Barneko izapidetze-eredu berria onartu da, administrazioa arintzeko eta sinplifikatzeko helburuarekin (Gobernu Bilera 2025-05-13)

Argitalpen-data: 


      Argazkia.jpg
  • Espedienteen izapidetzea Tramitagune atariaren bidez kudeatuko dira osorik, hortaz denborak murriztu egingo dira
  • Eredu berri honekin, aurreikusten da xedapen bat egiteko prozesu osoa batez beste 9 hilabetetik 5-6 hilabetera igarotzea

Eusko Jaurlaritzak urratsak egiten jarraitzen du administrazio arinago eta eraginkorrago baten aldeko apustuan. Gaurko Gobernu Kontseiluan, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak aurkeztuta, arau-xedapen orokorrak izapidetzeko oinarrizko eredu berri bat onartu da.

Izapidetze-eredu berri hau 6/2022 Lege berrira egokitzen da, eta zenbait hobekuntza egiten ditu administrazioaren barne-prozeduran, denborak murrizteko, eskuzko kudeaketak minimizatzeko eta arau-xedapen orokorren prozesu osoa Tramitagune atarian zentralizatzeko.

Horrela, prozeduraren fase bakoitzak epe jakin batzuk izango ditu, prozesuan segurtasun juridikoarekin aurrera egin ahal izateko, izapidetzean itxaron-denborarik gabe. Gainera, funtsezko zereginak automatizatuko dira, hala nola itzulpen-zerbitzua. Aurretiazko kontsultari dagokionez, argitalpena taula elektronikoan automatikoki Tramitagunetik izango da, bikoiztasunak saihestuz eta izapideen ikusgaitasuna hobetuz. Era berean, Tramitagunen txertatuko da Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea (EGB), Lan Harremanen Kontseilua (LHK) edo Tokiko Gobernuen Batzordea bezalako organoen lana, izapidetze arin eta eraginkorragoa sortuz. Eta, azkenik, automatizatu egingo dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko argitalpenak eta Gobernu Kontseilurako bidalketa.

Kudeaketa-eredu berri honekin, instrukzio-fasearen izapideak, dekretu edo lege baten erregelamenduen kasuan, hilabete batera murriztuko dira, eta bi hilabetera, lege-proiektuen kasuan. Murrizketa horrekin, xedapen bat egiteko prozesu osoa batez beste 9 hilabetetik 5-6 hilabetera igarotzea aurreikusten da.

Administrazioa arintzea eta sinplifikatzea da Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak legegintzaldi honetarako duen ardatz estrategikoetako bat, zerbitzu publiko eraginkorrak, eskuragarriak eta efizienteak bultzatzeko eta pertsonen zerbitzura izateko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)