Azken egunak Eraikal Euskadiko bizitegi-eraikuntzaren sektoreko berrikuntza-programan proposamenak aurkezteko

Argitalpen-data: 

Fachada_edificio.JPG
  • Bizitegi-eraikuntzaren arloan kalitatea eta berrikuntza sustatzera bideratua, Eraikalek, 2026ko deialdian, 2,2 milioi euroko zuzkidura globala du, eta ekimen bakoitzeko 150.000 eurorainoko laguntzak emango ditu
  • Laguntzak eraikuntzaren sektoreko enpresei, arkitektura eta ingeniaritza ikasketei, klusterrei, entitate teknologikoei eta sektoreko profesionalei zuzenduta daude, betiere Euskadin kokatuta badaude edo diruz lagundutako jarduera lurraldean garatzen badute

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du datorren astelehenean, 22an, Eraikal programaren 2026rako deialdi berrirako proposamenak aurkezteko epea bukatzen dela. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Etxebizitza Sailburuordetzak sustatu du. Helburua da Euskadiko bizitegi-eraikuntzaren sektorearen kalitatea, jasangarritasuna eta berrikuntzarako gaitasuna hobetzen jarraitzea. Hamabost urte baino gehiagoko ibilbidea du programak, eta sektoreko eragileen artean oso hedatuta dago. Edizio honetan, industrializazioari ematen dion babesa indartu du programak, eta irisgarritasunean oinarritutako ildo berri bat gehitu du; guztira, 2,2 milioi euroko aurrekontua du.

Laguntzak eraikuntzaren sektoreko enpresei, arkitektura eta ingeniaritza ikasketei, klusterrei, entitate teknologikoei eta sektoreko profesionalei zuzenduta daude, betiere Euskadin kokatuta badaude edo diruz lagundutako jarduera lurraldean garatzen badute, egoitza soziala edo establezimendu fisikoa edozein dela ere, baina proiektuak zuzeneko eragin ekonomikoa badu Euskadin.

Azken legealdietan, Eraikal ekimenaren irismena handituz joan da, eta estrategikotzat jotzen diren eremuak txertatu ditu —hala nola bizigarritasuna eta ziurtapen jasangarria— eta zenbait estandar eta metodologia integratu, hala nola Passivhaus, BREEAM, LEAN Construction, ISO edo BIM. 2021-2023 Etxebizitza Gida Planaren esparruan programak urrats erabakigarria eman zuen: lehen aldiz txertatu zuen industrializazioari buruzko ildo espezifiko bat, eta 150.000 eurorainoko laguntzak eman zituen ikerketa-proiektuetarako eta prototipoak garatzeko. Ildo horretan erreferentziazko proiektuak sortu dira, hala nola Kabian edo Indushousen bainu modulu industrializatuak, dagoeneko etxebizitza publikoen sustapenetan erabiltzen direnak, Zarauzko Salberdinen esaterako.

Ildo horrek arrakasta izan duela eta sektorea modernizatzeko eragin positiboa izan duela egiaztatu ondoren, 2026ko deialdiak nabarmen indartzen du industrializaziorako laguntza, aurrekontua bikoiztuta (600.000 milioi eurotik 1,2 milioi eurora pasatu da). Gainera, proiektu bakoitzeko 150.000 eurorainoko laguntzei eutsiko zaie, eraikuntza-sistema eraginkorrago, jasangarriago, seguruago eta lehiakorragoen aldeko apustua indartuta.

Gainera, Denis Itxaso sailburuak duela hilabete batzuk Donostian egindako ‘Euskadi Irisgarria. Denok batera’ jardunaldian iragarri zuen bezala, Eraikalek VI. lerro berri bat txertatu du, irisgarritasunean berrikuntza berariaz sustatzeko asmoz. Lerro horrek 480.000 euroko zuzkidura izango du, eta eraikuntza-irtenbideak, prototipoak, tresna teknologikoak eta azterketak bultzatzea izango du helburu, denentzat erabat irisgarriak eta egokituak diren etxebizitza eta eraikinetarantz aurrera egiten laguntzeko.

 

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)