Alberto Martínez: "Euskal Osasun Sistema Europako publikoena da"

Argitalpen-data: 

  • Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Osasun Mahaiaren bederatzigarren bileraren bezperan, ziur agertu da itun bat egongo dela, "gero eta hurbilago gaude eta hilabete honetan izango dela uste dugu".
  • Gaur goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketan adierazi duenez, Mahaikideek izendatutako profesionalak eta pazienteak ildo estrategikoak garatzen ari dira, eta iristen ari direla adostasunetara, baita aho batez onartzera ere. “Horregatik, itun global bat lortuko dugula espero dugu”
  • Martinezek, elkarrizketan, adierazi du Osasun Sailak eta Osakidetzak konpromisoa hartu dutela Tolosan oheak dituen ospitale publiko bat egiteko, “laster bilduko gara zonaldeko alkateekin, proiektua aurkezteko”.

Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak esan du Osakidetza, Euskal Osasun Sistema, “Europako publikoena” dela; % 5,6ko lankidetza publiko-pribatua du, Europako baxuena, hala gure osasun-sistema publikoa indartzeko aukera dugu. “Helburua da osasun-laguntza publikoa izatea. Lankidetza publiko-pribatua badago, hala agertzen da Osasun Itunaren Mahaian adostutako diagnostikoan; helburua da lankidetza mota horrek % 6ko muga ez gainditzea eta zorrotza, gardena, balioa ematen duena, justifikatua eta kontrolatzeko modukoa izatea”, adierazi du Osasuneko sailburuak gaur goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketan.

Bihar Gasteizen egingo den Osasun Itunaren bederatzigarren bileraren bezperan, sailburua ziur agertu da Itun bat egongo dela, “gero eta hurbilago gaude, eta hilabete honetan izango dela uste dugu”. Ildo horretan, azpimarratu du azken zati honetan "konpromisoaren beldurra" ager daitekeela eragile batzuengan, baina gogorarazi du “Ituna akordio bat da, eta guztiok laga behar dugu zerbait, osasunari buruzko ikuspegi bateratua lortzeko”.

Hala, Alberto Martínez sailburuak azpimarratu duenez, Mahaikide bakoitzak izendatutako profesionalak eta pazienteak  oso modu konprometituan ari dira lanean, eta adostasunetara iristen ari dira, baita aho batez onartzera ere. “Horregatik, itun global bat lortuko dugula uste dugu; izan ere, profesionalek eta pazienteek adostasun oso zabalak lortzen badituzte, baita aho batez onartzea ere, ziur gaude itun batera iritsiko garela”, esan du.

Ildo horretan, tresna bera nabarmendu du Osasuneko sailburuak: Osasun Ituna. Osasunaren inguruan hitz egiteko hainbat arlotako eragileak elkartzea lortu du tresna horrek, “elkartzea bera arrakasta da”. Eta profesionalen eta pazienteen parte-hartzeaz adierazi duenez, “ez zaie bakarrik profesionalei entzun; gainera, estatu osoan gertatu ez bezala, pazienteen ahotsa ere entzun da”. Zorroztasun handiz parte hartu dute paziente horiek”, sailburuaren hitzetan.

Bestalde, Tolosaldeako egungo egoeraren inguruan galdetuta, Osasuneko sailburuak adierazi du Osasun Sailak eta Osakidentzak konpromisoa hartu dutela Tolosan oheak dituen ospitale publiko bat egiteko eta azaldu duenez, konpontzen ari diren udal mailako hirigintza-arazoren bat bazegoen ere, laster elkartuko dira inguruko alkateekin, proiektua aurkezteko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)