- Azaroaren 27an, Leitzako Herri Aretoan ospatu da Arnasetik lehiaketaren IV.edizioko sari banaketa ekitaldia.
- Aretoa bete dute 200 finalista, parte hartzaile eta ikuslek baino gehiagok. Bost sari banatu dira: kategoria bakoitzeko bat (LH 5-6, DBH 1-2 eta DBH 3-4 kategoriak), publikoaren saria eta Leitzako Udalaren Saria.
- Arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten 6 ikastetxetako lanak izan dira finalistak: Anoeta, Doneztebe, Errezil, Gernika, Ispaster, Markina- Xemein.
- Sariak Baliarrain, Berriatua, Leitza eta Mutrikuko ikasleentzat izan dira.
Arnasetik bideosormen lehiaketaren laugarren edizioari amaiera borobila eman zaio azaroaren 27an, Leitzako Herri Aretoan ospatutako sari banaketa ekitaldiarekin. Arnasetik, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako Arnasa Gara ekimenaren barruan kokatzen da eta euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburua du. Arnasa Gara proiektuaren xedea euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea da, euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.
Sari banaketa jendetsua
200 pertsona baino gehiagok bete dute aretoa Arnasetik lehiaketaren sari banaketan. Maria Blanco eta Malen Altunak gidatutako ekitaldian, UEMA, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Leitzako Udalaren ordezkariek guztira bost sari banatu dituzte. Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lanik onenak, 500 euroko saria jaso du (guztira hiru). Horrez gain, balio bereko publikoaren saria ere banatu da, bozketa bidez hautatua. Leitzako Udalak, gainera, herriko lan bat ere saritu nahi izan du oroigarri batekin.
Kategoria bakoitzeko bideo onenaren sariei dagokienez, LH 5-6 kategorian, David Anaut, UEMAko zuzendaritza batzordeko kidearen eskutik, Ikaztegietako Herri Eskolako ikasleek jaso dute saria “Atzo eta Gaur Baliarrain-Ikaztegieta” bideoagatik.
DBH 1-2 kategorian, Javi Arakama, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea, Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen eskutik, Mutriku BHI-ko ikasleek jaso dute saria “Mutriku Arnasetik” bideoagatik.
DBH 3-4 kategorian, Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen eskutik, Amazabal BHI ikastetxeko ikasleek jaso dute saria “Leitza Herrimina” lanagatik.
Publikoak bozka bidez hautatutako bideo onenaren saria, berriz, Berriatua Herri Eskolako ikasleek irabazi dute “Erberako ume zapuk” bideoari esker.
Azkenik, Leitzako Udalaren saria Amazabal BHI-ko ikasleek jaso dute “Euskara Arnastuz” lanagatik. Saria Maider Amantegi, leitzako udal zinegotziak banatu die.
Sari hauek, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak, ikas bidaian edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko bonuak dira.
2025eko edizioan 205 lan jaso dira eta publikoaren saria hautatzeko bozketa-epea 3.580 bozka baino gehiagorekin itxi da. Lehiaketan arnasguneetan dauden ikastetxeez gain, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeek ere hartu dute parte. Hala, Euskal Herri osoko 35 udalerri inguruko ikasleek hartu dute parte lehiaketan. Zehazki:
|
Anoeta |
Bergara |
Gernika-Lumo |
Ispaster |
Oñati |
||
|
Arbizu |
Bermeo |
Hernani |
Lakuntza |
Ondarroa |
||
|
Areso |
Berriatua |
Hondarribia |
Leitza |
Orio |
||
|
Aulesti |
Deba |
Ibarra |
Lekeitio |
Urdazubi |
||
|
Azkoitia |
Doneztebe |
Igantzi |
Lesaka |
Zarautz |
||
|
Azpeitia |
Errezil |
Ikaztegieta |
Markina Xemein |
Zestoa |
||
|
Baliarrain |
Etxarri Aranatz |
Irura |
Mutriku |
Zornotza |
||
Arnasa Gara proiektua eta arnasguneak
Arnasetik bideo lehiaketa Arnasa Gara proiektuaren barruan kokatzen da. UEMA, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak sustatutako proiektua da eta xedetzat du arnasgune diren udalerriei dagokien aitortza egitea eta bertako herritarrak ahalduntzea. Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena. Arnasa Gara kanpainak balioan jarri nahi ditu herriok, eta errekonozimendua adierazi nahi die urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik.
Eguneroko mintzajardun arruntetan bertakoen artean euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak (auzoa, herria, eskualdea, harana…) dira arnasguneak. Arnasguneetan euskara belaunez belaun transmititzen ohi da familia gehienetan (gurasoen eta haurren artean); eta euskaraz mintzatzeko arau sozialak du indarra. Bertako herritarrak ahalduntzea da proiektuaren helburuetako bat euskaldun ahaldunduak dauden lekuetan euskararen aldeko arau soziala aldatzea askoz zailagoa izango delako.
Arnasguneak balioan jartzea bereziki garrantzitsua da euskararen alde egiten duten lanagatik. Izan ere, Edozein hizkuntza gutxituren indarberritze prozesuan hiztun dentsitate handiko guneek, euskararen kasuan arnasgune deitu direnek, izaera berezitua dute, eta ekarpen esanguratsua egiten diote indarberritzen ari den hizkuntzari. Era berean, arnasguneetako pertsonek gainerakoak euskaraz hitz egiten jartzeko badute gaitasuna. Beraz, arnasguneetako biztanleen hizkuntza-ohiturek badaukate garrantzia berezia.
Kasu honetan, Arnasetik lehiaketak arnasguneetako gazteengan jarri nahi du arreta, haien hizkuntza-ohituren inguruan hausnarketa eragiteko. Horregatik, Arnasetik lehiaketa arnasguneetan bizi diren ikasleei zuzenduta dago (LH 5-6 eta DBH 1-2-3-4ko ikasleak). Egia da, arnasgune asko udalerri txikiak direla, eta maiz, ikasle askok udalerri handiagoetara jo behar izaten dutela ikasketekin jarraitzeko. Horregatik, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten zenbait ikastetxek ere parte hartu dute, batez ere eskualde-buruetako ikastetxeek. Arnasguneentzat garrantzitsuak dira ere eskualde-buruak, udalerri hauetan arreta berezia jartzea ezinbestekoa baita euskarak duen nagusitasuna bermatzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)