VG 2025 06 30
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindua, Bizkaiko Golkoan izurde arruntaren (Delphinus delphis) eta beste zetazeo txiki batzuen nahi gabeko harrapaketak murrizteko, arrantza-jarduera aldi baterako geldiarazteko laguntzak deitzeko eta laguntzen oinarriak ezartzeko denari.
Arrantza-jarduerak garatzean, noizean behin eta arrantza-aparailuaren arabera, arrantza-ontziek arrantzaren xede ez diren beste itsas espezie batzuei kalte egiten diete, baita Europako legediak kontserbatzen eta babesten dituenei ere, itsas ingurune bera partekatzen dutelako. Hori da, hain zuzen, Bizkaiko Golkoko hainbat zetazeo-espezie txikirekin gertatzen dena. Azken urteotan arreta berezia jaso dute, Frantziako kostaldean hondartze kopuruaren gorakada nabarmena hauteman delako, batez ere neguko hilabeteetan; askotan, arrantza-aparailuen ondoriozko kalteen zantzuak agertzen dira, adibidez, sareen markak gorputzean.
Agindu honen bidez, EAEko flotak arrantza-jarduera aldi baterako eten behar izatea konpentsatzeko laguntzen deialdia egiten da, Batzordearen 2024ko irailaren 30eko (EB) 2024/3089 Erregelamendu Eskuordetuan ezarritakoaren ondorioz. Erregelamendu horrek (EB) 2019/1241 Erregelamenduaren XIII. eranskina aldatzen du, eta 4. puntu berria gehitzen du: «Debekatuta dago Frantziako uretan arrantza egitea Frantziako eremu ekonomiko esklusiboaren kanpoko mugaraino, IENBren 8. azpieremuaren barruan, 2025eko urtarrilaren 22tik otsailaren 20ra bitartean, ontzian honako sare hauek daramatzaten 8 metro baino gehiagoko ontzientzat: arrantza pelagikoko sareak (PTM, OTM), bikoteko hondoko arraste-sareak (PTB), ingurasare ixtekodunak (PS), hondoko maila-sareak (GNS), tresmailak (GTR) edo maila-sare eta tresmail-sare konbinatuak (GTN)».
Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen gehieneko guztizko zenbatekoa 263.750,00 euro da. Funts horietatik 184.625 euro, hau da, % 70, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari (EIAAF) dagozkio, eta gainerako % 30, hau da, 79.125 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrari, eta 2025eko ordainketa-kredituak dira. Laguntzen zenbateko osotik 150.050 euro armadoreentzat izango dira, eta 133.7800 euro arrantzaleentzat. Deialdi honen barruan emango diren laguntzek ezingo dute gainditu aipatutako aurrekontu-zuzkidura. Horrenbestez, zenbateko oso hori agortu ondoren ez dira laguntza gehiago emango. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da inguruabar hori.
Honako hauek izan daitezke agindu honetan iragartzen diren laguntzen onuradunak: aldi baterako etenaldiak eragindako arrantza-ontzien armadoreak, Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian aktibo gisa erregistratuta badaude eta laguntza-eskaera aurkeztu aurreko bi urteetan itsasoan gutxienez 120 eguneko arrantza-jarduera gauzatu badute. Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteen eta ondasun-erkidegoen kasuan, kide guztiek sinatutako dokumentua aurkeztu beharko dute eskaera egiterakoan. Dokumentu horretan, hauek jasoko dira: kide bakoitzak bere gain hartzen duen egikaritze-konpromisoa partaidetza-ehunekoaren arabera eta elkartearen edo ondasun-erkidegoaren ordezkariaren izena.
Laguntza-eskaera aurkeztu aurreko bi urte zibiletan, gutxienez 120 egun itsasoan lan egin duten arrantzaleak, jarduera aldi baterako geldiarazi izanak eragindako arrantza-ontzietan ibili badira; eta lehenengo apartatuan jasota dauden eta aldi baterako geldialdiak eragindako arrantza-ontzi batean eskifaia-kide gisa erroldatuta dauden arrantza-ontzietako armadoreek arrantzaleentzako laguntza jasotzeko eskubidea izango dute (aurreko apartatuan jasotzen dena).
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)