Bakardadeak gizartean duen garrantzia handitzen ari da azken urteetan. Biztanleriaren osasun mentalari eta ongizate emozionalari arreta emateak osasunean eta ongizatean eragin handia duten hainbat alderdi kontuan hartzea dakar, lehen ikusezinak zirenak, eta, horien artean, nahi gabeko bakardadea aipatu behar da.
Euskadin, Eusko Jaurlaritzak bost urtean behin egiten duen Osasun Inkestak (EAEOI) bakardadeari buruz galdetu du 2018an eta 2023an egindako azken neurketetan. 2023ko inkestaren emaitzen arabera, 15 eta 29 urte bitarteko pertsonen % 7,3k diote beti edo askotan bakarrik sentitzen direla. Ehuneko horrek nabarmen egin du gora 2018an bildutakoarekin alderatuta, orduan % 1,6koa baitzen.
Euskadiko 15 urtetik gorako biztanleria osoan, beti edo askotan bakarrik sentitzen direla dioten pertsonen ehunekoa (% 5,1) txikiagoa da gazteen artean erregistratutakoa baino, nahiz eta 2018ko datuekin alderatuta ere zertxobait igo den (orduan % 3,3 zen).
2023ko datuei erreparatuta, bakarrik sentitzen direla dioten emakume gazteen portzentajea pixka bat handiagoa da bakarrik sentitzen diren gizon gazteena baino (% 8,9 eta % 5,7, hurrenez hurren). 20 eta 24 urte bitarteko adin-taldean beste adin-taldeetan baino gazte gehiagok adierazi dute beti edo askotan bakarrik sentitzen direla (% 11,0).
Bakardadearen zeharkako beste adierazle bat konfiantzazko laguntzaren gabezia da. Hori neurtzeko, Euskadiko Osasun Inkestan Duke-UNC-11 galdetegia aplikatzen dute. Galdetegi hori nazioartean balioztatutako tresna da, eta hautemandako laguntza sozial funtzionala ebaluatzeko erabiltzen da. 11 item ditu, eta konfiantzazko laguntzarik ez dagoela jotzen da lortutako puntuazioa 21 edo gutxiago denean.
Parametro horien arabera, 2023an, 15 eta 29 urte bitarteko pertsonen % 10,2k konfiantzazko laguntzaren gabezia izango luke. Ehuneko horrek ere nabarmen egin du gora 2018an erregistratutakoarekin alderatuta (% 1,6). Kasu honetan, aurreko urteetako datuak daude; zehazki, 2013an, % 6,1ekoa zen konfiantzazko laguntza falta zuten 30 urtetik beherako gazteen portzentajea, eta 2007an, % 6,0koa.
Euskadin, 15 urtetik gorako herritarren artean, % 10,7k du 2023an konfiantzazko laguntzaren gabezia, gazteen artean izandakoaren oso antzeko ehunekoa. Konfiantzazko laguntzarik eza ere handitu egin da EAEko biztanle guztien artean, 2018ko datuekin alderatuta; orduan, % 5,0koa zen.

2023an, emakume gazteek gizon gazteek baino ehuneko bi puntu gehiago dute konfiantzazko laguntzaren gabezia neurtzen duen adierazlean (% 11,3 eta % 9,1, hurrenez hurren). Gazteen adinak gora egin ahala, konfiantzazko laguntzaren gabezia dutenen ehunekoak ere gora egiten du; 15-19 urteko gazteen % 6,6 izatetik, 25-29 urteko gazteen % 13,1 izatera pasatzen da.

"Osasuna eta ongizatea" Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren hirugarren helburua da.


