- Murrizketak 2026ko otsailera arte egongo dira indarrean.
- Foru Aldundiek salbuespen gisa ekitaldi jakin batzuk baimendu ahal
izango dituzte.
Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Agindu berri bat onartu du, Dermatosi Nodular Kutsakorraren (DNK) aurrean hartu beharreko kautelazko neurriak indartzeko.
Azken datu epidemiologikoen arabera, Katalunian ez da gaixotasunaren foku berririk jakinarazi, baina Frantzian foku berriak atzeman dira Aude, Garona Garaia, Gers eta Pirinio Atlantikoak departamentuetan. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jo du neurriak areagotzea eta prebentzio-neurri osagarriak hartzea Euskadiko abeltzaintza-ustiategiak babesteko.
Aginduak, lehenik eta behin, animaliak dituzten feriak, lehiaketak, erakustaldiak, azokak, erromeriak, herri kirolak eta aldi baterako izaera duen beste edozein ekitaldi bertan behera uzten ditu, gaixotasunaren transmisioa erraztu dezaketen animalien pilaketak saihesteko helburuarekin.
Hala ere, Foru Aldundiek salbuespen gisa espezie sentikorrak ez diren animalien presentzia duten zenbait ekitaldi baimendu ahal izango dituzte, betiere dagokion abeltzaintza-zerbitzuak balioztatutako desinfekzio- eta desintsektazio-plan sanitario espezifiko baten arabera egiten badira.
Abereen mugimenduei dagokienez, biosegurtasun-baldintzak indartzen dira. Animaliak garraiatzen dituzten ibilgailu guztiek garbiketa- eta desinfekzioziurtagiria eta desintsektazioari buruzko erantzukizunpeko adierazpena eraman beharko dituzte. Gainera, garraiatutako animaliak desintsektatzea ere derrigorrezkoa izango da, zuzenean hiltegira doazen mugimenduetan izan ezik.
Aginduak debekatu egiten du DNKren aurrean murriztutzat jotako eremuetan kokatutako ustiategietatik datozen animaliak Euskadin sartzea, salbu eta indarrean dagoen Europako araudiaren arabera txertatutako animaliak badira.
Era berean, autonomia-erkidegotik kanpotik datozen eta Euskadiko ustiategietan sartzen diren behiek eta beste espezie sentikorretako animaliek gutxienez 28 eguneko zaintza eta kontrol-neurriak bete beharko dituzte, diagnostikoprobak
egitea barne. Denbora horretan, animaliak desintsektatuta mantendu beharko dira, eta ustiategi hartzaileak kautelaz immobilizatuta gera daitezke, bertan dauden animalia sentikor guztiei eraginez.
Aginduan jasotako murrizketak 2026ko otsailaren 26ra arte egongo dira indarrean, eta Dermatosi Nodular Kutsakorraren bilakaera epidemiologikoaren arabera luzatu ahal izango dira. Sailak gogorarazten du neurri horiek ez betetzeak zehapenak ekar ditzakeela animalien osasunari buruzko indarreko araudiaren arabera.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)