Barnahus, sexu-abusuen biktima izan diren adingabeei arreta integrala emateko Euskadiko lehen zerbitzua, gaur abiatuko da

Argitalpen-data: 

· Araban gaur abian jarriko den Barnahus zerbitzuak haur eta nerabeen aurkako sexu-indarkeriaren aurrean arreta homogeneoa eta koordinatua eskaintzen du, osasun, hezkuntza, gizarte, polizia eta justizia-sistemak integratuta.

· Hainbat profesionalek esku har dezaten erreferentziazko gune bat prestatu da, biktimek beren lekukotza errepikatu behar dutenean edo hainbat zerbitzuren artean mugitu behar dutenean pairatzen duten berbiktimizazioa saihesteko.

Erakunde arteko urteetako lanaren ondoren, Euskadik lehen Barnahus zerbitzua jarri du martxan Gasteizen. Hauxe, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat egiten duen mugarri bat da. Euskadiko lehen Barnahus zentroa da, sexu-indarkeriaren biktima diren ume eta nerabeak babesteko sortua, berbiktimizaziorik gabeko arreta integrala eta koordinatua eskaintzen duena.

Barnahus ("Haurtzaroaren Etxea", islandieraz) sexu-indarkeriaren biktima diren umeen arreta ulertzeko modu berri bat da: adingabearen interes gorena ardatz duen eredu bat, berriz biktimizatzea saihesten duena eta haren ongizatea lehenesten duena. Lehen aldiz, gizarte, osasun eta polizia zerbitzuek, baita zerbitzu judizialek ere, teilatu berean egiten dute lan, haurtzarora egokitutako ingurune atsegin eta seguru batean. Horrela, Europako Kontseiluak umeen eskubideak babesteko jardunbide egokitzat jotzen duen Europako estandar bat onartzen du Euskadik.

Gasteizko Barnahusa mota horretako lehenengo zentroa izango da Euskadin, Arabako adingabeak artatuko ditu eta etorkizunean beste lurralde batzuetan ezartzeko erreferentzia izango da. Abian jartzearekin batera, sexu-indarkeriaren biktima diren haurren babeserako eta laguntza osorako etapa berri bat hasiko da.

Biktimen datuak eta eraginaren aurreikuspena

Segurtasun Sailaren datuen arabera, 2020tik 2023ra bitartean 1.009 salaketa erregistratu ziren adingabeko biktimekin egindako sexu-delituengatik, eta 2020an 130 kasu izatetik 2023an 448 izatera igaro ziren. Gainera, gora egin dute neskenganako indarkeria-kasuek bikotekideen edo bikotekide ohien aldetik (% 25) eta sexu-indarkeriako delituek (% 24,2). Save the Childrenen datuen arabera, Euskadiko 5 adingabetik 1ek sexu-indarkeria jasan du.

"Barnahusek sortzen duen inpaktua oso positiboa da. Katalunian ikusi ahal izan denez, 14 Barnahus zentro daude irekita, eta eredu horrek erakundeen erantzuna hobetzen du, trauma osteko estresa murrizten du eta oinarrizko eskubideak bermatzen ditu. Barnahus ereduak adingabeen trauma murrizten du, hainbat erakunderen arteko adierazpen edo desplazamendu ugari saihesten baititu. Arreta integral eta koordinatuak erakundeen erantzuna arinagoa, eraginkorragoa eta gizatiarragoa izatea bermatzen du" azaldu du Melgosa sailburuak.

Lantaldea eta lan egiteko modua

Ekipo finko batek eta ekipo mugikor batek osatzen dute lantaldea. Alde batetik, lantalde finkoa 4 pertsonak osatzen dute: koordinatzaile batek, administrari batek, psikologo batek eta gizarte-langile batek. Bestalde, ekipo mugikorra gizarte-langileek eta psikologoek osaturiko gizarte-zerbitzuen bi binomiok osatzen dute. Pediatra batek, auzitegiko mediku batek, ginekologo batek, Ertzaintzak, fiskaltzak eta epaileek ere ekipo mugikorra osatzen dute.

Adingabeak Barnahusera Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren gizarte-zerbitzuen bidez bideratuko dira eta zentrora iristen direnean haurrei talde anitzeko hasierako harrera eta ebaluazioa egingo zaie. Era berean, zentroko psikologoarekin beren beharretara egokitutako terapia bat egiteko behar duen denbora izango dute. Era berean, Barnahusen bertan, haien osasun baldintzak behatzeko osasun-azterketa bat egin ahal izango zaie. Adingabeak prest daudenean (eta inoiz ez lehenago), haurrek gertatu zaienaren kontakizuna egingo dute psikologoarekin batera. Gertakarien berri lanbide-ingurune seguru batean eman ahal izango dute, kontakizunean sakondu beharrik gabe. Deklarazio-gelara konektatuta, ondoko gela batetik, Barnahuseko koordinatzaileak, Ertzaintzak, fiskaltzak eta mediku-taldeak zuzenean jarraituko dute adingabearen kontakizuna. Epaileak online jarraituko du, eta haur horren kontakizunak epaitegiko deklarazio baten balio judizial bera izango du. Adingabeak laguntza psikologikoa eta juridikoa jasoko du prozesu osoan zehar.


