Bi tresna berrik aukera ematen dute Euskal Autonomia Erkidegoko eraikin bakoitzaren diagnostiko arkitektonikoa, energetikoa eta ekonomikoa egiteko

Argitalpen-data: 


      Rehabilitacion_integral_de_edificios_en_Pasaia.jpeg
  • Opengela Ibilbide Orria eta Opengela Komunitateak bi tresna dira, Cíclica enpresak eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak (UPC) sortuak, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin
  • Metodo honekin euskal parkeko eraikin bakoitzarekin gertatuko denaren hipotesi bat landu daiteke, eta Eraikinaren Erregistro Digitalerako eta Berritze Pasaporterako funtsezko informazioa ematen du
  • Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendarako zuzendari Ana Telleriak esan duenez, “bi tresna horien helburu nagusia da etxebizitzen birgaitzean parte hartzen duten eragile guztiei erabakiak hartzen laguntzea: Administrazioa, profesionalak, sektoreko enpresak eta egoiliarrak; hauek, prozesuan inplikatzeaz gain, ahaldundu ere nahi ditugu”

Eusko Jaurlaritzak, Cíclica enpresarekin eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoarekin (UPC) lankidetzan, hiri-berrikuntzaren kudeaketa eta plangintza irauliko dituzten bi tresna aitzindari garatu ditu: Opengela Ibilbide Orria eta Opengela Komunitateak. Soluzio aurreratu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko eraikin bakoitzaren diagnostiko arkitektonikoa, energetikoa eta ekonomikoa errazten dute, eta esparru bakarra eskaintzen dute erabakiak hartzeko eta bizilagunek etxebizitzak birgaitzean parte hartzeko.

Eusko Jaurlaritzako Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendarako zuzendari Ana Telleriak nabarmendu duenez, “tresna hauek urrats erabakigarria dira Euskal Autonomia Erkidego jasangarriago eta bidezkoago baterantz”. Haren hitzetan, “etorkizunari datuetan oinarritutako plangintza sendo batekin begiratzeko aukera ematen digute, komunitate guztiek, beren tamaina edo ahultasuna edozein dela ere, aldaketarekin onura atera dezaketela ziurtatuz".

Diagnostiko integrala Opengela Ibilbide Orriarekin

Opengela Ibilbide Orria funtsezko tresna da Administrazio publikoarentzat, eta 2050era begira euskal higiezinen parkea deskarbonizatzeko ibilbide-orriak sortzeko diseinatuta dago. UBEM (Hiri Eraikinen Energia Eredua) teknologiaren bidez, lurraldeko eraikin bakoitza aztertzen du, eta lehentasunak identifikatzen ditu eraikinaren kokapenaren, eraikuntza-urtearen, portaera energetikoaren eta beste adierazle batzuen arabera, hala nola ahultasun energetikoa. Horrek aukera ematen du komunitate bakoitzerako agertoki pertsonalizatuak sortzeko eta politika publikoen eraginkortasuna ebaluatzeko, hala nola laguntzak eta dirulaguntzak.

Telleriaren hitzetan, "metodologia berri horiei esker, EAEko etxebizitza-eraikin guztien diagnostiko arkitektoniko, energetiko eta ekonomiko bat egin da, Euskal Autonomia Erkidegoko parke eraikiaren energia-efizientzia hobetzeko epe luzerako ekintza-planera lehen hurbilketa egiteko aukera eman duen ikerketaren parte gisa". Kasu honetan, hiru lurraldeetako katastroetatik bildutako datu homogeneizatuak oinarri izan dira Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen datu-base bat sortzeko.

Horrela, Ibilbide Orria tresnaren bidez, erabiltzaileak parkeko hainbat sektore aukeratu eta lehenetsi ahal izango ditu ezaugarri espezifikoen arabera: kokapen geografikoa —probintziak, udalerriak eta eremu agregatuak, barrutiak edo kaleak—, mota, eraikuntza-urtea, energia-portaera edo datu-basean sartutako aurretiko segmentazioak, adibidez, ahultasun energetikoa.

"Horri esker, agertoki desberdinak sor ditzake, eta sartutako datuen arabera, berrikuntzarako ibilbide-orri bat eskura dezake, aztertutako hautaketan kontuan hartutako eraikin guztiak —eta, azken batean, parke osoa— bilduko dituena", azaldu dute Ciclicatik.

Beraz, lortutako emaitzen bidez, sarrera-datuei —laguntzak, dirulaguntzak eta abar— lotutako politiken eraginkortasuna egiaztatu eta berretsi daiteke. Horiek egiazta daitezke, adibidez, azken errendimenduaren eta errendimendu metatuaren hobekuntzari, alderdi interesdunak kostuak denboran zehar banatzeari edo industriari egindako eskakizunei lotuta. Ondoren, parke osorako eta kontuan hartutako segmentu bakoitzerako aukerarik onenak ebalua daitezke.

