- Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak Euskadiko Nekazaritza Sektoreko Belaunaldi Erreleborako Estrategia Integrala aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean
- “Ideiak, prestakuntza, jasangarritasun-sentsibilitatea eta berritzeko gogoa duten nekazari eta baserritaren belaunaldi berri baten sarrerako atea”
- Estrategiak egungo joera irauliko du, bere zazpi eremuetan, ikuspegi integral batetik
- Hamarkada bateko ikuspegia du, datozen hamar urteetan sektorean 1.250 gazte sartzeko eta erreleboa behar duten ustiategien % 85ek jarraipena lortzea ziurtatzeko
- Ustiategien titularrek batez beste 58 urtetik gora dituzte, eta % 30ek baino gehiagok 65 urtetik gora
- Titularren % 10ek 40 urte baino gutxiago dituzte; Euskadin erretiroa hartuta duten edo erretiroa laster hartuko duten pertsonek kudeatutako 1.500 ustiategi bideragarri daude; horietako 750 inguruk ez dute erreleboa identifikatuta
- Azken zazpi urteetan, urtean 55 gazte inguruk osatu dute sarrera arrakastaz
VG 2025 06 25
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren ustez, “lehen sektoreko belaunaldi-erreleboa aukera bat da gure gazteentzat, ezagutza handiagoaren eta teknologia berrien laguntzaz, etorkizun-ikuspegi zabaleko bizimodu jasangarriagoa, bikaina, aurkitu baitezakete bertan”. Sailburuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek garatutako Euskadiko Nekazaritza Sektoreko Belaunaldi Erreleborako Estrategia Integrala.
Sailburuak adierazi duenez, bere Sailean landu den estrategiak “egiturazko errealitate bati erantzuten dio: gure lehen sektoreko belaunaldien arteko erreleborik ezari”. Estrategia apirilean aurkeztu zen Nekazaritza eta Elikadura Kontseiluan, eta orain dela egun batzuk behin betiko onartu zen, Kontseiluko kideen ekarpenak jaso ondoren, Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapen Politikako Batzordean.
“Agerikoa da Euskadiko nekazaritza-sektorea zahartzen ari dela, Europako landa-eremu gehienetakoa bezala. Ustiategien titularrek batez beste 58 urtetik gora dituzte, eta % 30ek baino gehiagok 65 urtetik gora. Aitzitik, titularren % 10 baino ez dira 40 urtetik beherakoak”, adierazi du Amaia Barredok.
Euskadin erretiroa hartuta duten edo erretiroa laster hartuko duten pertsonek kudeatutako 1.500 ustiategi bideragarri daude, eta horietako 750ek ez dute erreleboa identifikatuta. Aitzitik, azken zazpi urteetan, urtean 55 gazte ingururen sarrera osatu da arrakastaz.
Beharra
Amaia Barredoren ustez, “belaunaldien arteko erreleboaren falta horrek ondorioak ditu; izan ere, ekoizpen-ehuna galtzen da eta ustiategiak eta enpresak ixten dira, eta horrekin enplegua, jarduera ekonomikoa eta, kasu askotan, biztanleria galtzen da landa-ingurunean, elikadura-subiranotasunaz murriztuz”.
“Horrek ondo asko ezagutzen dugun egoera batera garamatza: landa-eremuan gazteak gutxitzeak berrikuntza gutxitzea, inbertsioak behera egitea, zahartzea eta landa-inguruneko biztanleria murriztea dakar, eta, horrekin, landa-inguruneak bizitzeko aukera gisa erakargarria izateari uztea. Horrek arriskuan jartzen du nekazaritzako eta abeltzaintzako egituraren jarraipena, eta ondorioak ditu lurralde-orekan, elikagaien ekoizpenean eta gure paisaiak eta ekosistemak mantentzean. Zerbait egiten ez bagenuen, ekoizpen-unitateak, kultura, paisaia, lurralde-kohesioa eta guretzat elikagaiak hornitzeko aukera galtzeko arriskua genuen”, azpimarratu du Barredo sailburuak.
Amaia Barredo jabetzen da sektorean sartu nahi duten gazteek oztopo handiak dituztela: “zailtasunak dituzte lurra eskuratzeko, finantzazioa lortzeko, ustiategi bideragarriak aurkitzeko edo laguntza tekniko egokia izateko. Baina, era berean uste dugu lehen sektorea etorkizuna duen sektorea dela, gure herriko elikagaien segurtasunerako lehentasunezko sektore estrategikoa, eta aukera handiak eskaintzen dituela”.
Belaunaldi berria
“Belaunaldien arteko erreleboak ideiak, prestakuntza, jasangarritasun-sentsibilitatea eta berritzeko gogoa duten nekazari eta baserritaren belaunaldi berri baten sarrerako atea izan behar du. Euskadiko etorkizuneko nekazaritza-ereduak beste era batera posizionatzea eskatzen zuen, eta horixe egiten ari gara, eta harrotasun profesionala, errentagarritasuna eta lurraldearekiko konpromisoa dira apustua”, erantsi du Barredok.
