Bengoetxea lehendakariordeak Eusko Jaurlaritzaren babesa nabarmendu du Euskal Selekzioaren bidez Euskadi mundura proiektatzeko

Argitalpen-data: 


      Euskadi_Palestina_01.jpg

Gaur goizean aurkeztu da Euskadiko Futbol Federakundean datorren azaroaren 15ean 20:30ean San Mamesen antolatu duen Euskadi – Palestina nazioarteko partidua.

Ibone Bengoetxea lehendakariordeak nabarmendu du Eusko Jaurlaritza federazioaren ondoan egon dela partida hau posible izan dadin: “Euskal Selekzioak Euskadi mundura proiektatzeko duen indarrean sinesten dugu eta pertsonak batzeko gaitasunean”.

Ekitaldian izan dira Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordea, Iker Goñi EFFko Presidentea, Nagore Eskisabel Medicos Sin Fronteras ordezkaria, Ehab Abu Jazar Palestinako hautatzailea, Aihen Muñoz Euskal Selekzioko jokalaria eta Yaser Hamed Palestinako jokalaria.

Bere hitzartzean, Bengoetxea lehendakariordeak azpimarratu du partidu hau Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko aukera izango dela: “Nazio bezala hazten jarraitzeko helburuaren baitan kokatzen dugu partidu hau. Herri bezala hazten jarraitu nahi dugu, kirolaren eta Euskal Selekzioaren bidez, bi tresna paregabe munduari erakusteko nortzuk garen euskaldunok, zein den gure identitatea eta zeintzuk diren gure herri baloreak: esfortzua, berdintasuna, jasangarritasuna, inklusioa, ondo egindako lana… eta solidaritatea”.

Izan ere, norgehiagoka honek izaera solidarioa du, Euskadiko Futbol Federazioak partidaren irabaziak Medicos Sin Fronteras erakundeari emango baitizkio. Zentzu honetan, lehendakariordeak eskerrak eman dizkio Federazioari Medicos Sin Fronteras erakundearekin duen kolaborazioagatik.

Bestalde, Euskadiko Futbol Federazioko Presidenteak, Iker Goñik, ekitaldi honen nazioarteko dimentsioa nabarmendu du: "Egun historikoa izango da euskal futbolarentzat eta munduko bakearen defentsarako".

Nagore Eskisabel Medicos Sin Fronteras-eko ordezkariak erakundearen lan humanitarioa ikusarazteko balio duen partidaren “alderdi solidarioa” gogorarazi du. Euskadi eta Palestinaren arteko topaketa, beraz, kirola, konpromisoa eta elkartasuna uztartzen dituen hitzordua izango da.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)