Gobernu Kontseiluak kudeaketa-gomendio bat onartu du gaur, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) artean, Ertzaintzaren lehen eta bigarren hizkuntza-eskakizunetan hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak egiteko eta Oinarrizko Eskalako agenteen kategorian sartzeko ikastaroko ikasleei euskara emateko.
Akordio horrek 1,1 milioi euroko aurrekontua du 2025eko ekitaldirako. Gobernu Kontseiluak gaur onartutako akordioaren bidez, HABEk, besteak beste, honako eginkizun hauek hartuko ditu bere gain:
- Ertzaintzaren lehenengo eta bigarren hizkuntza-eskakizunetan hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak ematea Arkauteko, Erandioko, Oiartzungo eta Iurretako zentroetan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak edo Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzak izendatzen dituen ikasleei, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Oinarrizko Eskalako agenteen kategorian sartzeko ikastaroetako ikasleei ere.
- Ematen diren ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen asistentziaren ebaluazioa eta jarraipena.
Gaur onartutako kudeaketa-gomendioa 2025eko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta urtero luzatu ahal izango da, gehienez ere lau urtez, bi aldeak ados badaude.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)