Gizarte-zerbitzuetako profesionalek, Barnahuseko langile-taldeak eta Barnahusez arduratuko diren Eusko Jaurlaritzako Haur, Nerabe eta Familien zuzendaritzako kideek prestakuntza orokorra jaso dute dagoeneko. Gaurtik aurrera, baliabide berean hasiko dira lanean, eta, aldi berean, EHUk emandako prestakuntza espezializatua jasoko dute, Save the Childrenekin lankidetzan. Era berean, egun batzuetako epean Kataluniara joango dira, Barnahusen hango esperientzia ezagutzera. Epe hori igarotakoan, 2026. urtearen hasieran, Gasteizko Barnahus berri honetan lehenengo kasuak artatzen hasiko dira.

Leku fisikoa

Espazio atsegina eta irisgarria da, polizia-etxe eta epaitegietatik urrun dagoena. Anonimatua mantentzen da eta adingabeak babesteko ez da bere kokapena ezagutzera emango. Barnahuseko ekipo finkoko kideak gaur egun hasi dira zentro berrian lanean eta dagoeneko egokituta dagoen higiezinak honako espazio hauek ditu:

- Harrera eta itxarongela zabala
- Osasun miaketarako gela
- Adingabearen ongizate pertsonalerako egokiak diren hiru terapia-gune
- Deklarazio-gela
- Deklarazio-gelaren ondoko aretoa
- Sukalde-jangela bat
- Bi komun
- Lantalde finkoarentzako lan-gela
- Ekipo mugikorrerako lan-gela
- Erakunde arteko koordinaziorako aretoa

Barnahus astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, eta sarbidea borondatezkoa, doakoa, konfidentziala eta biktimen eta haien familien duintasunarekiko errespetuzkoa izango da.

Erakundeen konpromisoak

Barnahus erakunde arteko proiektu bat da, eta administrazio bakoitzak honako erantzukizun hauek ditu:

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila: lokala hornitzea eta mantentzea, kasuen koordinazio administratiboa eta profesionalen prestakuntza espezializatuaren bermea.

Justizia eta Giza Eskubideen Saila: baliabide teknikoak eta giza baliabideak, deklarazioa baldintza seguruetan eta adingabeei egokituta hartzeko.

Hezkuntza Saila: ikastetxeetan jarduteko protokolo sektoriala onartzea, ongizate-koordinatzaileen zeregina indartzea eta antzemandako kasuak berehala babestea eta jakinaraztea.

Osasun saila eta Osakidetza: detekzio goiztiarra osasun-zentroetan, jarduteko protokolo espezifikoak, arreta guztia historia klinikoan sartzea eta sentsibilizazio- eta prestakuntza-programak.

Segurtasun saila eta Ertzaintza: sexu-indarkeriaren biktima diren adingabeak ikertzen eta babesten espezializatutako unitateak, biktimari laguntzeko protokolo espezifikoen aplikazioa.

Arabako Foru Aldundiaren erantzukizuna izango dira:

· Kasuak ikertzea, gizarte-zerbitzuekin koordinatuta.
· Erreferentziazko profesional bat izendatzea.
· Esku-hartze plan pertsonalizatuak egitea.

Gasteizko udalarena (eta etorkizunean atxikitako udalerriena):

· Oinarrizko gizarte-zerbitzuen jarduna, zuzenean esku hartzeko gaitasuna.
· Erreferentziazko profesionalak izendatzea.
· Indarkeriaren biktima diren adingabeei arreta ematen espezializatutako udaltzaingo-unitateak bultzatzea.
· Jarraipena eta ebaluazioa

Hitzarmenak Jarraipen eta Kontrolerako Batzorde Mistoa sortzea ezartzen du. Batzorde hori erakunde sinatzaile guztietako ordezkariek osatuko dute, eta gutxienez hiru hilean behin bilduko da esperientzia pilotua koordinatzeko, ebaluatzeko eta hobetzeko. Gainera, batzorde tekniko batek batera jarduteko jarraibideak prestatuko ditu eta arretaren kalitatea hobetzea proposatuko du.

Indarraldia eta balizko luzapena

Hitzarmenak bi urteko indarraldia izango du hasieran, eta beste lau urtera arte luzatu ahal izango da. Era berean, Arabako beste udalerri batzuk gehigarri baten bidez atxikitzeko aukera aurreikusten da, ereduaren irismena zabalduz.

Urrats erabakigarria haurrak eta nerabeak babesteko

Proiektu honen bidez, euskal erakundeek haurrak eta nerabeak sexu-indarkeriaren aurrean babesteko konpromisoa indartzen dute, Haur eta Nerabeen 2/2024 Legea eta 8/2021 Lege Organikoa (LOPIVI) aplikatuz.

Eredu integralaren helburua da adingabeek arreta ordenatua, koordinatua eta espezializatua jasotzeko duten eskubidea bermatzea, bigarren mailako biktimizazioa murriztea eta Euskadin erreferentziazko zerbitzu egonkor baterantz aurrera egitea.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)