- Gauza bera erabakitzen ari dira Europar Batasuneko erakundeak, “abeltzaintzarentzat mehatxu bat delako”.
- Emandako 259 botoetatik 156k eskatu dute sailkapenaren aldaketa, eta 92k baztertu egin dute eta 11 abstenitu egin dira
Vitoria-Gasteiz/Madril, 2025 03 12
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua pozik agertu da otsoa babes bereziko espezieen LESPRE zerrendatik kanpora uzteko Senatuak hartutako erabakiarekin. Gauza bera erabakitzen ari dira Europar Batasuneko erakundeak, “abeltzaintzarentzat mehatxu bat delako”. Emandako 259 botoetatik 156k eskatu dute sailkapenaren aldaketa, eta 92k baztertu egin dute eta 11 abstenitu egin dira.
Orain dela hilabete batzuk, Amaia Barredok, euskal abeltzainen eta nekazarien kolektiboak bezala, otsoaren estatusa aldatzeko eskaera egin zien Sara Aagesen Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko eta Erronka Demografikoko ministroari eta Luis Planas Nekazaritzako ministroari, Europako komisarioaren eta Teresa Riberaren aurrean egin zuen bezala.
Barredok adierazi zuen oso kezkatuta zegoela “otsoen erasoek Euskal Autonomia Erkidegoko leku jakin batzuetan eragindako egoerarengatik, kalte iraunkorra eta konponezina eragiten ari baitira gure abeltzaintza-ustiategietan, gure inguruko autonomia-erkidegoetan taldeak finkatzen eta mugitzen ari direlako”.
Barredo sailburua aspalditik ari da eskatzen beharrezkoa dela “espezie hori Espainiako Gobernuak onartutako eta 2021eko irailean ofizialdutako Babes Bereziko Erregimeneko Espezieen Zerrendatik kanpora uztea, aipatutako data baino lehenagoko babes-egoerara itzuliz. Badaude espezie hori babesteko eta mantentzeko moduak, baina, batez ere, abeltzainei eta haien abereei kalteak eragitea eta arriskua sortzea saihestu behar da”.
Amaia Barredok antolamendu-alternatiben txostena bidali zuen hainbat ministeriotara, eta bertan ondorioztatzen da “otsoa Babes Bereziko Basa Espezieen Zerrendan sartzea ez dela beharrezkoa espeziea behar bezala babesteko, eta, gainera, epe luzera, kaltegarria ere izango dela, dagoeneko egiaztatzen ari den bezala, eta batez ere Bernako Konbentzioaren akordioak gainbegiratzeaz arduratzen den batzorde iraunkorrak otsoaren babes-maila jaisteko Europar Batasunak egindako proposamena berriki onartu ondoren, “zorrotz babestutako” espeziea izatetik “babestutako” espeziearen estatusera pasatuz”.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi zuenez, Bernako Konbentzioaren batzorde iraunkorrak hartutako erabakia “garrantzitsua” da, eta espeziea babestearen eta landa-inguruneko bizimoduak babestearen artean “ikuspegi orekatua” izateko beharrari erantzuten dio.
Orain EBk habitatei buruzko Europako zuzentarauaren eranskinak egokitu ahal izango ditu. Europako Batzordeak jakitera eman zuen berariazko lege-aldaketa bat proposatuko duela horretarako, eta, ohi bezala, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak onartu beharko dute. Aldaketa horrek malgutasun handiagoa emango die estatu kideei otsoen tokiko populazioak kudeatzeko, Europako Gobernuaren arabera.
Estefanía Beltrán de Heredia Arabako senatariak ere ganaduaren aurkako erasoek gora egin dutela ohartarazi du gaur arratsaldean Goi Ganberan, eta mendiko abeltzaintzak biodibertsitatea mantentzeko, basoko suteak prebenitzeko eta landako biztanleria finkatzeko egiten duen ekarpena defendatu du.
“Euskal administrazioek, sektorearekin lankidetza estuan garatu duten plan pilotuak prebentzio-neurri berriak jasotzen ditu eta lehendik dauden laguntza-lerroak ezartzen ditu, besteak beste, kalte-galeren ordainak eta mastinak eta lepoko digitalak erosteko edo zaintzako artzainak kontratatzeko laguntzak”, aipatu du gaur arratsaldeko osoko bilkuran.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)