardiak indartuko dira egunero, bai Miribillako parke nagusian, bai Deustuko zonako parkean. Batez beste, 40 suhiltzaile egongo dira. Guardiako dotazio indartu horien barruan, aurreikusi da uretako erreskateko eta urpekaritzako dotazio bat egongo dela ibaian denbora guztian, eta salbamenduko ontzi bi egongo dira.

Goizetan, azterketa operatiboko ekintzak egingo dira, ur-hartuneen sarbideak, kokalekua eta eraginkortasuna aztertzeko, eta beste ebakuazio- eta babes-neurriak aztertuko dira jaigune eta kontzertuguneetan. Eta arratsalde eta gauetan, Aste Nagusian programatutako jai- eta kultura-ekitaldi ugarien prebentzio eta operatibo zerbitzuak garatuko dira, hala nola musika-kontzertuetan, itsasadarreko jardueretan, piroteknia ikuskizunetan, etab.

Egunero ikusle eta pertsona gehien biltzen dituen ekitaldia su artifizialen jaurtiketa da, Mallonatik egiten dena. Horretarako, prebentzio-dispositibo berezi bat planifikatu da, 21:00etatik aurrera abiaraziko dena Itxaropen kalean, Zingira eta Itxaropen kaleen arteko elkargunean, Venezuela plazan, suak jaurtitzeko gunean eta Mallonako saskibaloi zelaian, baita Itsasadarrean ere —Areatzako eta Zubizuriko zubien artean—.

Azpimarratu beharra dago da, su artifizialen ikuskizunei lotutako segurtasuna bermatzeko eta indartzeko, Bilboko Udaleko Suteak Itzaltzeko Zerbitzuak mantendu egingo dituela azkeneko urteetan ezarritako neurriak. Esate baterako:

  • 125 milimetroko kalibreko su artifizialak: jaurtitzen diren lehergailuen karkasek 125 milimetroko kalibrea izango dute gehienez.
  • Su artifizialak jaurtitzeko eremu bat mugatzea urrunago, hesiz babesturik: piroteknia-tresnak Mallonako atzealdean dagoen soropil artifizialeko futbol-zelaitik jaurtiko dira.
  • Drone bidezko aireko kontrol-zerbitzu bat erabiltzea: drone bidezko hegaldiak egingo dira, prebentzioz, suterik edo puntu berorik sortzen den detektatzeko, suak jaurtitzen diren bitartean, eta baita ondoren ere, gutxienez 30 minutuko tarte batez. Informazio guztia bideoz jasoko da, artxibatzeko edo, gorabeherarik izanez gero, kontsultatzeko.
  • Suhiltzaileen kamioi bat jartzea Itxaropen eta Epaltzaren Alargunaren kaleen inguruan.

Zerbitzu horiek guztiak Miribillako Aginte eta Koordinazio Zentro bateratuak koordinatuko ditu, Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta Babes Zibileko teknikariekin batera, eta hark ere guardia indartuko dotazioak izango ditu.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)