Antzuola Lagunkoia: hamar urteko bideari aitortza

Argitalpen-data: 

Antzuola Lagunkoia egitasmoak bere hamargarren urteurrena ospatu du ekitaldi hunkigarri batean, Torresoroako areto nagusian. Bertan 50 lagun inguruk hartu zuten parte, eta azken hamar urteotan herria lagunkoiagoa egiteko egindako lana balioan jarri zen, bai eta herritarren konpromisoa ere.

Ekitaldiari hasiera eman zion Antzuolako alkateak, Olatz Lezetak, eta herritarren parte-hartzearen garrantzia azpimarratu zuen: “Herritarren inplikazioa funtsezkoa da herria hobetzeko. Bakardadea, osasuna edo irisgarritasuna bezalako gaiak kontzientziaz aztertu behar dira, eta ikuspegi hori herritarrengandik jasotzea da udalaren jardunaren oinarrietako bat.”

Ondoren, taldeko arduradunak azken hamar urteetako ibilbidearen balantzea aurkeztu zuen. Arlo askotan lortutako aurrerapenak nabarmendu zituen, herritarren lan etengabe eta elkarlanari esker. Antzuola Lagunkoiak argi erakutsi du herri mailako ekimenek benetako eragina izan dezaketela bizilagunen bizi-kalitatean, batez ere adineko pertsonen kasuan.

Taldeak haratago jo du eta inguruko udalerriekin –Eskoriatza, Arrasate eta Bergara– lankidetzan aritu da, mugikortasuna eta uraren kudeaketa bezalako gaietan. Lankidetza hauek eskualdeko sare-lana sendotu dute eta Lagunkoia sareko taldeek elkarrekin ikasteko aukera eman dute.

Era berean, Gipuzkoa Lagunkoia eta Euskadi Lagunkoia ekimenek antolatutako jardueretan parte hartzen jarraitu dute, eta ikuspegi belaunaldiartekoa landu dute udalarekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean. Horrela, balioen transmisioa eta parte-hartze soziala belaunaldi gazteenengana ere iritsi dira.

Ekitaldian, gizarte zerbitzuen egoeraren inguruko gogoeta ere egin zen, adinekoek dituzten beharrei erantzuten dieten aztertzeko. Gainera, herria garbi mantentzeko ez ezik ez zikintzeko ardura partekatuaren kultura sustatzen duen proiektu bat ere nabarmendu zen. Horretarako, herritarren inplikazioa ezinbestekoa dela azpimarratu zen.

Parte-hartzaileei eskertza moduan bertso eta dedikazio bana banatu zitzaien, azken hamarkadan egindako lanari eta konpromisoari aitortza eginez.

Ekitaldian izan zen Andrea Pozo, Matia Institutuko ikertzailea, eta Euskadi Lagunkoiaren izenean zoriondu zuen Antzuola Lagunkoia, adinekoen bizitza aktiboaren eta komunitatearen kohesioaren alde egindako ekarpenagatik.

Halaber, taldeko kideen testigantzak jasotzen zituen bideo bat proiektatu zen, non bakoitzak egitasmoan izandako esperientzia partekatu zuen. Lan isil eta eguneroko horrek komunitatean izan duen eragin sakona azpimarratu zuten.

Ekitaldiari amaiera umoretsua eman zion Virginia Imazek. Barrea, jakinduria eta emozioa uztartuta, jakin-mina, irudimena eta umorea bizitzako etapa guztietan zaintzearen garrantziaz hitz egin zuen.

Ekitaldi honek erakutsi du Antzuola Lagunkoiak bizikidetza errespetuz, elkarlanaz eta hobekuntza jarraituaz ulertzen duen eredua bizirik dagoela. Hamar urteko ibilbide honek komunitate solidario, bidezko eta iraunkor baterako oinarriak jarri ditu.