Telleriaren arabera, "Ibilbide Orria tresna analisi eta plangintza estrategikorako eta agertokien modelizaziorako tresna bat da, administrazio publikoak ekuazioan sar ditzakeen aldagaiak egiaztatzeko”. Gainera, Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendarako zuzendariak gaineratu duenez, "erabilitako optimizazio-irizpideen arabera, eraikin bakoitzerako berrikuntza-ibilbide bat ere ematen du, denboran zehar esku-hartzeak antolatuz, ekonomia- eta ingurumen-balantzeekin batera, eta energia-efizientziaren gutxieneko arauetan ezarritako bilakaeraren ildotik".

Era berean, eraikin-parke osoarekin —edo parke horren segmentu batzuekin bakarrik— lan egiteak informazioa azkar ikusteko aukera ematen duten tresnak izatea eskatzen du. Agertokien emaitza sintetikoetatik haratago, eraikinen parkearen ezaugarrien banaketa geografikoaren hainbat eskalatan bistaratze zehatza eman behar da. Ildo horretan, Ibilbide Orria tresnak higiezinen parkearen bisore bat barne hartzen du; bisore horrek datuak ateratzeko aukera ematen du eta erabakiak hartzea errazten duen bistaratze oso operatiboa eskaintzen du.

 

Eraikinaren erregistro digitala eta Berritze Pasaportea

Ondorioz, parkerako —edo honen segmentu baterako— berariazko ibilbide-orri bat hautatu ondoren, eraikin bakoitzari buruzko hainbat datu eskuragarri daude. Datu horiek Eraikinaren Erregistro Digitalerako eta Berritze Pasaporterako banakako zirriborro bat ematen dute. Horrela, parkeko eraikin bakoitzaren beheranzko ikuspegia lortzen da, denboran zehar izan duen bilakaerarekin batera.

Eraikin bakoitzerako zehaztutako informazio hori proiektuen arteko sinergiak bilatzeko ere erabil daiteke. Tresnak hiri-proiektu horiek garatzeko aukera ematen du, kale, plaza edo auzo berean eraikin desberdinetan esku-hartzeak gehitzeko plangintza eginez. Hiri-eskala horretan, tresnak sortutako zirriborroetatik abiatuta, kalitate arkitektonikoko irizpideak sartzen dira energia-berrikuntzako eta hiri-berroneratzeko proiektuetan.

Auzokideen ahalduntzea Opengela Komunitateak tresnarekin

Bestalde, Opengela Komunitateak tresna jabeak eta maizterrak berritze-prozesuan inplikatzean zentratzen da. Web plataforma baten bidez, bizilagunak Eraikinaren Erregistro Digitalean eta Berritze Pasaportean sar daitezke, eta orientazio teknikoa, administratiboa, finantzarioa eta laguntza jasotzen dute. Gainera, tresna horrek komunitate ahulenak lehenesten ditu, haien behar espezifikoetara laguntza-planak egokituz trantsizio inklusiboa bermatzeko.

"Eraldaketa hau teknikoa ez ezik soziala ere izatea nahi dugu”, azaldu du Telleriak. Izan ere, Opengela Komunitateak tresnak “bizilagunak aldaketaren eragile aktibo bihurtzen laguntzen du, lehen eskuraezina zirudien prozesu batean haien parte hartzea erraztuz”, gaineratu du.

Tresna horretarako, zazpi adierazle-multzo nagusi hartzen dira kontuan. Arkitektonikoak higiezinen parkearen egungo egoerari lotuta daude. Energia- eta ekonomia-alorrekoek berritze-neurrien eragina aztertzeko aukera ematen dute. Hiru erabilera-kategoriek, eraikuntza-sistemak eta gailuek eraikinari buruzko informazio gehigarria ematen dute. Informazio hori auzo-bulegoko tokiko teknikariak hobetzen du, bizilagunaren laguntzarekin.

Eraikinaren Erregistro Digitala bistaratzeko, eraikinaren informazio zehatza duen prototipo bat, berritze- eta finantzaketa-plan bat eta erabakiak hartzen laguntzeko sistema bat erabiltzen dira. Laguntza hori modu presentzialean edo birtualean eman daiteke, eta bi dokumentu horien zirriborroa finkatzeko lanak hartzen ditu bere baitan, kasu bakoitzean behar denaren arabera.

Azken batean, tresna horiek aurrerapen teknologikoa ez ezik, Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasunarekiko eta gizarte-kohesioarekiko konpromisoa ere adierazten dute. Opengela Ibilbide Orria eta Opengela Komunitateak tresnei esker, Eusko Jaurlaritza erreferente bihurtu da hiri-berroneratzean, eta etorkizun berdeago eta bidezkoago baterako bidean aitzindari da.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)