Amaia Barredok adierazi du asmoa dela “prestatutako gazteak, profesionalak, gure herriko beste sektore batzuetan lan egiten dutenen antzeko bizi-baldintzak dituztenak, sartzea. Euskal gazteria berri honek, Europa aurreratuenekoak bezala, eraikiko du gure lehen sektorearen etorkizuna, berrituz eta gure gizartearentzat bere biziraupena ziurtatuz”.
Euskadiko nekazaritzaren arduradun instituzional nagusiak azaldu duenez, “Estrategiak legealdian eta sektoreko eragileekin hartutako konpromiso politikoari erantzuten dio. Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek, HAZI Fundazioaren laguntza teknikoarekin, lehentasun partekatua bihurtu dugu belaunaldi-erreleboa, helburuak, baliabideak eta konpromisoak lerrokatuz”, gaineratu du sailburuak.
Estrategiaren edukiaren alderdirik aipagarrienen artean nabarmentzen da “prozesu ireki eta dinamiko gisa sortu” dela, “funtzionalki eta aurrekontuaren ikuspegitik 10 urteko horizontea du, eta 25 milioi eurotik gorako hasierako zuzkidura konprometitzen dugu legealdi honetako 2025-2028 aldirako”.
“Hamarkada bateko ikuspegia du, etengabeko egiturazko aldaketak egiteko, eta bi helbururekin: datozen hamar urteetan sektorean 1.250 gazte sartzea eta erreleboa behar duten ustiategien % 85ek gutxienez jarraipena lortzea”, zehaztu du Barredok. Estrategiak 8 lan-eremutan jarduten du, 22 jarduera edo ekintza zehatzekin, eta neurri berriak hartzeko irekita dago “egokitzeko eta denboran hazteko”.
Eremuak
Lehenengo lan-eremuaren, arau-esparruaren, barruan, gazteak nekazaritza-sektorean sartzea arautzen duen arau-eskema eguneratuko da, eta Nekazari Gazteen Estatutua Estrategian jasotako figura eta jarduera berrietara egokituko da; era berean, etorkizuneko NPBren barruan nekazari aktiboaren kontzeptua birformulatzeko lan egingo da, eta erreleboa errazteko eta sustatzeko laguntza espezifikoak arautuko dira.
Bigarren lan-eremua nekazaritza-sektorearen balorizazioarena da, eta asmoa da gizarteak sektoreaz duen pertzepzioa, barnekoa nahiz kanpokoa, hobetzea eta sektoreko kide izatearen harrotasuna sustatzea. Estrategiaren hirugarren lan-eremua gazteak sektorera hurbiltzeko da, eta helburua da benetako zubiak sortzea gazteen eta nekazaritzaren munduaren artean.
Estrategiaren laugarren ardatza, gazteak erreleboa behar duten ustiategietara iristea, gauzatzeko bitartekaritza-bulegoak sortuko dira foru-lurralde bakoitzean. Bosgarren jarduera-eremuaren barruan, ezarpenean laguntzeko, alegia, ezarpenerako laguntzen programa, Gaztenek, indartuko da, eta gazteen prestakuntza-eskakizunak eta enpresa-planei eska dakizkiekeen errentagarritasun-eskakizunak areagotuko dira, haien monitorizazioa eta tutoretza eta aholkularitza teknikoa indartuz, edo sartzeko prozesuan dauden gazteen sareko lana sartuz.
Estrategiaren seigarren eremuari, finantzazioa eskuratzeari buruzkoari, dagokionez, gazteen esku SENDOTU finantza-tresna jarriko da instalazio-beharrei erantzuteko, eta abal publikoek gazteei maileguak baldintza onetan lortzen lagunduko diete, abian jartzeko hasierako inbertsioei ekin ahal izateko.
Zazpigarren jarduera-ardatza, prestakuntza eta aholkularitza, sektorea profesionalizatzeko oinarrizko beste lan-ildo bat da, sektorearen aldeko apustua egiten duten gazteek enpresa-jarduera arrakasta-berme osoz gara dezaten. Asmoa da programa datorren ikasturtean ezarri ahal izatea.
“Estrategia hau –esan du Amaia Barrredok legebiltzar-batzordean egin duen esku-hartzea amaitzeko– herrialde-politika eta gizarte-ekintzarako deia da. Gure paisaiaren aniztasuna zaintzeaz ari gara, eta gure herriak bizirik mantentzeaz, kalitatezko eta hurbileko elikagaiak ziurtatzeaz eta belaunaldi berriei landan proiektu profesional duina eta bideragarria eskaintzeaz. Estrategia honen bidez, eta erakundeek eta sektoreko eragileek elkarrekin lan eginda, gure lehen sektorearen zahartze-egoera honi buelta eman ahal izango diogu; izan ere, ongi kudeatzen bada, hazteko etorkizun oparoa du”.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)