Biktimen Partaidetzarako Kontseiluak zehapen-araubide bat sartu nahi du Errekonozimendua eta Erreparazioa emateko Legean, eta Justizia eta Giza Eskubideen sailburua alde agertu da

Argitalpen-data: 

  • San Josek adierazi duenez, “ez da etikoki onargarria” biktimagileen irudia eta haiekin lotuta dauden sinboloak espazio publikoan agertzea 

Terrorismoaren biktimen elkarteek Terrorismoaren Biktimei Errekonozimendua eta Erreparazioa emateko 4/2008 Legearen lege-erreforma mugatu bat proposatuko diete Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeei, espazio publikoan biktimagileak goraipatzen diren kasuetarako zehapen-araubide bat sartzeko, eta Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Jose alde agertu da. Haren ustez, “ez da etikoki onargarria” biktimagileen irudia eta haiekin lotuta dauden sinboloak Euskadiko kaleetan agertzea.

Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egin duen bilera dela eta egin du gogoeta hori San Jose sailburuak. Bilera hori lehenengoa da Justizia eta Giza Eskubideen Saila zuzentzen duenetik. Sailburuak (Kontseilu horretako kide ez denak) Kontseiluko kideak agurtu ditu, eta biktimekin duen konpromisoa helarazi die. Ildo horretan, gogorarazi du erreparazio-prozesuetan "entzuteko eta laguntzeko borondate irmoa" duela, eta berretsi du Justiziaren arloa zein Giza Eskubideena dutela eskura, behar duten edozein arretatarako.

Elkarteek Legebiltzarrera Terrorismoaren Biktimei Errekonozimendua eta Erreparazioa emateko Legea erreformatzeko (eta, horren bidez, Euskadiko herri askotako jai-esparruetan egiten diren sinbolo terroristen edo biktimagileen irudien erakustaldiak zehatuko dituen araubide bat sartzeko) proposamen bat eramateko duten asmoari dagokionez, San Josek berriz adierazi du beharrezkoa dela zehapen-araubide bat izatea, Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko Legean onartutakoaren antzekoa.

Joan den ekainean kargua hartu zuenetik behin eta berriz aipatu duenez, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak uste du beharrezkoa dela urrats gehiago egitea biktimen dignifikazioan. San Joseren ustez, “ez da etikoki onargarria biktimagileen irudia eta haiekin lotuta dauden sinboloak espazio publikoan agertzea.  Ez da jarrera pasibo bat, besterik gabe, egindako krimenak eta haien egileak ez goraipatzea”.

San Joseren ustez, erabateko gizarte demokratiko batek "proaktiboa izan behar du, biktimagileen erakustaldi akritikoa espresuki arbuiatzeko eta erakustaldi hori saiheste aldera bere esku dauden bitartekoak jartzeko”. Gogorarazi duenez, gobernu-programak biktimen sentsibilitatea eta haien senideen mina urratzen duen jarduketa oro gaitzesteko berariazko konpromisoa jasotzen duela, eta biktimen aurkako iraina, umiliazioa eta berbiktimizazioa saihesteko neurriak hartzen dituela. 

 

Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 26a

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)